Postposizioak euskaraz eta suomieraz
Hizkuntza eranskarietan (aglutinatzaileetan), suomiera eta euskara bezala, kasuen atzizkiak edo hondarkiak nola sortu zitezkeen dugu hizpide askotan.
Batzuetan erantsitako atzizki horiek zaharrak diruditen arren, mota honetako hizkuntzek atzizkiak sortzeko baliabide eraginkor asko dituzte, eta birranalizatze prozesu baten bidez izenak izan ohi zirenek balio gramatikal soila hartu dezakete.
Beste era batera esanda, balio semantikoa edo “esanahia” galdu daiteke, esapide jakin baten erabileraren poderioz; azkenean, hiztunek bere funtzioagatik erabiltzen dute, esaldi batean adierazi nahi duten funtzioaren arabera aukeratzen dute hitz multzo hori, eta ez euren banako esanahi “semantikoarengatik”.
Izan ere, zenbait hizkuntzatan balio semantiko eta gramatikalaren arteko banaketa hau ez dago hain garbi. Txineraz, hain zuzen ere, preposizioak aditzak ere badira, edo aditz askok preposizio gisa jokatu dezakete.
Adibidez, 去 [qù] aditzak “joan” esan nahi du; baita ere, “nora” kasua adierazten duen preposizioa da.
Hori ikusita, nondik datorkigu guri esanahi semantikorik gabeko -(r)a atzizki hori mugimenduaren norabidea adierazteko?
Beharbada, joan aditz zahar batetik ere, edo aurpegia esan nahi zuen izen batetik. Batek daki, baina edozein kasutan hain da txikia bere egungo forma fonetikoa, non ezin den jakin.
Zenbait euskal postposizio aske
Dena dela, balio semantiko gutxiko osagai horiek, morfema lotu txiki horiek (-ra ezin da bere kasa ageri) izenetatik edo aditzetatik (lexemetatik) eratorri zitezkeen hizkuntza gehienetan.
Euskaraz oraindik ere agerian daude izenetatik eratorri ziren posposizioak, erraz ikusi daitezkeenak.
Etxearen barruan (edo etxe barruan) esaten dugunean leku zehatz bati egiten diogu erreferentzia, eta barruan hitzak kokapen espazial jakin bat ordezkatzen duela pentsatzen dugu, kokapen erlatibo bat, beste izen baten menpe dagoen leku bat. Beraz, esanahi semantiko txikia dauka bere kasa. Hala ere, barru hitza izentzat jotzen dugu oraindik, barru bat dauka edo barru handia da hori nekez esango genukeen arren.
Eskuarki, barru hori postposizio moduko esapideen osagai bat da, eta ez hitz oso bat (denborazko esapideak aparte: bi aste barru eta holakoak).
Lekuzko kasuak atxikita, barruan, barrutik edo barrura postposizioak ditugu. Postposizio aske hauek (ez daude berez morfema bati lotuta), postposizio aske guztiek bezala, kasu bat agintzen dute; honetan absolutibo mugagabea edo genitiboa.
Genitiboa (-(a)ren/-en) /Abs.mgg. + BARRU + Leku kasua (-an, -tik, -ra)
Kontua da, dena dela, barru hori seguruenez iraganean balio semantiko oso bat izan zuela. Hizkuntza askotan bezala, ziurtasun handiz “sabela” edo “erraiak” esan nahi izan zuen.
Hain zuzen ere, euskaraz ere barrenak edo barruak esan dezakegu kontzeptu fisiko/fisiologiko berbera adierazteko, barrua hustu esamoldeak ere ondo erakusten duenez.
Japonieraz ere adibide bertsua dugu.
中 (“barruan”, “erdian”) karaktere txinatarra [naka] irakurtzen da japonieraz.
Horrek esan nahi du japoniar jatorriko [naka] hitza esanahi berbereko karaktere txinatar batekin idaztea erabaki zutela garai batean.
[naka] hitza 中 idazten da postposizio moduan jokatzen badu (“barruan” balioarekin); aitzitik, bere jatorrizko izen esanahia duenean 腹 idazten dute, alegia, “sabela”.
