Euskararen hedadura zaharra

Euskararen hedadura zaharra eta inguruko hizkuntza erromantzeen eremuak eta sorguneak, VII. mendetik XX. mendera.

Mapa dinamiko horretan euskararen muga zaharrei buruzko eta gure auzoko erromantzeen gaineko nire ideia eta susmo gehienak islatu nahi izan ditut. Mapa ez da erabat zehatza, lurralde oso zabala delako eta hizkuntzen bilakabidea faktore historiko askoren menpe egon delako. Dena dela, saiatu naiz zertzelada nagusiak ematen. Hona iruzkinduko ditut:

  • Baskoien eta akitaniarren hizkera multzoa Ozeano Atlantikotik gutxienez Andorraraino egon zen hedatuta, garai historikoetan, batez ere Erroma ostean badirudielako zabalpen mugatu bat egon zela Frankiako hego-mendebaldean (Vasconia dukerrian).
  • Erroma osteko latinaren banaketa goiztiarren artean “erromantze iberiarrak”, batetik, eta “erromantze galiarrak”, bestetik, zehaztu ohi dira. Seguruenez, aro bisigodoan hasi zen banaketa hori (VII. mendean).
  • Akitania probintzia erromatarra III. mendean bitan banatu zen: Novempopulania txikiagoan jatorrizko populazio akitaniarra (ez-indoeuroparra) gelditu zen, baina Akitania handian galiarrak (erromanizatuta) ere egon ziren.
  • Aro bisigodoan, Kantabria dukerriak gaurko Kantabria ez ezik, Palenzia, Burgos, Araba eta Errioxa ere hartzen zituen, hortaz lurralde horietan Ebroko lurraldeetako latin berantiarraz gain, Hispaniako ipar-mendebaldeko eragina ere egongo zen.
  • Ebroko lurraldeak erromanizatuenen artean egon ziren penintsula osoan, Erromarako lotura sendoagoekin. Hori dela eta, hango erromantzeek ekialdetik (Italiatik) zetozen ezaugarri gehiago izan zituzten, aldi berean lurralde periferikoagoetan (Galiako iparraldean, Hispaniako ipar-mendebaldean) gertatu ziren berrikuntzak eduki gabe. Al-Andaluseko erromantzeak ere (“mozarabe”-ak) aragoierarekin ezaugarri komun asko izan zituen. Tortosatik Errioxara egongo zen hiztun latindarren arteko harreman sare hau.
  • Normala denez, Pirinioetako alde bietako haran garaienetan populazio erromanizatu gutxiegi egongo zen bertako erromantze bat sortu ahal izateko. Ebro ibarreko erromantzeak, batetik, eta proto-okzitaniera, bestetik, poliki-poliki hasiko ziren lautadetatik haranetarako bidean, erreken arroetako bidexketatik.
  • Nafarroako Erresumaren sortze garaian euskara batzera egin zen indar politiko berriei esker. Mitxelenak hizkuntza egoera horri “Euskara Batu Zaharra” deitu zion (“vasco común”), gure gaurko euskalki guztien iturria, mendebaldeko eta ekialdeko euskarak aldendu baino lehenago.
  • Erresumaren eskutik hegoalderago eta mendebalderago hedatzen hasi zen euskara. Bestalde, iparraldean, Frankiaren presiopean Vasconiako euskal hiztunak hango erromantzea hasi ziren hitz egiten: gaskoiera sortu zen.
  • Frankiako Marka Hispanikoa dela eta, proto-okzitaniera hori Kataluniara ere aldatu zen. Baliteke Lleida inguruan Ebroko erromantzeak hedatuago egon izana eta proto-okzitanierarekin nahastuaz katalanaren sorrera gertatzea. Mendebalderago dagoen Ribagorza eskualdean bi erromantze multzo horien arteko nahasketa orain arte dago.
  • Garai gatazkatsu horietan, Leon eta Nafarroaren arteko lurraldeetan seguruenez populazio elebiduna egongo zen: asturleonesera zaharrean eta euskara zaharrean. Kantabriako ekialdean Berria edo Udalla moduko toponimoak daude, euren formagatik baliteke IX. mendea baino aurreragokoak (bErria, ez bArria; Araban Udalha > *udaLa > Udalla).
