Euskal erro zahar bat, hainbat toponimo Baskonia osoan zehar

Euskal erro zahar bat, hainbat toponimo Baskonia osoan zehar

Aitzineuskararako proposatutako *han erro monosilabikoa abiapuntu hartuta, pauso-pausoka erraz ikusi dezakegu nola hainbat leku-izen osatuz joan diren euskaraz hitz egin zen lurraldeetan.

Jatorrizko erroaren esanahia seguruenez gure gaurko handi adjektibotik gertu zegoen, eta hortik haitza-ra bidean ez dago jauzi handirik. Erro berbera ikusi nahi izan da epigrafia akitaniarreko zenbait izenetan (Andos, Andere…), eta halaber Andorra izenean.

Lehen eratorriari helduta, –di atzizki adjektibogilea –ti formapean daukagu hitz askotan (beldurti, lotsati…) eta ablatibo/prosekutibo marka zaharrean ere (-ti).

Bigarren eratorrian, aldiz, euskara zaharrean (AEMan?) oso ohikoa izan den -i atzizkia daukagu. Oro har, lasai asko esan dezagun adjektiboak eta izenak osatu dituela (adibidez, *gan errotik *gan-i > gain daukagu). Kasu honetan badirudi ‘haitz’-aren esanahia gorde zuen hitz eratorri zaharra zela. Espero izatekoa denez, bokal arteko -n- galdu zen, bokalak sudurkarituta utziz. Geroago, Grassmann legea dela eta, lehen (jatorrizko) hasperena galdu zen.

Galdutako *ãhî hitza baliatzen duten euskal hitzak dauzkagu, hala nola, uhain ‘ur haitza’ < *uh-ãhî < *ur + ãhî (> uhin ‘ olatua’), edo zuhain ‘zur haitza’ < *zuh-ãhî < *zur + ãhî (bestalde ere zuhaitz aldaera berriagoa daukagula, ãhî+za > haitz hitza baliatuta).

Ondo ikusten dugun bezala, toponimo gutxitan berreskuratu da sudurkaria: Ainhiz < *ãhî + iz(otz) (gaskoieraz Mongelos), Ainhoa < *ãhî + *-oa (Ondarroa, Nafarroa, Gipuzkoa). Kataluniako Pallars Garaian eskualdean ia toponimo guztiak euskal ondarekoak dira, eta han aurkitzen dugu Ainet, –et atzizki txikigarri katalanaz baliatuta (bestalde, Aneto-n daukagun berbera). Biarnoko Aydie eta Aydius herriak ez dira hain ziurrak, baina litekeena da *ãhî + -di (+ -os) batuketatik etorri izana.

Forma beroni beste erro zahar bat gehituz gero (*ger: oker, anker, ezker…), aiher hitzaren jatorria topatzen dugu. Hau da, ‘haitz okerra’ > malda, ‘inclinación, pendiente’. Bere horretan topatzen dugu Nafarroa Behereko Aiherre udalerrian. Hitz eratorri honi toponimoetako atzizki ohikoak erantsita, behean erakusten diren leku-izenak sortzen dira (Aierza > Aiesta, *garze > gaste bezala). Era berean, Aragoiko Ayerbe toponimoa dugu, Zuberoako Ainharbe ahaide hurbila izan daitekeela, sudurkaria berreskuratuz (izan ere, lekukotasun zaharretan sudurkaririk gabe agertzen zen, bokal sudurkarituaren nolabaiteko froga) . Gipuzkoa eta Nafarroa arteko dagoen Añarbeko urtegia ere jatorri berberekoa izango da. Familia honetakoak Añorbe nafarra eta Añorga donostiarra ere izan litezke.

Azken urrats hauetan *ãhî hitza bere emankortasun ohia galduz zihoala (hiztunentzako iluna ote zen? dena dela, Gipuzkoako Aia, Arabako Aiurdin eta Errioxako Aiabarrena, besteak beste, toponimoetan dago), atzizki eratorle berri bat erantsi zitzaion -z (*bel + -z > beltz), eta horrela gure euskara batuko ‘haitz’ formatik gertu dagoen hitz bat lortzen dugu. Gainontzeko toponimoak oso forma antzekoetatik sortu ziren. Aragoiko Aínsa eta Aísa leku-izenek hitz berberaren bi ordain desberdinak dirudite (batak sudurkaritasuna gorde duela; zenbat eta Euskal Herritik urrunago, orduan eta arkaismo gehiago). Biarnon ere gaurko Eysus, lehenengo lekukotasunetan Aisus izan zen (-os atzizkiarekin). Aragoiko Añisclo tontorra forma honen bidez ondo azaltzen da; horretan, baina, latineko –culus txikigarria gehituta: *ãhîz + -culu(m) > Añisclo (silaba trabatuarengatik, ezin izan da **ainsclo forma bat eratu).

Bukatze aldera, Erdi Arotik hona osatu diren toponimoak ditugu, *hãîz forma oinarrian dutenak, hasperena hitz hasierara mugituta. Hasperen horren arrastoa aurkitzen dugu Jaizkibel izenean. Mendebaldeko aldaera gehienak, ostera, -iz- > -x- bilakaera gertatu ondoren datozkigu. Hitza beregain gisa bukaerako txistukaria neutralizatu zen afrikatuaren mesedetan, hotsa indartuz. Horrela, -z > -tz, eta gero Mendebaldean -itz > -tx, hainbat lekutan ikusten ditugunak.