Akitaniako zuhaitzen gurtza zaharra
Hizkuntzak: [ENG] | [EUS]
Badakigu akitaniarrak euskaldunon arbaso linguistikoak izan zirela. Gaurko Frantziako hego-mendebaldean bizi izan ziren (Akitanian, hain zuzen ere) eta latinez idatzitako inskripzio ugari utzi zituzten; haietan bertako hainbat jainko eta pertsona izen agertzen dira. Material onomastiko horri esker, adituak hizkuntza akitaniarra euskararekin lotzeko gai izan ziren.
Akitaniarrei buruz erromatarrek kontatzen digutenaz gain ezer gutxi dakigun arren, harrizko aldare horietan agertutako izenek euren sinesmenen berri ematen digute.
Inskripzio gehienak Akitaniako ekialdean aurkitu dira. Seguruenez bertan akitaniarren eremu erromanizatuena zegoenez, idazkera eta usadio latindarrak gizarte osoan barrena zabaldu ziren.
Harri grabatu hauek hilen edo jainkoen omenezko aldare txikiak ziren, erromatarren erara eginak. Aldare hauetako batzuetan agertutako jainko izenen gainean arituko gara jarraian.
Jainko akitaniarren jatorri etimologikoa aztertuz gero, erraz ikusi dezakegu euren erlijioak Naturaren gurtzan zuela oinarria.
Mendiak eta zuhaitzak oparo ageri dira, baina baita ere naturaren beste elementu batzuk (ibaiak, harpeak), animaliak ere tartean. Harrigarriro, inskripzio bakar batean Tximistaren Jainkoari egiten zaio erreferentzia, Fulguri Deo latinez.
Mendietako balizko jainkoen artean Ageio aipatu behar dugu, izen hau 7 alditan aldare desberdinetan dagoela, behin ‘et montibus‘ hitzek lagunduta (mendiei latinez), eta beste batean ‘Ageioni Bassari[o] deo‘ moduan, bere bigarren deitura hori baso hitzari lotuta omen dagoela. Izan ere, ondo dakigunez mendi eta basoak nolabait lotuta daude geure iruditerian (Saltus Vasconum), beste aldetik zelai eta soroak dauzkagula (Ager Vasconum).
Horren froga gisa, Silvanus basoetako jainko erromatarrari eskainitako 7 aldare ditugu, birritan ‘et montibus‘ hitzekin batera, eta birritan Diana jainkosa erromatarrarekin ere. Erromatar izen horiek ordezkatu zitzaketen bertako jainkoak, zeinen izenak ez diren idatzi. Gurtza horren inguruko zantzuak Basajaun eta Basandere pertsonaietan aurkitu genitzake, Pirinioetako beste lekuetan ere topatzen digutunak (Aragoien Basajarau esaten zaio).
Beste aldare batzuetan dauden Erge eta Erriape ere izan litezke mendiei lotutako jainkoak. Horiei hogeina aldare baino gehiago eskaini zitzaizkien. Euren hasierako morfemak beharbada harri hitzarekin zerikusia dauka.
Dena dela, aitzineuskarako mendi adierazteko erroa (*han) ez da inskripzio hauetan ageri. Hala ere, euskararen eremu zaharrean barrena daude hedatuta erro honetako ordainak. Ikus beste artikulu honetan non islatzen den; gaurko mendi hitza mailegu keltiartzat hartzen dut nik.
Zuhaitz hitzaren osagaiei erreparatzen badiegu, haitzak eta zuhaitzak gure munduko ikuspegian elkartuta daudela ohartuko gara, hau da, bere bi aldaeretan, zuhaitz eta zuhain, etimologia berbera dauka: zur + *han-i-z(a).
Mendietako Jainkoen izenak ulertzen zailagoak badira ere (epitetoak edo leku-izenak izan daitezkeen heinean), Zuhaitz Jainkoek izen gardenak daramatzate: Sexarbori (sei zuhaitz latinez), Fagus (pagoa latinez), Abellion (sagarrondoa galieraz), Areix(o) (haritza), Artahe (artea) eta Leheren (leherra, pinua).