Biak ala biak hitz berbera dira, edo izan ziren, [naka] “barruan” eta [naka] “sabela”; hiztunek hitz desberdintzat jo dituzte orain (bata postposizioa, bestea izena), eta desberdin idazten dituzte.
の[no] + 中[naka] + に[ni]: -(a)ren BARRU-an
家の中に
家[ie] の[no] 中[naka] に[ni]
ETXE-aren BARRU-an
Postposizioak maileguak ere izan daitezke
Ikusi dugunez, jatorriz izenak zirenetatik postposizioak sortzea oso erraza eta emankorra da.
Puntu honetara helduta, aipatu (edo aitortu) behar da mailegu hartutako izenekin ere antzeko prozesuak gertatzen direla, hiztunek ez dituztelako jatorrizko hitzen eta maileguen artean bereizten.
Oso adibide argia dugu euskaraz: kanpo.
Zalantzarik gabe, campo hitz erromantzetik sartu zen euskaran, nahiz eta ez “zelaia” esanahiarekin. Izan ere, landa izena, era berdinean, postposizio baliokidea ere bada.
Barru hitzarekin gertatzen zitzaigun legez, sarritan ez dugu kanpo bere kabuz erabiltzen (“aparte” esan nahi duenean salbu: horretaz kanpo), baizik eta lekuzko kasuekin batera: kanpoan, kanpora, kanpotik. Lexikalizatuta dago mailegua.
Era berean, at postposizio baliokidea ate euskal izenetik sortu zen. Postposizio biek “nondik” (ablatiboa) edo “zerez” (instrumentala) kasuak eskatzen dituzte.
Ablatiboa (-tik)/Instrumentala (-(a)z) + KANPO + (Leku kasua: -an, -ra, -tik)
Ablatiboa (-tik)/Instrumentala (-(a)z) + AT
Higadura fonetikoa
Fonetika dela medio, zenbaitetan, esapide horietako hitzak desitxuratzen dira, eta hortaz hiztunak ez dira osagai zaharrak identifikatzeko gai.
Izan ere, balio semantikoaren galerak nolabait higadura fonetikoa dakar. Hiztunek ez dituzte hitz independente gisa ikusten, eta berdin die osagai bakoitzaren ahoskera “zuzena”; hitz oso baten zatiak izango balira bezala ahoskatzen dituzte, eta apurka-apurka euren jatorrizko formak galtzen dituzte.
Ipar Euskal Herrian norabidearen helmuga adierazteko buruz postposizioa erabiltzen dute.
Postposizio honek kasu datiboa edo alatiboa eskatzen du, hau da, “zeri buruz” edo “nora buruz”. Agerian dagoenez, bere osagai nagusia buru euskal hitza da, bere balio semantikoa galduta.
mendiari buruz = mendi aldera
hirira(t) buruz = hiri aldera
Izan ere, kalko erromantze bat da esapide hau, zeren gaskoieraz eta katalanez ere “cap (t)à” esaten den, literalki -ra buru (“cap”).
Gauza bera honako esapide honetan:
genitiboa + buruan = (gazt.) al cabo de.
Hego Euskal Herrian, aldiz, -ri/-ra buruz hori erabat desitxuratu eta -ru(n)tz bihurtu zen. Ez da harritzekoa.
Euskal kasu soziatiboa eta postposizio lotuak
Inoiz euskal kasu soziatiborako antzeko bilakaera bat proposatu da. Egungo “norekin” honako egitura zaharraren ondorioa izango litzateke:
Genitibo zaharra -(r)e + *ki(de)- + Inesibo zaharra -n.
Genitibo zaharra pertsona izenordainetan gorde dena:
en-e, ni-re, zu-re, gu-re, ber-e.
Horietan -r- kontsonante epentetikoa izango litzateke, hiatoak banatzeko.
Izen gisa dugun kide edo antzeko forma bat esapidearen muinean legoke (aurreko adibideetan barru, kanpo, ate eta buru izenek betetzen zuten papera).
Kide-ren balio semantikoari erreparatuta, zentzu osoa dauka “noren konpainia” adierazten duen kasu soziatiboaren funtsa izateak.
