Hamaika aditz goruntz jotzeko
Inor ez da harrituko euskara batua saski-naskia dela entzutean, hiztegiko alderdian handik eta hemendik elikatu dela gauza jakina den heinean.
Euskal hitzak batuerarako onartzerakoan euren erabileraren hedadura kontuan hartu omen da, eta hortik datorkigu gaur daukagun hiztegi aniztasuna. Euskara batuaren egoera honek garbi islatzen duena zera da: Euskal Herriko mendebaldeko euskaretan erabiltzen diren hitz eta aldaera asko eta asko ekialdeko euskaldunei arrotza gertatzen zaizkiela, eta alderantziz. Hortaz, alde bateko eta besteko hitzak ezin izan dira batuerarako gaitzetsi, eta forma bat baino gehiago onartu dira.
Noski, mendebaldeko euskarak diodanean, Bizkaian, Gipuzkoan (eta lehenago Araba gehienean) egiten direnak esan nahi dut; era berean, Nafarroakoak eta Ipar Euskal Herrikoak ekialdeko euskaratzat jo genitzake. Luze eta sakona da hizkera multzo bi horien arteko lubakia, eta oso aspaldikoa; seguruenez, Nafarroako Erresumaren zatiketaren ondorioa, besteak beste (horren inguruan: Zuazo 2014).
Dena dela, euskara batuko aniztasunak erakustera noana bezalako gertaera politak azaltzeko bidea ere ematen digu.
Hain zuzen ere, igo, igaro, igan eta iragan aditzak batuerazko hiztegietan erraz aurkitu daitezke. Laurak onartuta daude, baina lehenengo biak Bizkaian eta Gipuzkoan erabiltzen dira, eta hurrengo biak Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian. Euskal erro berberekoak dira guztiak, eta esanahiaren aldetik ere kasik baliokideak, lehena hirugarrenarekin (igo – igan), eta bigarrena azkenarekin (igaro – iragan), hurrenez hurren.
Ikusi dezagun auzia hurbilagotik, banan-banan.
IGO
Mendebaldeko euskalkian eta erdialdeko euskalkian orain arte erabili den aditza goruntz joatearen ekintza adierazteko hauxe izan da. Izan ere, testu zaharrenetatik hasita igo bere horretan agertzen zen mendebaldeko euskalkian (Landucci-ren hiztegian, Lazarragaren eskuizkribuan). Hala ere, Bizkaiko aldaera bat aipatu behar da: igon. Badirudi Bertso Bizkaitarretan (17. mende bukaeran) dagoeneko idatzi zela, baina 19. mendetik aurrera soilik lurralde horretan gailentzen den aldaera bihurtzen da. Edonola ere, igo-tik zuzen sortua dela ematen du.
Baina forma burutuez (edo partizipio zaharrez) baino ez gara aritu honaino. Aditz-izenari erreparatzen badiogu, historian zehar Mendebaldean igaite(a) izan dela topatuko dugu [gaur igot(z)e(a)]. Landucciren hiztegian igaiteko dugu, eta Cristiñau Doctrinia Aita Gaspar Astetec erderaz escribidua-n (19. mende hasieran), aldiz, igoiten. Azken honetan, igon berrikuntzatik sortutako aditz-izen zaharra dugu.
Bestalde, ezin da ahaztu igo(n) aditza mendebaldeko euskalkian, eta gertu dauden erdialdeko hizkera batzuetan ere (Goierrin), iragankorra dela, hau da, EDUN laguntzailea hartzen duela beti: igo(n) dot.
IGAN
Aditz hau, berriz, goi-nafarrerari, nafar-lapurterari eta zubererari dagokie. Esanahi berdin-berdina du igo-ren aldean, baina zenbait ñabardurarekin, alegia, igan beti iragangaitza dela, eta ez duela inolako erabilera iragankorrik (ez du objekturik onartzen). Besterik gabe, igan izan da gaurdaino “goruntz joateko” erabili den aditza eremu horretan.
Badira Ekialdean aurkitu diren aldaerak ere. Haien artean, Zuberoako igain dugu (18. mendetik aurrera) eta behe-nafarreraz (eta autore batzuen obretan ere) agertzen zen ik(h)an. Azken hau azaltzeko zaila da, baina baliteke berrikuntza bat izatea (ahoskabetze baten bidez) eta ez berez arkaismo bat. Zuberoako igain beharbada horrela azaldu daiteke: igaran > igaren > igain.
