Gaur egungo Gasteizen irakasten eta erabiltzen den euskara (2016)
Ondoko lan hau nik neuk burutu nuen Gasteizko zenbait euskaltegitan 2016ko udaberrian zehar.
Lagina erlatiboki txikia izanda ere (32 lagun), datu esanguratsuak biltzeko aukera izan nuen Gasteizko euskara batuko hizkerari dagokionez.
Ikerketa lan osoa hemen eskuragarri PDF batean.
Hona hemen lortutako emaitza batzuk:
Gaurko Gasteizko euskarak bertako ezaugarri propioak dituen ala ez izan da aztergai. [...] Bere kokapen geografikoari esker, handik eta hemendik elikatu da hizkera hau. Gipuzkeraren eragina nabarmena da zenbait hiztunengan, eta horrenbestez erraz/errez eta hamazortzi/hemezortzi lehian agertu zaizkigu datuetan. Gipuzkerari ere dagokio, baina batuaren eskutik hedatu da seguruenez, al partikula galdetzailea (Gipuzkoa osokoa ez dena). Batuaren ekarpen handiagoa morfosintaxian egin bada ere, lexikoan ere gipuzkera ez besteko aukerez hornitu du hizkera hau: nor, nortzuk, bezala... [...] Datuetan ondo islatu denez, alde handiak daude euskaldun zahar eta euskaldun berrien artean, guztiak gasteiztarrak izanda ere; are gehiago, euskaldun berri goiztiar eta berantiarren banaketa ere agerikoa da. Argi dago baztertuta jarraitzen duela euskarak Gasteizen eta egoera larri horretatik eratortzen da bere kohesio falta. Ezagutzaren eta erabileraren alderdiak makal dabiltza hirian eta horrek ez du berezko hizkera bat ahalbidetzen. Hala ere, balizko hizkera horren zantzuak ere ikusi ditugu azterketan.
Recent Comments