Kide hitz elkartu zahar askotan agertzen da, baina gehienetan k-rik gabe:
ahaide, barride, senide, haurride, bidaide, gogaide, ezkontide, baina adiskide, auzokide, ikaskide… (gaur egun emankorra den bakarra -kide da).
Eta azkenik, inesibo zaharrak ez omen zuen bokalik eta -n soila zen bere atzizkia, gaur izen berezietan bezala:
Bilbo-n, Gasteiz-en (-e- epentetikoa da, ahoskera errazteko).
Esan beharra dago badirudiela atzizki zaharragoa n-rik gabekoa zela: -reki.
Horretaz aparte, -rekila eta -rekilan aldaera ustez berriagoak ere sortu dira.
Hori hipotesi bat besterik ez da, jakina.
Baina bide horretatik doa suomieraren soziatiboa ere.
Soziatiboko postposizioa suomieraz
Euskarak bezala, suomierak postposizioak erabiltzen ditu, lotuak (kasuen atzizkiak, pääte suomieraz), eta askeak ere (euskal gabe, artean, buruz, at bezalakoak).
Oraintxe harira datorkigun adibidea kanssa postposizio askea da.
Euskaraz bezala, postposizio askeek kasu jakin bat eskatzen dute aurrean duten izenean; kanssa-k genitiboa behar du egitura behar bezala osatzeko:
-(i)n genitiboa + kanssa = norekin (literalki “noren konpainian”)
KOIRA-n kanssa = TXAKURRA-re-kin
MIKEL-in kanssa = MIKEL-e-kin
(-i- bokal epentetikoa da kasu atzizkietan suomieraz)
Are gehiago, kanssa hitz laburtua da.
Jatorriz, kansa-ssa zen, hau da, kansa izena + -ssa atzizkia (kasu inesiboa). Postposizioa kansa izenarekin lotzeari utzi zioten hiztunek, eta horrek laburtu zuen.
Mendebaldeko euskalkietan -(r)i buruz > -ru(n)tz bilakaera gertatu zen antzera, -(i)n kanssa esamoldea zeharo aldatuta gauzatzen da suomieraren hizkera batzuetan, atzizki moduan (postposizio lotua), -nkans edo -nkaa.
Zer esan nahi du kansa izenak?
Gaur egun “nazioa” edo “herria” esan nahi du, baina seguru aski lehenago “jende multzoa” (“konpainia”) zen, batez ere hizkuntza indoeuropar batetik mailegu hartu zuenean.
Proto-germaniarrean *hansō hitzaren esanahia “bilgunea, multzoa, elkartea, jendetza” zen. Hortik dator Erdi Aroan famatua izan zen Hansa elkarte alemaniarra, Liga Hanseatikoa ere deritzona. Artisau eta merkatarien gremioen elkarte bat izan zen. “Konpainia” bat, hitz batez.
Hitz germaniar horren erro indoeuroparra *ḱómsōd- berreraiki da.
Bi erro indoeuroparren elkarketa: *ḱóm- eta *sōd-.
Lehenengoa (*ḱóm-) aurrizki gisa, bestela preposizio indoeuroparra ere bazena. Latinez cum preposizioa edota errusieraz с/со [s]/[so] (norekin edo zerekin).
Bigarren erroa (*sōd-), aldiz, izen bat zen, baina aditz erro batetik eratorria: *sed- (eseri), latinez sedere, ingelesez sit edo errusieraz сидеть [sidet’].
Horrenbestez, *ḱómsōd- hitz elkartuak “elkarrekin esertzea” edo antzeko esanahi bat izan zuen. Oinarrizko esanahi honetatik “elkartea” eta “bilgunea” sortu ziren, hala nola, latinez consilium (batzordea) eta errusieraz сосeд [sosed] (auzokidea).
Laburbilduz, suomierak izen indoeuropar bat hartu zuen mailegu (kansa < *ḱómsōd-) eta inesiboko kasu marka atxikita (-ssa) postposizio bihurtu zuen, hain zuzen ere, soziatiboa adierazten duen esapide bat, euskaraz -re-*ki(de)-n bezala.
Recent Comments