Esan gabe doa Ipar Euskal Herrian aditz-izena igaite(a) dela, mendebaldeko euskalki zaharrean bezala.
Oraindaino kontuan hartutako aldaera guztiez aparte, aldaketa fonetiko arruntak edo erregularrak pairatu dituzten hainbat aldaera badaude. Horien artean, hauexek sartu genitzake: iyo, ixo, iyan (bokalarteko herskari ahostuna galdutakoan epentesi bat sartuta).
Heldu diezaiogun orain igo/igan-en aditz arazleari: iragan/igaro. Biak ala biak euskara batuan normaltasunez erabiltzen dira, aditz bakar baten bi aldaera dialektal izan arren.
IRAGAN
Dirudienez, aditz hau nafar-lapurterarena da (nahiz eta zubererazko autoreetan ere ageri). Jatorriz igan-en forma arazlea da, ihartutako –ra– artizkiaren bidez sortua; horrek esan nahi du bere jatorrizko esanahia beharbada igoarazi izan zela, aspalditik beste adiera batekin lexikalizatuta (hainbat aditz bezala: eraiki, eraitsi, erantzi, eraman, erauzi…) gelditu den aditz berri bat bada ere.
Pasatu, aurrera egin, gertatu eta zeharkatu aditzen baliokidea da. Iragangaitza zein iragankorra izan daiteke.
Aldaera nagusi bat dauka: Zuberoan eta Nafarroa Beherean ohikoa (izan) den igaran (> igaren). Erraz ohartu daitekeenez, herskari ahostuna (g) eta dardarkari bakunaren (r) arteko metatesiaren bitartez gauzatu da, erabat arrunta den aldaketa fonetikoa.
Beharbada, aldaera hori dela eta (igaran > igaan) igan eta iragan aditzak nahastu dira Ipar Euskal Herrian eta, jada 18. mendetik, adiera biekin (“goruntz joan” eta “pasatu”) aditz biak erabili dira testuetan.
Aipatu behar da izen gisa esanahi berezia garatu duela. Iragana-k, izenondoaren zentzutik abiatuta, denbora aurrera joan ahala atzean gelditu dena adierazten du, lehenaldiko garaia, labur esanda. Baita ere, izenlagun gisa lehenaldiko denborari erreferentzia egiten dioten esapideetan, iragan astea, iragan garaiak modukoetan (pasa den astea, garai pasatuak).
IGARO
Hego Euskal Herrian (mendebaldeko eta erdialdeko euskalkietan gehienbat), aldiz, igaro aldaera zabaldu da. Argi dago, igaran-ekin gertatutakoa bezala, metatesiak eragin duela gaurko forma. Izan ere, mendebaldeko testu zaharretan irago ere zerabilten Lazarragak eta Landuccik eta jatorrizko formatzat joko dugu hemen.
Edonola ere, Lazarragak biak idatzi zituen: igaro eta irago; gainera, aditz-izena iragaiten zen. Bertso Bizkaitarretan (17. mendean) igaro ere badugu. Harrigarriro, Lazarragak beste aldaera bat ere erakusten zuen: iragaro. Nonbait, aldaera berezi hori Mendebaldean hedatuago zegoela egungo igaro haren eraginpean sortu zen (eta ez metatesi soilaren bidez). Aldaera horren –ro atzizkia aspektu marka zahar bat zela dirudi; aurrerago sakonduko dugu kontu honetan.
Esanahiaren aldetik iragan baino nolabait murriztuagoa bada ere, iragankorra edo iragangaitza izan daiteke, bestea bezala.
Bitxikeria moduan, esan dezadan autore zaharrek trinko erara jokatzen zutela aditz hau: naigaran, aigara, digara, digaro…
Auzia bere osotasunean aurkeztuta, lasai asko esan dezakegu oso aspaldiko garai batean aditz bakar bat izan zirela aldaera horiek guztiak; euskal aditz zahar horren aztarnek multzo hazia osatzen dute. Plazaratu ditzagun, beraz, bere garapenaren historikoaren inguruko ideia batzuk.
