Eguzkia egunero ateratzen da, txipiron

Eguzkia egunero ateratzen da, txipiron

Gaztelaniaz barra-barra erabiltzen den ‘chipirón’ hitza (ohikoa batez ere Kantauri Itsasoko hizkeretan) aztertuko dugu saio labur honetan.
Askotan uste izan da ‘txipiron’ Euskal Herrian ‘calamar’ esateko daukagun forma dela. Ez da, baina, egia osoa. Hasteko, hitza bera ez da euskaraz aurkitzen duguna (“txipiroi”), eta gainera -ón atzizkia ez da euskaraz emankorra izan.
Hortaz, bere euskal jatorria baztertzera lerratuko ginateke berehala. Hala ere, gauzak ez dira batere garbiak eta, dirudienez, bi aldetako kutsadura edo joan-etorriko elkar-mailegaketak gertatu dira gure etimologia honetan.

Latineko ‘sepia’ abiapuntu gisa hartuta, hainbat aldaketa jaso ditu hitzak.
Gaztelaniazko bilakaera arrunta hauxe izango litzateke: *sebia (bokal arteko ahostuntzea), *sibia (i-ren metafonia edo umlauta) eta azkenik ‘xibia’.
Aldaera horretatik bertatik egungo ‘jibia’ daukagu, txistukari sabaikarien belarizazioa gertatu ondoren (hemen azalduta).
Ez hori bakarrik, zeren eta gaurko gaztelaniaz ere ‘jibión’ baitugu. Holako pareak erabat arruntak izan dira gaztelaniaz; bata femeninoa (-a) eta bestea maskulinoa, atzizki handigarria erantsita (-ón). Esaterako, puerta/portón, colcha/colchón. Gehienetan ere pare horien esanahiak aldendu dira, lexikalizazio prozesu batean.

Baina non sartzen da euskara prozesuan?
Behin baino gehiagotan sartu eta irten dira hitz erromantze hauek euskarara.
Lehenik aipatuko dugu, zantzu guztien arabera, gaztelaniatik ‘xibia’ bereganatu zuela euskarak, ‘calamar’ adierarekin. Hegoaldeko euskaraz ere usu gertatu bezala, ‘txibia’ da gaur dugun aldaera.

Ados, onartu genezake txistukariaren sabaikaritzea euskaraz jazo zitekeela, baina inondik inora ere bokal arteko herskariaren ahostuntzea -VpV- > -VbV-. Beraz, aitortu behar da, *sibia bada ere, aldaera erromantze baten aurrean gaudela.

Orduan zer dela eta ‘chipirón’ hitzak -VpV- dauka eta ez ahostuna?
Hain zuzen ere, horren inguruan hipotesi bat plazaratu nahi dut.

Azken -i- horren eragin sendoa ikusi dugun moduan, aurreko bokala ixteraino, seguruenez -i- horrek oraindik haratago eragin zuen eta alboko kontsonantea geminatu zuen. Ez da fenomeno arraroa. Izan ere, gaztelaniazko beste kasu batean aurkitzen dugu.
Latineko ‘sapere’ aditzak bazuen subjuntiboko ‘sapiam’ forma bat (1. pertsona singularrekoa). Hori bera ‘sepa’ adierazten da gaztelaniaz. Hauxe izan da aldaketa:
sapia(m) > *sappia > *seppia > *seppa > sepa

Bigarren urratsaren froga italierazko ‘sappia’-n daukagu.
Gauzak horrela, argi dago egungo gaztelaniaz ez dagoela holako kontsonante geminaturik, nahiz eta italieraz mantendu.
Baina baziren, eta garai batean *xibbia aldaera izan zuen gaztelaniak edo hurbileko erromantze batek.
Forma jakin hori euskarara mailegatu ez bada ere, badirudi *xibbión hitzak bai pairatu zuela horrelako patua.

Gelditu gaitezen hemen momentu batez.
Zer nolako tratamendu ematen zien euskarak latin eta erromantzeetako herskari geminatuei? Hor datza gakoa.
Antzeko kasuei erreparatuta, jakin badakigu euskara zaharrak kontsonante taldeak eta herskari bikoiztuak edo geminatuak herskari ‘fortis’ gisa hartzen zituela (gogoratu aitzin-euskarak herskari ‘fortis’ eta ‘lenis’-ak bereizten zituela, eta ez zegoela ahoskabe/ahostun banaketarik).

Adibidez, lat. sabbatu > zapatu

Hori nahiko zaharra da bokal arteko herskariak ahoskabetasunari eutsi baitzion, eta inguruko erromantzeetan ez da holakorik jasotzen (salbuespen gisa aragoiera, gerora aztertuko dugunez); horrenbestez, erromantze horiek sortu baino lehenagokoa izan behar du, herri latinetik hartua edo.

