Euskararen lorratzak Gaskonian

Euskararen lorratzak toponimian [I] | [II] | [III]

Hizkuntzak: [EUS] | [FRA]

Aurreko artikuluan balizko euskal toponimoak Aragoien, Lleidan eta Andorran erakusten bagenituen, oraingo honetan Pirinioetako beste aldekoez arduratuko gara.
Gaskonia definitzeko badira hainbat era, baina oro har edozein modutan mugak oso antzekoak gertatzen zaizkigu.
Alde batetik, historikoki Wasconia Dukerriari zeritzon Gaskonia, Erresuma Frankoaren lurralde-antolaketaren parte. Bestetik, Gaskonia linguistikoaz ere hitz egiten da (Okzitania kontzeptu okerraren eskualde gisa edo ez), hau da, erromantze gaskoiaren lurralde tradizionala (gaur egun leku askotatik hizkuntza desagertuta egon arren). Beraz, entitate politikoa izan du Gaskoniak, horren mugak Gaskonia kulturalarekin bat zehatz-mehatz ez badatoz ere.

Gauzak horrela, zaila da Gaskonia eskualdeetan banatzea, batez ere Frantziar Iraultzetik hona banaketa administratiboa erabat aldatu delako. Ez dugu, beraz, Gaskonia zehazki zedarritzea helburu izan; irizpide gisa Garona ibaia hartu dugu ekialdeko eta iparraldeko muga, baina ikusiko dugunez, Pirinioaldean euskal kutsuko toponimoak haratago omen doaz.
Horrenbestez, Frantziako hego-mendebalde osoa hartzen duen eremua izan dugu aztergai.

Pirinioetako hegoaldeko isurialdean ez bezala, honetan aztarnak askoz zaharragoak izan daitezke, edo behintzat egungo euskara erabiliz identifikatu ditzakegun elementuak urriak dira. Baliteke Erromatar Garaian hemen hitz egin zen akitanieraren eragin desberdina dela zailtasunaren arrazoia. Bestalde, gaskoierak eta frantsesak toponimoetan eragin dituzten aldaketa fonetiko eta ortografikoak nabarmenagoak ditugu eta horiek ikaragarri zailtzen dute lana. Esaterako, –l– zahar asko –u– bilakatu dira; aldaketa bokalikoak ere ugariak izan dira (a>e, u>o, o>u, a>o …) eta hitz bukaerako bokalen galera sistematikoa.

Hona hemen behin behineko emaitza:

 

gaskonia-soilik

 

Zenbait ondorio atera ditzakegu mapari begira.

Lehenengo begirada batean argi eta garbi ikusi daiteke Biarnon euskal toponimoak ugari agertu zaizkigula, eta ez da batere harritzekoa. Dakigunez, Biarno eta Ipar Euskal Herria Frantziako departamentu berberan daude. Horretaz gain, Biarnon euskara luze-zabalean hedatuta zegoen Erdi Aroan, eta orain arte Eskiulan euskaraz egiten da (zubereraz), Biarnoko herria izanda ere.
Biarnoko ibarrak Zuberoatik oso hurbil daude; Aspe, Barétous eta Ossau ibarretan euskal toponimoak pilatzen dira, arestian euskaldunak zirelako froga. Izan ere, Koldo Zuazoren hizkuntzalariaren ustetan Zuberoako euskara Biarnon bertan sortu zitekeen, eta hortik mendebaldera hedatu.

Ekialderuntz jarraiki Pirinioaldeko Bigorran ere asko topatu ditugu (eskualdearen izena bera akitaniarra izaki: bigorri < ibai gorri?), baina eremu lauetan (Landetan, adibidez) euskal izenak ordezkatuak izan dira, gaskoieraren indarraren erakusle.

Erdialdean, ordea, (guk deitu dugun) Armagnac inguruan, ondo mantendu dira gutxi batzuk.
Izan ere, eremu horretan kokatu zen garai bateko Akitaniako (eta geroagoko Novempopulaniako) erdigunea: Eauze (Elusa) eta Auch (garai hartan Elimberrum > EH Irunberri/Lumbier) hiri hazi biak garaiko hiriburuak izan ziren.