Lehenik eta behin, nabarmendu behar da arau fonetiko zahar baten aurrean gaudela. Hitz elkartuen tarteko -a- deritzonaz ari gara; testuinguru desberdinetan gauzatuta ere, gure kasu honetan morfema solte batean -o dena C(V) moduko atzizki bat erantsita -a- bihurtzen da.
Aipatu bezala, ez da soilik -o bokalaz amaitutako morfemetan gertatzen den aldaketa fonetiko bat, -e-z bukatutakoetan ere gertatu da, eta ez bakarrik atzizkiekin, baizik eta bi hitz elkartzean ere. Arau orokorrago gisa adierazita: bi morfema elkartzean gauzatzen zen aldaketa fonetiko bat da, morfema horiek askeak zein lotuak izan: -o + C(V) > -aC(V)
Zantzu guztien arabera, arau fonetiko hau zaharra da, eta duela gutxi arte iraun duen arren, ez da dagoeneko emakorra.
Euskal hitz elkartuetan oso sarritan -o > -a-:
baso > basakatu, basalore, basamortu, basajaun, Basabe, Basauri*
arto > artaburu, artajorra, Artapadura
otso > otsail*
mintzo > mintzatu, mintzaera
uko > ukatu, ukabil
* kontsonante bat ote zegoen horietan? *basa + *huri; *otsa + hil
Nire uste apalean, lexema horien -a-dun formak zaharragoak dira, kasu batzuetan argi samar dagoenez. Lekukotasun zaharretan zein leku-izen guztietan -a-dun formak ditugu, erantsitako atzizkia dena dela -a-dun forma erabiltzen da; ematen du forma markatua -o-duna dela, hitz soltea denean gauzatzen dena, historikoki seguruenez beranduago garatua (mintzo-ren kasuan, esaterako, Ipar Euskal Herrian soilik).
Elkartutako beste morfema hori kontsonantez hasten ez denean, hasierako bokala (e- batez ere) gailentzen da, eta lehen morfemaren bukaerako bokalaren aztarnarik ez (adibidez, baserri, baseliza, basihizi… artirin/arto-irin, otseme, otserri…). Portaera hori -a bokalari dagokio eskuarki (eta apika, bokal paragogikoa da lexema horietan), baina ikaragarri arraroa izango litzateke -o bokalarekin.
Beraz, *basa izan zen jatorrizko forma (Akitaniako Vasates tribua bezala, egungo Bazas), eta era berean *os(s)a, *arta, *minza eta *uka.
Lehenago -a > -o araua baldin bazen, laster -o-z bukatutako izenak -a-dun formak hasi ziren hartzen hitz-elkarketan, arau fonetikoak alderantzizko bidea hartu zuenean (-o > -a hitz elkartuetan). Prozesu berri horrek eragindakoen artean, noski, nabarmenago zeuden mailegu erromantze berriak:
oilo > oilasko, oilagor
pilo > pilatu
Izan ere, jatorrizko -a-dun forma erromantze batetik ere -o forma bat garatu du euskarak (Ipar Euskal Herrian behintzat, emankorra mantendu da -a > -o araua ere): abiatu, abian (*ad viam) > abio (izena).
Geroago, baina ez era hain sistematiko batean, eta, antza, ezta hain hedatuta ere (Euskal Herriko erdigune-ekialdean gehienbat?), bestelako hitz-elkarketetan ere hasi zen -V > -a araua agertzen. Bereziki, -e-z bukatutako hitzetan baditugu adibide ugari, baina ez da beti araua betetzen: etxaleku, etxadi, Etxabarri (Naf.; Gip. Etxeberri, Bizk. Etxebarri), bidagurutze, bidaide, Bidagain (Bidegain)…
-u > -a hauetan: katu > katakume, katagorri
Arau fonetiko honekin amaitzeko, Bertso Bizkaitarretako NOR-NORI saileko adizkietan ere aldaketa berbera gauzatzen zela nabarmendu nahi nuen. Alegia, bere kabuz zaio-ren mendebaldeko forma jako dugu testuan, baina –(e/a)n menpeko atzizkia erantsita jakan bihurtzen zen. Erregularra omen zen aldaketa hau mendebaldeko euskalkian.
Edonola ere, 3. pertsonako marka erakusleetatik baldin badator -o marka hurbileko erakusletik etorriko litzateke, eta -a, aldiz, urrunekotik; –ko eta –ka markak biak oso ohikoak izan dira euskalki desberdinetan NORI-ko komunztadura egiteko (atzizkiaren -k- –ki datibo ikurretik etorriko?)
