Japoniako historia goiztiarra

Japoniera: garapen diakronikoa eta bere inguruko hizkuntzak [I] | [II] | [III]

 

Ko500

Kristo aurreko garaietan herri korearraren berri izatea zaila iruditzen bazaigu ere, mila urte geroago eskualdeko historiaren erdian kokatzen dira Koreako Hiru Erresumak.
Historialari txinatar garaikideen esku datozkigu korear penintsulako biztanleei buruzko datuak. Izan ere, historiaurretik ere Txinako botere ekonomikoa, teknologikoa, politikoa eta militarra nabarmena zen eskualde osoan.
Ezin da ziurtasunez jakin nondik atera zen herri korearra, baina badakigu Kristo aurreko mendeetan Txinak penintsulako iparraldea konkistatu eta enbaxada ezarri zuela.
Kristo ondoko 5. mende inguruan kultura japoniarra Honshû irlara hedatua zegoen, eta aro honi Yamato deritzo. Nahiko garapen ekonomiko eta politiko handia lortua zuen Yamato herriak, eta harrezkero enperadore batek agintzen zuen erresuma txikien gainetik (izan ere, Yamato da enperadore japoniar guztien dinastia bakarra garai horietatik egundaino).
Historia japoniarrak esaten digu beste herri batzuk ere, japoniartzat hartzen ez zituztenak, bazirela Japoniako irletan mende horietan. Honshû-ko iparraldean (gaurko Tôhoku) emishi herria dugun bitartean (Ainu herri bilakatuko zena? Lotura ez da ziurra), Kyûshû-ko hegoaldean, aldiz, hayato eta kumaso tribuak (Jômon kulturaren azken bazterrak?).

Korear penintsulan, ostera, egoera oso bestelakoa zen, erresumen arteko zatiketa zela medio, Txinako aginte politikoa behin gaindituta.
Iparraldean Koguryo izeneko erresuma handi eta boteretsu bat nagusitu zen. Badirudi historiaurreko Buyeo zeritzen tribuetatik eratorritako herria zela Koguryo-koa. Hainbat historialariren esanetan, Buyeo eta Koguryo herriak tungusikoak ziren edo oso hurbilekoak (arlo kultural eta linguistikoan), behintzat.
Kontakizunetan esaten zenez, Koguryoko erbesteratuek osatu zuten Paekche erresuman penintsularen hego-mendebaldean, nahiz eta bertako populazioa korearra izan. Izan ere, benetako erresuma korearra Silla izenekoa izango zen, hego-ekialdean. Azken bi horien artean beste erresuma txiki bat, Kaya, kokatzen zen, Japoniarekin harreman estuak mantentzen zituena (eta linguistikoki lotua, Beckwith-en arabera). Beharbada, Yayoi migrazioaren kontinenteko azken ordezkariak izango genituen kayatarrak.
Kontua da handik mende batzuen buruan Silla erresumak penintsula osoa bereganatu zuela Txinaren laguntzarekin, eta erresuma horren hizkuntza koreera (zahar) bihurtuko zela.
Garai hartan txinatarrek Txinako iparraldeko xianbei eta xiognu herrien berri ere ematen digute. Lehenak mongolikoak ziren, eta bigarrenak turkikoak, gehienen ustetan geroago hunoak izango ziren barbaro berberak.