  • Garai bertsuan, erkidego elebidunak egongo ziren Nafarroako hegoaldean eta Errioxan: Ebroko erromantze zaharrak nafar-aragoiera bihurtzekotan zeudela, iparraldetik eramandako baskoien hizkuntzak presentzia handia izan zuen. Izan ere, apur bat beranduago, horren berri ematen digute Donemiliaga Kukulako glosek (euskaraz eta nafar-aragoieraren barruko errioxeraz idatzita).
  • Berpopulazioagatik edo, Errioxa garaian erkidego euskaldun elebakarrak ere egon ziren, gutxienez XIII. mendera arte Ojacastro herrian horrelako batek iraun zuen, uharte moduan, gainontzeko Errioxa erromantzatua baitzen.
  • Burgosko Merindadeak eskualdeko hegoaldean eta Bureba eskualde osoan ekialdeko asturleoneseraren, euskararen eta hurbileko nafar-aragoieraren (errioxeraren) arteko ukipena egon zen. XI. mende inguruan lurralde jakin horretan gaztelania jaio zen ekialdeko asturleoneseratik banatuta, erkidego elebidun erromantze-euskaldun batean, aldez behintzat.
  • Hain zuzen ere, Burgosko lurralde batzuetan ere euskaldunen berpopulazioa egon zen, toponimiak erakusten duen bezala. Errioxa eta Burgos hiriaren arteko eremu altu batean (Montes de Oca eta inguruan): Zalduendo, Galarde, Urrez, Uzquiza, Arraya, Bascuñana, Vizcainos…
  • Iparraldera begira, gaskoiera erromantzea nagusituko zen Gaskoniako lurralde lauetan (gehienetan), soilik Biarnon, Bigorran, Commingesen eta Couseransen ekialdeko euskara zaharra gordeta. Gainera, Biarnoko haranetan (Baretous, Aspe, Ossau) populazio euskaldun elebakarra egongo zen, Aragoiko Anso, Echo eta Sobrarben, Aran haranean eta Lleidako Pallars Sobiran bezala.
  • Coromines hizkuntzalari katalanaren ustetan, erkidego euskaldun txiki batek iraungo zuen Pallars Sobiran oso berandu arte (XIV-XV. m.?), euskararen beste lurraldeetatik bananduta. Hango toponimia oso adierazgarria da: Isavarre, Unarre, Escalarre, Esterri, Araos, Berros, Alos, Isil, Sorpe, Escart, Arestui...
  • Horretaz gain, nik Aragoiko Sobrarben ere beste uharte bat ipini dut (Ainsa, Jabierre, Escuain, Bielsa…).
  • Zer esanik ez, Nafarroa ondoko Aragoien beranduago arte gordeko zen euskara (Anso, Echo). Biarnon beharbada XVI. mendera arte, eta seguruenez, Biarnoko euskara gaurko zubereraren sorgunea izan zen.
  • Erdi Aroan aurrera, gaztelania Errioxan sartu zen eta hango erromantzea bere dialekto bihurtu. Era berean, XV.-XVI. mendeetarako (konkistarekin batera) nafar erromantzea desagertu zen, gaztelania barruan disolbatuz edo.
  • Kantabriera Bizkaia eta Araba sartaldean sartu zen, erkidego elebidunak sortuz Enkarterrin eta Aiaraldean; horrek sartaldeko euskaran izango zuen inpaktua.
  • Aldi berean, gaskoiera (Ipar Euskal Herriaz gain) Gipuzkoako ipar-ekialdean sartu zen: Hondarribia-Pasaia-Donostia. Gipuzkoako azken hiztun gaskoieraduna XX. mende hasieran hil zen.
  • Gaztelaniak iparralderantz jarraitu zuen, Merindadeetako kantabriera ezabatuz; mendebalderantz, Palenzian eta Leonen; eta azkenean, ekialderantz, Aragoiko Ebro ibarrean sartuz, aragoiera mendialdera baztertzeraino.
  • XVI.-XVII. mendeetatik aurrera, frantsesaren agerpena nabarmena da Gaskonian (Bordelen), eta Frantziako Iraultzatik aurrera edozein hiri hazitan (Baionan, adibidez).