Goiko irudian ikusi dezakezue aldare hauen banaketa Akitanian. Argi dagoenez, guztiak Convenae eta Consoranni tribuen lurraldeetan topatzen dira, Akitaniako hego-ekialdean (gaur egungo Gaskoniako Comminges eta Couserans eskualdeak, hurrenez hurren).
Aztertu ditzagun Zuhaitz Jainko hauek banan-banan:
Sexarbori
Sexarbori Deo-ren [datiboan] omenezko 3 harrizko aldare Castelbiague-n eta Arbas-en topatu ziren
Latin izenak arbor datibo singularrean erabiltzen du, aurretik sei zenbakia eramanda ere.
Hau ez zen erabilera zuzena latinez (euskaraz ez bezala), eta ezin da jakin zergatik; sei zuhaitz ordezkatzen duen jainko bakarra zen ala zenbakien bertako erabilera berezia ote?
Alabaina, Arbaseko inskripzioan (Castelbiaguekoan ez bezala) Sexarboribus daukagu, datibo pluralean.
Jainko honen izenak iradoki lezake akitaniarrek “zuhaizti sakratuetan” gurtzen zutela (ikusi halaber Arabako Luku izena latineko lucus-tik, ‘zuhaizti sakratua’, datorrela), Druidismo keltiarraren edota Mari herriaren paganismoaren antzera, baina kontrakoa ere izan liteke, izen handiko zuhaitz jakin bati otoi egiten ziotela (kasurako, Gernikako arbola).
Fagus
Fago Deo-ren [datiboan] omenezko 4 harrizko aldare Ladivert-en, Tibiran-en eta Générest-en topatu ziren.
Ez da batere harrigarria izen latindarra erabili izana, gaur ere pagoa esaten diogulako, mailegua erabiliz.
Lekukotasun zaharrenetan bago aldaeran agertzen zaigu, eta beharbada galierazko *bagos-etik etorri zitekeen, nahiz eta ziurtasun handiagorekin latineko f-ren egokitzapen zaharra b- izan. Edozein kasutan, hitz keltiarra latineko mailegu berriagoak estali zezakeen, irlanderaz, galeseraz eta bretoieraz gertatu zen legez.
Pagoek ibilbide luzea izan omen dute euskaldunek mirestutako zuhaitzen artean, Pagobedeinkatu izena daramaten gutxienez bi leku baitaude, horietako batean (Karakate mendiaren inguruan, Soraluzen) Harri Aroko dolmen eta harrespil ugari daudela.
Aragoiko Anso ibarrean (Erronkaritik gertu) dagoen Fago herria jainko izen honi zuzenean lotuta omen dago.
Abellion
Jainko honen izena Abelion eta Abellon ere idazten da. Bere 13 aldare Billière-n, Burgalays-en, Saint-Béat-en, Boucou-n, Fabas-en, Cardeilhac-en, Aulon-en, Garin-en (Haute-Garonne), Saint-Aventin-en eta Montauban de Luchon-en aurkitu dira.
Bere izena sagar *abalom edo sagarrondo *abalna hitz keltiarrei lotuta dago. Izan ere, erromatarrek Galian izan zuten kokaleku bati Abello zeritzon, egun Burgundiako Avallon hiria dena.
Arturo Erregearen kondairetan agertzen den Avalon Uharte bedeinkatua (Insula Avallonis) ere erro berberetik dator.
Areix(o)
Jainko honi eskainitako bi aldare Loudenvielle-n topatu ziren, horietako batean Areixo Deo inskripzioa, eta bestean Marti Arixoni.
Lehen inskripzioan latineko bigarren deklinabideko datibo singularra (-o) erabiltzen den bitartean, bigarrenak hirugarren deklinabideko atzizkiak daramatza, Mars erromatarrean zein Arixo-(n)i forman (-ei– diptongotik –i– bokalera soiltzea espero izatekoa izan liteke, bigarrenean atzizkitzea luzeagoa baita). Lekukotasun hauetatik jatorrizko <AREIX> forma eratorri dezakegu, <X> grafemak silaba bukaeran hots txistukari afrikatua islatzen zuela (euskarazko <tz>).