Bilakaera hori ez zen osorik eten, eta mailegu berriagoetan ere aztarnak badira.
Hala nola, lat. cupiditia > Erdi Aroko gazt. cobdizia > *coddizia > eus. gutizia

Ezin da ziurtasunez jakin noiz arte mantendu zen indarrean, baina, euskal hizkera batzuetan behintzat, Erdi Aroan oraindik emankorra omen zen.

Gauza bera izan da esku artean darabilgun hitzaren garapenean.

Erdi Aroko gazt. *xibbión > eus. *xipion

Oraindaino ikusitakoaren arabera, ‘txibia’ beranduago sartu zen euskarara, ordurako erromantzeko geminazioa galduta zegoelako.

Hori horrela, bokal arteko -r- gelditzen zaigu azaltzeko, eta honetan ere euskara barruan gertatutako bilakaera delakoan nago.
Euskarak ez ditu hiatoak gustoko, ezta onartzen ez dituen diptongoak (goranzkoak) ere. Horiexek saihesteko baliatzen den tresna kontsonante anti-hiatiko edo epentetikoa da. Mota askotakoak izan daitezke, baina une honetan interesatzen zaiguna -r- da, eta adibideak badira:

gask. xiula > eus. xirula
gazt. tieso > eus. tireso

Mailegatutako *xipion horretan ere, euskarari onartezina egiten zitzaion -io- talde hori ttakaren bidez apurtu zuen (izen morfologian egiten duen bezala: -en/-ren, -i/-ri, eta abarretan).

Azkenik, hasierako txistukari sabaikariaren ordez afrikatua daukagu ‘chipirón’ hitzean, eta hori ere ezin izan zen gaztelaniaz aldatu, hizkuntza horretan 17. mende inguruan x- horiek belarizatu ziren (xabón > jabón, xaque > jaque, xarabe > jarabe), dakigun bezala.
Euskaraz, aldiz, sarritan gauzatzen da afrikazio hori hasierako gunean, gehienbat Hego Euskal Herrian.

 

‘Txibia’ eta ‘txipiron’ hitzen garapena laburbiltzeko:

Lat. sepia > errom. iber. *sebia > *sibia > Erdi Aroko gazt. xibia > *xibbia + -ón > *xibbión > eus. *xipion > eus. *xipiron > eus. *txipiron
Erdi Aroko gazt. *xibbia > gazt. xibia > eus. *xibia > eus. txibia

 

Beste hizkuntza erromantzeetan topatzen ditugun testigantzek argitzen digute kontua, nonbait.

Katalaneraz ezagun dugun ‘sèpia’ agertzen da, baita ‘sípia’ aldaera ere. Baliteke mota bateko geminazioak herskariaren ahostuntzea eragoztea, gaztelaniaz ez bezala. Izan ere, italieraz ‘seppia’ dugu, geminazioa eta guzti.

Galizieraz ‘xiba’ topatzen dugu, erromantzeko *xibbia formatik garatu zitekeena (asturieraz ‘xibia’ bera gorde da). Hitz hori eratorriz ‘xibardo’ ere sortu zuten galiziarrek, oso bestelako esanahiarekin.

Aragoieraz bilatzen badugu, euskararekin partekatzen dituen bi fenomenoren berri izango dugu.
‘Chipa’ hitza badute hizkuntza honetan, bokal arteko herskari ahoskabera edukita, aragoieraren ezaugarria da eta. Horretaz gain, hasierako afrikatua ch- agertzen zaigu, halakoa baita txistukari sabaikarien bilakaera aragoieraz; ahostun zein ahoskabe, biak afrikatu ahoskabe bihurtzen dira:

joven > choben
xarrar > charrar

Horiek biak dira euskarak eta aragoierak dituzten antzekotasun fonetikoak (bokal arteko herskari ahoskabeak mantentzea eta hasierako txistukari sabaikariaren afrikatzea), edo behintzat orain harira datozkigunak, gehiago badirelako. Edonola ere, ez da harritzekoa, aragoierak euskara zaharra izan baitzuen sustratoan.

Berariazko atzizki txikigarriaz baliatuta, ‘chipeta’ ere bada aragoieraz, eta harrigarriro, ‘chipirón’ arrain txiki mota bati esaten diote.
Azken honek zer jatorri izango zuen? Euskaratik mailegatua ala aragoieraz bertan sortua? Nik dakidala, -r- epentetiko hori ez da hain emankorra hizkuntza horretan.

Kontua da, beraz, ‘txipiron’ (euskaraz 3 aldaketa fonetiko pairatuta) hitza berriro gaztelaniara igaro zen. Eta hortik euskarak arestian hartu omen du chipirón > txipiroi bilakatuz.

Bukatzeko, euskaraz esistitzen den beste forma bati erreparatu nahi diot.
‘txipilu’ (calamar), beharbada *xibbiellu eratorri batetik zetorren, atzizki txikigarri latindar klasikoa erantsita.

 

Laburpena taula batean: