Tipologia morfologikoa: Japoniera (I): Aditz morfologia

Tipologia morfologikoa: Japoniera (I): Aditz morfologia

Tipologia morfologikoa: Japoniera. Atalak I | II
Dokumentu osoa PDFn hemen.

 

Morfologiari begira, morfemen arteko loturak bi irizpideren arabera sailka daizteke: sintesi maila eta bat-egite maila. Sailkapen biak gradazio mota dira, beren mutur bien artean erdibideko gauzatze ugarientzako lekua dago eta. Alegia, sintesi mailan mutur batean morfologia isolatzaile edo analitikoak aurkitzen ditugu, eta bestean (poli)sintetikoak. Era berean, bat-egite mailan alde batean morfologia aglutinatzaile, eransle edo eranskariak ditugu eta bestean flexibo, malgukari edo fusionalak.

Irizpide hauek hizkuntzak beren tipologia morfologikoaren arabera sailkatzeko erabili arren, hizkuntza jakin baten barruan morfologia mota desberdinekin topa gaitezke. Hain zuzen ere, oraingo honetan japonieraren kasua hizpide dugula, bere aditz morfologia eta izen morfologia alderatuko ditugu, batez ere sintesi maila aztergai izaki.

Aditz morfologia

Lehenik eta behin kontuan hartu behar dugu japonierazko aditzak jokatzen direla, eta flexio mota honen bidez hainbat zehaztapen gehitzen diotela ekintzari. Horien artean balio gramatikalak daude, hala nola, burututasuna, ezezkotasuna, formaltasun maila, iraunkortasuna, ahalera, baldintzazkoa… baina, euskaraz ez bezala, ez dago inongo komunztadurarik perpausaren gainontzeko osagaiekin (subjektuarekin, objektuekin eta abarrekin), ez pertsonakoa, ezta numerokoa ere. Hala ere, mota askotako atzizkiak erantsiz, euskaraz era analitikoagoan egituratzen dena japonierazko aditzak sintetikoki adieraz dezake.

Ikus ditzagun horietako forma batzuk 見る [miɾu]1 (begiratu) aditza adibide hartuta2:

見る [miɾu] bere oinarrizko forma edo infinitiboa izan daiteke, hiztegian agertzen dena. Ekintza ez-burutua (aspektua) adierazten du, beraz orainaldia edota geroaldia ordezkatzeko erabiltzen da:

begiratzen du(-t/-k/-n/Ø/-gu/-zu/-zue/-te), begiratuko du(-t/-k/-n/Ø/-gu/-zu/-zue/-te).

見ない [minai] forma honek ezezkotasuna (ez-burutua) adierazten du:

ez du(-t/-k/-n/Ø/-gu/-zu/-zue/-te) begiratzen, ez du(-t/-k/-n/Ø/-gu/-zu/-zue/-te) begiratuko.

見た [mita] forma honekin ekintza burutuez (aspektua) edota iraganaldiaz (aldia) hitz egiten dugu:

begiratu du(-t/-k/-n/Ø/-gu/-zu/-zue/-te), begiratu nuen/huen/zuen/genuen/zenuen/zenuten/zuten.

見よう [mijō] forma honen bidez agiantasuna (ekintza ez-burutuan) adierazten da:

begira(-tzen/-tuko) duke(-t/-k/-n/Ø/-gu/-zu/-zue/-te),

begira(-tzen/-tuko) bide du(-t/-k/-n/Ø/-gu/-zu/-zue/-te).

見ろ [miɾo] forma hau aginterari (modua) dagokio:

begira eza(-k/-n/-zu/-zue).

見たい [mitai] forma honek nahia adierazten du:

begiratu nahi du(-t/-k/-n/Ø/-gu/-zu/-zue/-te).

見たら [mitaɾa] forma hau baldintzazko mota bat da:

begiratzen badu(-t/-k/-n/Ø/-gu/-zu/-zue/-te), begiratzen du(-da/-a/-na/Ø/-gu/-zu/-zue/-te)-nean.

見れば [miɾeba] forma hau baldintzazko beste mota bat da:

begiratzen baldin badu(-t/-k/-n/Ø/-gu/-zu/-zue/-te).

見れる [miɾeɾu] forma hau euskarazko ahaleraren baliokidea da:

begira dezake(-t/-k/-n/Ø/-gu/-zu/-zue/-te).

見させる [miśaśeru] forma honek kausatiboa edo arazlea adierazten du:

begirarazten du(-t/-k/-n/Ø/-gu/-zu/-zue/-te).

見られる [miɾaɾeɾu] forma honek pasiboa (boza) ordezkatzen du:

begiratua(k) naiz/haiz/da/gara/zara/zarete/dira.

Goiko adibidei erreparatuz adizkiek darabiltzaten morfema gramatikal asko identifika ditzakegu, hots, -ru, -nai, -ta, -yō, -ro, -tai, -tara, -reba, -reru, -saseru, -rareru eta -eru1, eta hauei guztiei balio gramatikal zehatz bat esleitu dakieke.

Aipatutako forma horietaz gain, atzizkiek badute metatzeko edo pilatzeko ahalmena2 eta hortaz bata bestearen atzean erants daitezke, hurrenkera mugatu batean, adizkiak sortzeko gaitasuna biderkatzen:

見る [miɾu] + ARAZLEA = 見させる [miśaśeru]

見させる [miśaśeru] + NAHIA = 見させたい [miśaśetai]

見させたい [miśaśetai] + EZEZKOTASUNA = 見させたくない [miśaśetakunai]

見させたくない [miśaśetakunai] + BURUTUA = 見させたくなかった [miśaśetakunakatta] 

Azken honek aditzaren oinarrizko esanahi lexikalari honako balio gramatikalak gehitu dizkio:

BEGIRATU + ARAZLEA + NAHIA + EZEZKOTASUNA + BURUTUA3

Adibidez: ez nuen begirarazi nahi izan.

Gainera, aditzari -masu atzizkia eransten bazaio erregistro formaletan erabilitako aldaerak sor daitezke, dagoeneko aipatutako morfema guztiak oinarri horri gehitu dakizkiola, adizkien sail formal oso bat sortzen: mimasu, mimasen, mimashita, mimasendeshita, mimashō

Adibideok ikusita, esan dezakegu aditz morfologia japonieraz sintetikoa eta eranslea dela, zeren eta aztertu ditugun morfema gramatikalak uztartuak baitira, eta aditzari eransten zaizkionean unitate prosodiko bakarra (“hitza”, kasu honetan “aditz jokatua”) osatzen baitute. Erakutsi dugun bezala, alderdi batzuetan japonierazko adizkien osaketa euskarazkoena baino sintetikoagoa eta eransleagoa da, nahiz eta subjektuarekiko edota objektuarekiko komunztadurarik ez egin, eta, euskaraz ez bezala, soilik aditzaren ondoren4 erantsi daitezke morfema gramatikalak.

Esku artean daukagun materiala sakonago ikertzekotan, bagara zenbait suposizio egiteko gai. Esaterako, morfema gramatikal horien alomorfo batzuk ikusi ahal izan ditugu, hala nola, -tai eta -taku- (beste atzizki bat gehitzean) edo -nai eta -nakaC- (beste atzizki bat gehitzean), testuinguru fonologikoek baldintzatuta.

Balirudike aditz-erroa eta atzizkiak eransten zaizkion oinarria bat eta bera direla, eta, egia esanez, horrela gertatzen zaigu miru aditzaren kasuan, biak *mi- izanda (lexema).

Hala ere, beste aditz bat (behean iku, “joan” esan nahi duena) eredu hartuz gero, aditz-erroa eta atzizkien oinarria ez datozela bat argi ikusiko genuke:

行く [iku]: ez-burutua

行かない [ikanai]: ez-burutua + ezezkoa

行ける [ikeɾu]: ahalera

行けば [ikeba]: baldintzazko bat

行った [itta]: burutua

行きたい [ikitai]: nahia

行こう [ikō]: agiantasuna

行け [ike]: agintera

行きます [ikimaśu]: ez-burutua + formala

Beraz, miru eta iku aditzen adibideak alderatzen baditugu, atzizki berberen aldaera desberdinak erabiltzen direla ohartuko gara. Horiek kontuan hartuta, iradoki genezake jatorriz bokalez amaitutako aditzek (hau da, miru) eta kontsonantez amaitutakoek (hau da, iku) ez direla era berean jokatzen. Eta jatorriz nabarmendu nahi genuke, zeren eta egungo japonieraz biak -u bokalean amaitzen direla ematen baitu, nahiz eta bokal horren agerpena silaba mailako murriztapen fonotaktikoak direla medio gertatu den. Japonieraren fonologia oso zurruna dela, silabaren koda posizioan kontsonanterik5 onartzen ez duenez, bokal epentetiko hori (-u) agertzen da, ebakera ahalbidetuz. Hori dela eta, esan dezakegu miru-ren aditz-erroa *mi- dela, eta, aldiz, iku-rena *ik-; gogoan izan -ru/-u morfema gramatikal (ekintza ez-burutua) berberaren alomorfo bi izango direla, bata bokalez amaitutako aditzekin (loturazko -r- epentetiko bat gehituta) eta bestea bukaera kontsonantikokoekin. Halaber, -reba/-eba atzizki parea (baldintzazkoa) banaketa osagarri berberan6 daukagu, -yō/-ō agiantasunean (bokalez amaituz gero yod epentetikoa sartzen dela), edota -ro/-e aginteraren kasuan, non aldaera fonetiko soilaren ordez suplezioa aurkitzen dugun. Alabaina, aditz bien artean partekatutako atzizkiak badira: -nai (ezezkotasuna), -tai (nahia), -masu (formaltasuna) eta -ta7 (burutua), besteak beste.

Aditz-erroa eta oinarriak bereiztu aurretik, izen morfologia sailean luzeago garatuko den kontu bati buruz aurreratuko dugu, hau da, ortografiarena, tradizionalki “hitzak” zer diren jakiteko garrantzitsua izan da eta.

Japoniar hizkuntza hiru alfabetoz baliatzen denez, bakoitzari funtzio desberdin bat egokitzen zaio. Oro har, esan daiteke karaktere txinatarrek (kanji japonieraz) morfema lexikalak (edo lexemak, esanahi lexiko handiko morfemak) ordezkatzen dituztela eta karaktere japoniarrek (hiragana japonieraz), aldiz, morfema gramatikalak (kasu honetan, batez ere flexio hizkiak eta partikulak).

Hirugarren alfabetoa (katakana) mailegatutako lexema atzerritarrak idazteko erabiltzen da.

Salbuespenak salbuespen8, eskuarki horrela funtzionatzen du bere idazkera sistemak. Baina, hotsak silaba irekietan halabeharrez banatu behar dituztenez (kodan ager daitekeen hots kontsonantiko bakarra -n da), askotan lexemaren eta morfema gramatikalaren arteko muga karaktereen artean geratzen da. Miru aditzaren kasuan argi dago lexema (aditz-erroa) eta karaktere txinatarra bat datozela:

[mi]: karakterearen ahoskera eta aditz-erroa berbera dira, hau da, *mi-. Aditz-erro hau atzizkien oinarritzat ere hartzen dugu.

Baina ez hainbeste iku-ren kasuan:

[i]: **i- ez da inola ere aditz-erroa, frogatu dugunez *ik- dena. 行く[iku] aditzaren forma honetan bi karaktere ditugu, lehena txinatarra [i] (kanji) eta bigarrena japoniarra [ku] (hiragana), baina azkeneko honen -k- hotsa aditz-erroari dagokio, eta -u, berriz, atzizkiari (ekintza ez-burutua adierazten duen morfema gramatikalari), [ik] moduko silaba idazkera japoniarraz beregain idatzi ezin delako.

Are gehiago, *ik- aditz-erroa bada ere, ez da beti atzizkien oinarria, dirudienez, eta ezezkotasun, nahia edo formaltasun atzizkiak eransterakoan beste oinarriak agertzen zaizkigu:

*ika- (+ -nai), *iki- (+ -masu, + -tai), euskal terminologia erabiliz aditzoin desberdintzat jo ditzakegunak9.

Horrek nolabait morfema uztartuak direlako ideia berrindartzen du, oinarriaren eta atzizkiaren arteko lotura agerian azaltzen baitzaigu, eta beraz morfologia sintetiko baten aurrean gaudela sinistarazten digu.

Sail honekin bukatzeko, sintesi maila japonieraren aditz morfologia sintetikoa izanda, bat-egite mailan eranslea ere badela argudiatu dugu, morfema gramatikalen eta atzizkien arteko erlazioa zuzena eta adierabakarra da eta.

Oharrak:

1Gauzak errazte aldera beren grafia latindarra erabiliko dut, japonieraz rōmaji (“hizki erromatarrak”) deitzen dena.

2Morfologia eransleen berariazko ezaugarritzat hartu izan dena, flexiboetan orokorrean gertatzen ez delako, mota biak morfologia sintetikoak izanda ere.

3Bistan denez, hitzeko morfemen ratioa nahiko handia da, 5 morfema hitz bakar batean kasu honetan. Horrelako ratioak hizkuntza sintetiko eranskarien erakusgai dira.

4‘Left-branching’ deitutakoa, ingelesez. Horrelakoetan oso aurrizki gutxi daude.

5 ‘n’ ez bada, edota -t-, -p-, -k- bikoiztuta baldin badaude, eta ez da hitz-bukaera, orduan.

6_V+ -(r)eba => -Vreba; _C+-(r)eba => _Ceba

7Honetan beste prozesu fonetiko baten lekuko dugu: _k+-ta => _tta. Aditz-erroko kontsonantea -n, -m edo -b bada, horrela gauzatzen da: _n/m/b+-ta => _nda.

8Adibidez, animalia izenak zenbaitetan katakanaz idazten dira, jatorri japoniarreko lexema arrunt batzuk hiraganaz eta morfema gramatikal batzuk (aurrizkiak barne) kanjiz.

9Batek esan dezake ikanai eta ikimasu adizkien formetan *ik- oinarria izan daitekeela eta –anai eta -imasu -nai eta -masu atzizkien alomorfoak, hurrenez hurren, baina hizkuntzalariek esan ohi dute *ika- eta *iki- horiek aditzoinak direla (irrealis eta adverbial ingelesez deritzenak, mizen eta renyō japonieraz). Ikus Shibatani (1990) 224 orr., 232-233 orr.

1Fonologiko /miru/ idatz genezake, [r] eta [ɾ] fonoak japonieraz ez baitira bereizten, eta ia testuinguru guztietan alofonak dira (nahiz eta [ɾ] askoz ohikoagoa izan, eta normatiboki hobetsita dagoena).

2Ikus Tanimori (1994) 299 orr., 301 orr., 303-311 orr.