Forma hau haritz hitzaren aldaera zaharrarekin bat dator: *hareitz > aretx (Mendebaldean), araitz (Burundan).
Pirinioetan aurkitzen ditugun toponimoek esaten digute euskararen eremu zahar osoan ezaguna zela hitz hau. Esaterako, Pallars Garaiko (Katalunian) Arestui leku-izena Euskal Herriko Haristoi, Aresti eta Arizti-en parekoa da (guztiak *hareitz + *-doni > *hareiztoni > *hareiztoi formatik eratorrita).
Esan gabe doa haritzen garrantzia euskal kulturan gaurdaino iritsi dela, Gernikako Arbola bera adibiderik onena.
Horretaz gain, Nafarroako lehen erregearen izena (Eneko Aritza) ere ideia honen erakusgarri da. Aragoiko Sobrarbe Konderriko jauna ere izan bide zen, Roda kodizeak dioenez, eta han ere Bizkaikoaren antzeko “zuhaitz sakratu” baten irudia Sobrarbeko armarrian topatzen dugu. Horrek guztiorrek euskal kultura zaharrak haritzarekiko izan zuen begiruneaz hitz egiten digu.
Artahe
Bere izena Artehe edo Arte ere idazten da. 7 aldare aurkitu ziren Saint Pé d’Ardet-en, Ore-n eta Lourde-n.
Izen hau ere oso gardena da, euskarazko arte kontuan hartuta. Are gehiago, hitz hau Euskal Herri osoko leku-izen anitzetan ikusgai dago, hala nola, Artea, Arteaga, Arteta edo Artaza, baina Aragoiko Artieda eta Gaskoniako hainbat Arthez-etan ere.
Leheren
Jainko honen omenezko 21 harrizko aldareak Ardiége-n topatu ziren.
Lehen osagaiari erraz antzematen diogun arren, <EN(N)> atzizkia ez da ondo ulertzen, beste izen akitaniarretan ere (Belexenn, Borienn) agertzen dena.
Leher hitza gaur egun hain ezaguna ez bada ere (pinu mailegu latindarrak ordezkatuta), lertxun hitza bai dago nahiko zabalduta, nahiz eta oso bestelako zuhaitz mota adierazi. Lertxun eta euskalkietako lertxoin, lertzun eta leurtzin aldaerak seguruenez leher + zuhain elkarketatik eratortzen dira.
Bestelako zuhaitzak
Gauzak horrela, beste zuhaitz moten gurtzari buruzko hausnarketa baino ezin dugu egin, topatu ditugun latinezko inskripzio bakanak ez baitira nonbait egon ziren kultu guztiak, gehienak hain erromanizatuta ez zeuden lurraldeetan burutzen ziren heinean.
Teonimoez beste izen akitaniarretan, osagai ulergarriak dituzten artean, urki hitzari lotu genitzakeen Orcoeta eta Orcotarris aipatu behar dira. Bestetik ere Gaskoniako toponimoetan dagoena (Orcun, Orx, Urcuit), eta erabat arrunta Euskal Herrikoetan (Urkiola, Urkizu, Urkulu).
Aurreko artikulu batean, Gaskoniako eta Aragoiko euskal toponimoez aritu ginela, dirudienez nonahi agertzen zen beste zuhaitz izena bat haltz da, zeinaren etimologia eztabaidagarria den, hainbat hitz ahaide indoeuroparrekin daukan antzekotasunagatik (galieraz *alisa eta *aluz germanikoa). Osagai hau daukaten toponimoak hauek izan daitezke: Aragoiko Alastuey, Gaskoniako Alos, Ousse, Ossun eta Ouzous.
Zuhaitzen santutasunaren eta toponimoetan duten presentziaren arteko korrespondetzia hau kultura keltiarrean ere badugu, haien artean hagina (*ebor-) izan bide baitzen zuhaitz bereziki gurtua, eta horixe topatzen dugu Evora (Portugalen) eta Eboracum (> York, Ingalaterran) tankerako leku-izenetan.
Recent Comments