Pirinioetako erdialdean Couserans eskualdea daukagu Ariege departamentuaren barruan. Consoranni herri akitaniarrarenak izan ziren lurretatik haratago badirudi euskal toponimoak oso zalantzazkoak direla, eta beharbada iberiar jatorrikoak (Kataluniako Urgell eta Cerdanya eskualdeetan gertatzen den moduan).

Eremu zabal batean, Ariege eta Landes barne, ein bukaerako toponimoek euskal eragina agertu dezakete; Garein, Alzein eta Irazein modukoak Euskal Herriko Agurain, Andoain eta holakoen baliokideak izan daitezke, multzo biak latineko –anum atzizkitik eratortzen diren heinean.

Bukatzeko, aipatu dezagun *-ose atzizkidun toponimoak nonahi daudela Gaskonian barrena, Euskal Herrian baino ohikoago eta Aragoien bezain ugari edo beharbada ugariagoak.

 

Toponimoak eskualdeka

Bearn
Arthez (eus. arte + -za; Aragoi Artieda; EH Artatza)
Arthez d’Asson (eus. arte)
Arthez de Béarn (eus. arte)
Artix (eus. arte)
Asasp-Arros (eus. haitz + haitz + –pe; eus har(ri) + *-ose)
Aspe (eus. haitz + –pe; EH Axpe, Azpeitia; ikus Asasp, Assat, Aspin, Aspet, Asque)
Assat (eus. haitz + arte/ate; Aragoi Atiart; EH Atxarte)
Asson (eus. haitz + gune)
Athas (eus. ate)
Aydie (eus. hai(tz) ?; Aragoi Ayerbe; EH Aia, Aiurdin; ikus Aydius)
Aydius (eus. hai(tz) ?; EH Adios)
Bidos (eus. bide + *-ose; EH Bidasoa; ikus Vidouze)
Borce < Borsa (eus. bur(u)– + –za)
Escos (eus. ezki + *-ose)
Escout < Scot (eus. haitz + –ko; EH Azkoitia)
Estos < Astos (eus. haitz + *-ose)
Eysus < Aisus (eus. haitz + *-ose; Aragoi Aísa; ikus Aydie, Aydius)
Garos (eus. gari/garo + *-ose; Aran Garós; EH Gariain, Gares)
Ger < Jerre (eus. herri; Lleida Gerri, Girona Ger; ikus Ger, Ger, Erp)
Gurs < Gurtz (eus. gorri/gurbitz/gurbe + -za; Errioxa Calahorra < Calagurris, Aragoi Loarre < Calagurris)
Issor (eus. iz– + ur– / isuri; Aragoi Isuerre, Lleida Isavarre; ikus Izourt)
Jouers (eus. oihar– + –za > *oiharz > *joarz; EH Oihartzun, Oiarso)
Lagor (eus. la(s)– + gorri; ikus Lescar, Lescun)
Laruns < Laruntz (eus. larre + gune + –za > larrauntza; Aragoi Larrés; EH Larraun; ikus Larra)
Lescar < Lascar < Lascurri (eus. lats + gorri / harri; Aragoi Lascuarre; EH Lasarte; ikus Lagor, Lescun)
Lescun < Lascun (eus. lats + gune; EH Sueskun)
Lourdios < L’Ordios (eus. urde / ord-, ordoki + *-ose; Aragoi Urdués, Ordesa, EH Ordizia; ikus Urdos)
Lurbe (eus. lur + –be; Aragoi Lorbés; ikus Lourdes, Lourde, Lorp)
Narp < Narba (eus. nabar; EH Narbaiza, Nabarniz)
Orcun (eus. urki + gune; EH Urkizu, Urkiola) [Bedous]
Ousse < Ossa (eus haltza > *ausa > *ousa; EH Altza)
Urdos (eus. urde / ord-, ordoki + *-ose; Aragoi Urdués; ikus Lourdios)

 

