Suomieraren murriztapen fonotaktiko bat: sC- > C-

Suomieraren murriztapen fonotaktiko bat: sC- > C-

Japonierak bezala (eta hainbat hizkuntzak bezala, muturreko adibide bat jartzearren, hawaiierak), suomierak oso egitura fonetiko mugatua dauka.

Suomieraz silabak ezin dira edozein kontsonantez amaitu, eta hasierako kontsonante multzoak oso gutxi dira.

Hizkuntza indoeuroparretan, ostera, erabat ohikoak dira st-, sk-, sp-, tr-, dr-, pr-, br-, str-, spr-, skr- eta abarreko kontsonante multzoak.

Aspalditik egon da suomiera hizkuntza indoeuroparrekin harremanetan. Handik eta hemendik hartu ditu maileguak, batzuk zaharragoak, besteak arestikoak. Hizkuntza iraniarretatik ere baditu hitzak (esaterako, sata ehun, edo sarvi adarra), mailegu germaniarrak eta eslabiarrak arruntagoak badira ere.

Euskara latinetik elikatu da gehienbat, eta latinak bazeuzkan st-, sp- multzoekin haste ziren hitzak.
Arazo fonotaktiko horri euskarak eman dio irtenbidea argi dago, alegia, bokal prostetiko bat gehitu dio hitzari (e-, i-).
Adibideak ugari dira: ezkutu, ispilu, estatu, eskola

Garapen fonetiko hori ez da batere arrotza gure hurbileko hizkuntzetan, eta gaztelaniak zein frantsesak berdin jokatu dute horretan.
Hala ere, frantsesak, haratago joanez, azkenean jatorrizko s- ezabatu du. Egia da frantses zaharrean e- prostetikoak nahiko zirudiela ahoskera errazteko, baina txistukaria erabat desagertu da egungo ebakeran.

Lat. stāticum > fr. zah. estage > fr. étage (solairua)
Lat. stēlla > fr. zah. estoile > fr. étoile (izarra)
Lat. schola > fr. zah. escola > fr. école (eskola)
Germ. skrank > fr. zah. escran(c) > fr. écran (pantaila)

Arazo fonotaktiko berberari aurre egiteko suomiera oso bestelako bidetik joan da: hasierako s- guztiak kendu ditu kontsonante multzoetan. Berdin mailegu germaniar zaharretatik nahiz suedieratik hartutakoetatik.

Germ. *skauniz > suo. kaunis (ederra) [sued. skön, al. schön]

Sued. stund > suo. tunti (ordua)
Sued. skink(a) > suo. kinkku (urdaiazpikoa)
Sued. skol(a) > suo. koulu (eskola)
Sued. spel > suo. peli (jolasa)
Sued. strand > suo. ranta (hondartza)
Sued. smak > suo. maku (zaporea)
Sued. spegel > suo. peili (ispilua)
Sued. stol > suo. tuoli (aulkia)

Err. свобода [svoboda] > suo. vapaa (askea)
Err. спирт [spirt] > suo. pirtu (likorea)

 
Ikusi dugunez, zerrenda bukaezina da; gainera, gehienak eguneroko hitzak dira. Bilakaera erregular honetan salbuespena akaso hau izan daiteke:
Sued. stor > suo. suuri (handia)