-k(i)-(k/h)au > -ko, -kio
-k(i)-(k/h)a > -ka, -kia
Baina hori guztiori oso bestelako eztabaida da, eta ez gara oraingo honetan sartuko.
Goazen aurrerago, igo/igan kontua aztertzera. Bokal aldaketa zehaztu badugu ere, orain atzizkiari begiratu beharko diogu.
Gaur egun infinitibo gisa aurkezten dugun aditz forma euskal partizipio zaharra zela inork ez du zalantzan jartzen. Hortaz, latinetik mailegatuta dugun -tu bezala, antzinako euskal partizipio marka *-ni proposatu da. Kontsonantez bukatutako aditz-erroekin konbinatuta -n- galtzen zen, eta -i dugu partizipio marka (adibidez, ikus- + *-ni > ikusi); bokalez amaitutakoekin, ordea, -(i)n dugu, eta aditz-izenetan ageri dagoen tarteko -i- hori ere. Azken hau erakustearren:
*ema- + *-ni > eman (forma burutua)
*ema- + *-ni + -te > emaite (aditz izena; Ipar Euskal Herrian gaur ere arauzkoa, lehenago euskalki guztietan erabiltzen zen, mendebaldeko testuetan ere)
Atzizki horren ebidentzia moduan arrai(n) hitza aipatu da. Inguruko hizkuntza erromantzeetan partizipio bat da (pesca–do), eta baliteke *arra– + *-ni batuketatik eratorri zela, zain eta antzeko hitzak eratu ziren antzera: *zani > zai, zain. Aitzineuskaratik euskara zaharrera gertatu zen aldaketa horietako bat da bokalarteko sudurkaria galtzea (-VnV- > -V(h)V-), baina –ani-ren kasuan sudurkaritasuna ez zen erabat galdu (bokal sudurkaritzearen bidez), eta, nonbait, kontsonante sudurkaria berreskuratu zen euskalki batzuetan.
Aditz-erroei hurbilago erreparatzen badiegu, igo/igan bezalako adibideak badaudela ikusiko dugu. Hain zuzen ere, eman/emon pareak ez lezake antzeko jatorri bat izan? Hau da, *ema- > *emo-, *iga- > igo bihurtu zen bezala? (emon-en azken hotsa analogiagatik sortu zitekeen, igon-en bezala).
Lazarragaren eskuizkribuan oso adibide argia dugu: jo > jaiten
*ja- > jo
*ja- + *-ni + -te + -(e)n > jaiten [egungo jot(z)en]
Orduan jo aditza eta jan aditza jatorri berberekoak lirateke? Txundigarria, baina seguruenez ez. Litekeena da bietan tarteko kontsonante bat galdu zela, bietan kontsonante desberdina zela:
*eC1a- > *ja1- > jo
*eC2a- > *ja2- +*-ni > jan
Laburpen moduan, holakoxea izan zitekeen igo/igan/igaro/iragan aditzen garapen historikoa:
*iga- > igo; analogiagatik igon
*iga- + *-ni > igain, igai(te), igan
*i-ra-ga- > irago > igaro
*i-ra-ga- + -ni > iragai(te), iragan > igaran
Tartizki arazleak (-ra-) eragindako esanahiari dagokionez, esan beharra dago Euskal Herrian igotzetik igarotzera doan jauzi semantikoa txikia dela; alde batetik beste batera pasatzeko mendateak zeharkatu behar direnez, igo behar da.
Lazarragaren eskuizkribuan ikusi dugunez, iragaro aldaera ere erabiltzen zen. Horrek beste gogoetak dakarzkigu. Batetik, *iraga– (> irago) + –ro > iragaro daukagula ez dago ukatzerik, eta hortaz –ro atzizkian topatzen dugu arazoa. Mota bateko edo besteko aspektu marka izan zen garai batean, ziurtasunez, baina ez da erraza bere funtzioa igartzea.
