Deklinabide zaharreko hitzak suomieraz

Deklinabide zaharreko hitzak suomieraz

Hizkuntza malgukarietan eta eransleetan izenak deklinatzen dira, hau da, izenen oinarriei atzizkiak eransten zaizkie zenbait balio gramatikal adierazteko. Hizkuntza malgukarietan (flexiboetan) oinarriak eta atzizkiak banatzea zailagoa da, eta normalean atzizki batek balio gramatikal bat baino gehiago hartzen du. Hizkuntza eransleetan (aglutinatzaileetan), aldiz, deklinabidea erregularragoa da.

Hori horrela, izen deklinabideak aldatuz doaz, kasu atzizkiz osatutako sistemak etengabe berrantolatzen ari direlako; kasu batzuk bazterreko bihurtzen dira, beste batzuk sortu eta orokortzen dira.
Kasuen bilakabide horien arrastoak badira hizkuntza gehienetan. Askotan, iraganean arruntak ziren kasu atzizkiak orain izenki mota jakin batekin soilik erabiltzen dira, hau da, lexikoki hautatutako izenekin (adb. etxea, hiria…) edo izenordainekin soilik.

Antza, kasu lokatiboek desagertzeko edo ordezkatzeko joera maizago erakusten dute, edo behintzat hizkuntza europarretan.

 

Suomieraz kasu lokatiboak (NON, NORA eta NONDIK galderei dagozkien kasuak) bikoiztuta dauden arren, pareek balio gramatikal oso antzekoa (berdina ez bada) dute; desberdintasuna hautapen lexikoan datza, izen batzuek pareen atzizki (kasu) bat behar dute eta besteek pareen bestea. Beste artikulu batean suomierak kasu lokatiboetan daukan alternantzia horretaz jardungo dugu.
Horretaz gain, beste 3 kasu “zaharrak” izen gutxi batzuekin agertzen dira, garai batean suomieraz arruntagoak omen ziren kasuen hondarrak izan daitezkeenak. 3 kasu desberdin dira, gradu desberdinetan ihartuta: bata ez oso ohikoa, bestea erabilera bereziarekin eta azken bat erabat ez-emankorra.
Ikus ditzagun

Missä? (NON) Mistä? (NONDIK) Mihin? (NORA)
koti (etxea) kotona kotoa (kotiin)
se (hura) sii sii (siihen)
ulko- (kanpo) ulkona ulkoa ulos
kauko- (urrun) kaukana kaukaa kauas

 

NON zutabean ikusten dugun kasu zaharretarikoak -na/-nä atzizkia dauka eta esiboa deritzogu.
Hala ere, hori dugu esiboaren erabilera zaharra (lokatiboa). Esiboak baditu bestelako balioak:
1) gisa, moduan, -tan.

Adibidez,
lapsena (ume moduan = txikitan)

2) denborazkoa

Adibidez,
lauantaina (larunbatean)

Balio gramatikal lokatibo berbera adierazteko izen gehienek inesiboa (-ssa/-ssä) edo adesiboa (-lla/-llä) erabiltzen dituzte.

 

NONDIK zutabean daukagun –(t)a/-(t)ä atzizkia partitibo kasuari dagokio.
Partitiboak, berriz, ez du normalean mugimendurik adierazten, hemen erakutsitako adibide bakanetatik kanpo (irakurri suomierazko partitiboari buruz hemen).
Izen gehienek elatiboa (-sta/-stä) edo ablatiboa (-lta/-ltä) erabiltzen dituzte abiapuntua adierazteko; kasu horiek biek partitibo zaharreko atzizkia (-ta) fosilduta daukate.

Dena dela, se izenordain anaforikoa dugu adibide gisa, baina egiari zor hor ditugun siinä eta siitä ofizialki inesiboko eta elatiboko formak dira, hurrenez hurren, nahiz eta atzizkiak argi eta garbi esibokoa eta partitibokoa diren. Izan ere, se izenordainaren esiboko eta partitiboko formek oinarri desberdina dituzte (eta ez atzizki desberdinak): sinä, sitä.

siinä (inesiboa) vs sinä (esiboa)
siitä (elatiboa) vs sitä (partitiboa)

 

NORA zutabean, ordea, lehenengo bi errenkadetan kasu arrunta darabilgu (ilatiboa deritzona): kotiin, siihen.
Beste bietan oso kasu ihartuta daukagu, latibo izenekoa, -s atzizkia duena.

Gaurko suomieraz latiboa adberbioetan/aditzondoetan soil-soilik agertzen zaigu: ylös (gora), alas (behera), pois (kanpora, utikan, at, alde), siis (se + latiboa: hortaz, beraz).
Latiboko –s atzizkiak beste kasu askoren atzizkiekin bat egin du bere ihartzeko prozesuan: –ssa/-s (<*-s+-na?) (inesiboa), –ksi (translatiboa-instrumentala), –sta/-s (elatiboa), –seen (ilatiboa).

 

Beste hizkuntzetako adibideak

Oso antzera, lokatibo zaharrak erabilera mugatua izan ohi du beste hizkuntza europarretan, hala nola, latinez edo errusieraz.

Latin zaharrak bazeukan kasu lokatibo emankor bat (aitzin-indoeuroperatik jarauntsia), baina garai klasikoan dagoeneko izen gutxi batzuekin erabiltzen zen. Horien artean domī (etxean), focī (sutondoan) edo humī (lurrean) zeuden, eta halaber, izen berezietan hirien izenak eta irla txikienak: Rōmae (Erroman)

Errusieraz are urriagoa dugu lokatiboa; erabileran kasu prepositiboak hartu dio gaina luze-zabalean. Izen berezien artean berriro ere ‘etxea’ daukagu:

где? [gdie] (NON) куда? [kuda] (NORA)
дом [dom] дома [doma] домой [damoy]

 

Baita izenordainak ere:

где? [gdie] (NON) куда? [kuda] (NORA)
здесь [zdies’] (hemen) сюда [siuda] (hona)
там [tam] (hor) туда [tuda] (horra)

 

Euskaraz ere hainbat kasu lokatibo lehian egon dira euskalkiz euskalki historian zehar.
Kasurako, –ti ablatibo zaharra , eta –(r)ik partitiboaren erabilera ablatiboa.
Horiek biak mendebaldeko euskalkian ondo gorde dira aditzondo eta esapide jakin batzuetan:
urruti, goiti, beheti > beiti
etxerik etxe

 

Era berean, zubererak deklinabide “zaharra” eta berria bereizten ditu kasu lokatiboetan; izen bereziek bat erabiltzen dute eta izen arruntek bestea.

NON NONDIK NORA
izen berezia Maulen Maulerik Maulerat
izen arrunta bortian bortütik bortialat

 

Hain zuzen ere, eta bukatzeko, zubereraz ere ‘etxe’ hitzak deklinabide zaharra darabil, zeureaz ari zarenean (suomieraz, latinez eta errusieraz bezala):

berezia etxen etxerik etxerat
arrunta etxean etxetik etxealat