Bigorre
Arbéost (eus. harri + –be / baso?; EH Arbe, Arbaila; ikus Arbas, Erp)
Aspin-en-Lavedan (eus. haitz + –pe; EH Axpe; ikus Asasp, Aspet, Asque)
Asque (eus. haitz + –ka/-ko; EH Askartza; ikus Asques)
Asté < Aster < Ester (eus. etse + herri; Lleida Esterri)
Esparros (eus. haitz + barru / esparru + *-ose; EH Hasparne, Asparrena, Esparza)
Ger < Ierr (eus. herri; Lleida Gerri, Girona Ger; ikus Ger, Erp)
Ibos (eus. ib(ai)– + *-ose; Aragoi Ibon)
Lourdes < Lorda (eus. lur + ?; Aragoi Lorbés; ikus Lourde, Lurbe)
Lustar < Lustarri (eus. lohi + –za, + harri; ikus Luz-Saint Saveur)
Luz-Saint Saveur < Luus < Lunis (eus. *loni > lohi + –za; EH Lohizune, Luiaondo)
Oô (eus. ib(ai) + gune / on > ibon > *uon; Aragoi Ibon; ikus Ibos)
Ossun < Aussun (eus. haltz + gune; EH Altzuruku > Aussurucq)
Ourde < Orda (eus. ur / urde / ordoki; EH Urdaibai; ikus Lourdios)
Ouzous < Osos < Ausons (eus. haltz + *-ose; EH Osses)
Ozon (eus. haltz + gune; ikus Ossun)
Sarp (eus. sarri + pe; Lleida Sorpe; ikus Cierp)
Vidouze < Bidossa (eus. bide + *-ose; EH Bidasoa; ikus Bidos)
Viscos < Biscòs (eus. bizk– + *-ose; Aragoi Biscarrués, Lleida Biscarri, Bescaran; EH Bizkaia; ikus Biscarrosse)

 

Comminges
Arbas (eus. harri + –be/baso; ikus Arbéost)
Aspet (eus. haitz + -pe; ikus Aspe, Aspin)
Cierp-Gaud (eus. sarri + -pe; Lleida Sorpe; ikus Sarp)
Ger de Boutx (eus. herri; ikus Ger, Ger, Erp)
Lescuns (eus. lats + gune; ikus Lescun)
Lourde (eus. lur; ikus Lourdes, Lurbe, Lorp)
Urau (eus. ur-; ikus Ourde)

 

Couserans-Ariege
Alos (ak. alus– > eus. haltz; Lleida Alos; EH Aloze)
Alzen < Alzein (eus. haltz)
Aston (eus. haitz + *-duni; Aragoi Astún)
Auzat (eus. haltz + ate/arte; EH Haltzate)
Erp (eus. harri/herri + –pe)
Irazein (eus. ira, iratxe)
Izourt étang (eus. iz– + ur– + –te; Aragoi Isuerre, Lleida Isavarre; ikus Issor)
Lorp-Sentaraille (eus lur. + –pe; Aragoi Lorbés; ikus Lurbe)
Orus (eus. ur + *-ose; Aragoi Orús)
Oust (eus. haltz + ?; ikus Ousse, Ozon)
Surba (eus. sor-/soro + –pe; Lleida Sorpe; ikus Sarp, Cierp)

 

Landes
Arthez (eus. arte)
Arx (eus. harri + –za / hareitz)
Biaudos (eus. bide + *-ose; EH Bidasoa; ikus Bidos, Vidouze)
Biscarrosse (eus. bizkar + *-ose; Aragoi Biscarrués, Lleida Bescaran, Biscarri; EH Bizkaia)
Escource (eus. ezki/haitz + gorri + –za)
Esparros (eus. haitz + barru / esparru + *-ose; EH Hasparren, Asparrena, Esparza; ikus Esparros)
Garein (eus. gari/garo; EH Gariain, Gares)
Garrey (eus. garai/gar/gari/garo?)
Orx < Òrcs (eus. urki + –za; EH Urkizu; ikus Orcun)
Sore < Sòra (eus. *sor/soro)

 

Gironde
Bazas < Vasates (eus. baso, basa, basatza; Aragoi Basa)

 

Armagnac
Arros (eus. harri + *-ose; ikus Asasp-Arros, Montegut-Arros)
Arthez (eus. arte)
Asques (eus. haitz + –ka + –za; EH Askartza)
Berdoues < Berdonis (eus. ber– / berro? + *-doni; Aragoi Berdún, EH Berro, Bera, Beriain)
Eauze < Elusa (ak. *alus– > eus. haltz)
Espas (eus. haitz + –pe)
Gariès (eus. gari/garo + –za; EH Gares; ikus Garein, Garos)
Larra (eus. larre)
Montegut-Arros (eus. harri + *-ose; ikus Asasp-Arros)
Urgosse (eus. ur + ?? + *-ose; ikus Ourde, Urau)