Jakina denez, Lazarragak mendebaldeko euskalki zaharra zerabilen, eta –ro horrek gogorarazten diguna, hain zuzen ere, aditzondoen -ro atzizkia da (aldaera –to/-do: ondo, hobeto, polito, ederto, txarto, zatarto, errezto, zehazto…). Ekialdeko euskalkietan –ki dugun bezala, –ro-rekin eratzen dira zenbait aditzondo Mendebaldean izenondoetatik abiatuta, hala nola, argiki/argiro, asero/aseki, astiro/astiki, berriro/berriki, biziro/biziki, emaro/emeki, eztiro/eztiki, garbiro/garbiki, gozoro/gozoki, guriro/guriki, handiro/handiki, izugarriro/izugarriki, lotsagarriro/lotsagarriki, luzaro/luzeki, maitaro/maiteki, nagiro/nagiki, naroro/naroki, osoro/osoki, sarriro/sarriki, sendoro/sendoki, xehero/xeheki, zintzoro/zintzoki.
Zerrendatutako horietako –ki forma asko (edo gehienak) soilik Ipar Euskal Herrikoak dira (aseki, astiki, berriki, biziki, eztiki, garbiki, guriki, handiki…), eta –ro-dun beste batzuk ez dira mendebaldeko euskalkian soilik erabiltzen. Aitortu beharra dago –ro aditzondoen atzizki hau iraganean hedatuago zegoela euskalki guztietan zehar (behe-nafarreraz nabaro, nafar-lapurteraz xehero; arruntak diren oparo, zeharo, gero, astiro, luzaro…).
Gainera, Landucciren hiztegian, –ro atzizki erabat emankorraren alboan, –toro tankerako aditzondo pleonastikoak ditugu (erraztoro, galantoro, garbitoro, gaixtoro, gogortoro; erd. osotoro ere), eta erdialdeko euskalkian oso emankorra (izan) den –kiro atzizki pleonastikoa ere (alaikiro, apalkiro, bigunkiro, bizikiro, emekiro, epelkiro, gogorkiro, gordinkiro, handikiro, harrokiro, kristaukiro, laburkiro, lasaikiro, leialkiro, leunkiro, lohikiro, lotsagabekiro, maisukiro, maitekiro, nagusikiro, neurkiro, pozkiro, txukunkiro, zehazkiro).
Gauzak horrela, eta aditzetara bueltatuz, esan dezakegu mendebaldeko euskalki zaharrean (eskura ditugun Landucciren eta Lazarragaren lekukotasunetan) –ro emankorra zela aditzondo-gile gisa, eta dirudienez, aditz marka gisa ere. Bere paper horretan, nafar-lapurteraren –ki atzizki aspektualarekin erkatu dezakegu; horrek ekintza puntukaria adierazten du (ekarki du = dakar; egoki da = dago). Aspektu marka izatetik partizipioa edo forma burutua adieraztera pasatu zen, eta aditz askotan ikusgai dagoenez, -(r)o eta –ki atzizkiek forma burutuak osatzen dituzte:
-ki/-gi: eduki/*edun, egoki/egon, jarraiki/jarraitu, izeki(< izioki)/iziotu
-(r)o: ero/hil, jario, jaio/jaiki, eho ( > eihera?), idoro/idoki
Baina, –(r)o/-ki txandakatze horrek esanahia ere aldatzen zuen? Jaio eta jaiki desberdinak dira, eta halaber, idoro eta idoki ez daude erlazionatuta. Idoro mendebaldeko aditza (“aurkitu”), hain zuzen ere, ediren/eriden da ekialdeko euskalkietan; -ro atzizkia baldin balu, *ida– izango litzateke aditzoina, eden (< *ida+ *-ni) aditzarekin lotuta, apika?
Bukatze aldera, lotura semantiko pare bat iradokitzea gustatuko litzaidake.
Aditz hauek guztiak *ga- (hasierako *i- aditzezko aurrizki bat dela) euskal erro zaharretik eratorri baldin baziren , zer nolako erlazioa izan zezakeen gain (*gani > mend. gan), goi edo garai izenekin?
Eta azkenik, Landucciren hiztegian agertu zitzaigun itzego aditza horiekin lotuta ote dago? Definizioaren arabera “zaldira igo” esan nahi zuen eta bere oinordeak izan ditu hizkera batzuetan: itzo, itxo (biak “igo”-ren aldaeratzat hartu dira). Hizkuntza erromantzeetan bezala, gazt. montar / fr. monter parea bezala, bata zaldiarekin nolabait erlazionatuta dago semantikoki (edota garraio mota batera igotzearekin ere), eta bestea igotzea ere adierazten du.
Recent Comments