Japoniako historiaurrea
Japoniera: garapen diakronikoa eta bere inguruko hizkuntzak [I] | [II] | [III]
Japoniako historiaurreaz asko jakiten ez den arren, badakigu Jômon izeneko kultura materiala irla guztietan hedatuta zegoela. Hokkaidô-tik Okinawa-ra bere aztarnak aurkitu dira, hala nola, erabiltzen ziren tresnak eta berezko zituzten buztinezko ontziak.
Garai oso zaharretan heldu omen ziren jômondarrak Japoniako irletara, k.a. 10.000 urte inguruan; eta garai historikoetara iraun zuten, k.a. 3. mendera arte edo. Harri Aroko kultura ehiztari-biltzailea zen eta hortaz ez zekiten lurra lantzen edo burdina ekoizten.
Ozeano Bareko beste kultura batzuekin lotu nahi izan da Jômon herria; hala ere, ez dakigu euren hizkuntzaz ezer, eta Burdin Aroan kontinentetik etorritako kultura berri baten bultzadak desagerrarazi zituen.
Lehenengo migrazioak
Korean barrena Japoniara zeharkatu zuen kultura berri horren izena Yayoi da.
Arroza ereitzeko teknika eta burdina ekarri zituzten kontinentetik eta horrek aldaketa sozialak ere ekarri zituen. Gizataldeetako hierarkiak osatzen hasi ziren, gizarte maila desberdinak sortuz.
Euren aztarnarik zaharrenak Kyûshû-ko iparraldean aurkitu dira, Koreatik gertuen dagoen tokian, hain zuzen ere. Adituen arabera, kultura material oso antzekoak dira Koreako hegoaldean garai hartan topatzen ditugunak.
Seguruenez, Asiako lautadetatik etorritako gizaki hauek japonieraren hazia ekarri zuten, aurreko Jômon hizkuntza(k) ezabatuz, asimilatuz edo baztertuz. Mila urte geroago lekukotasunetan agertuko zitzaigun japoniera zaharra dugu oinordea.
Bestetik ere, litekeena da herri bi horiek, Jômon eta Yayoi, hein batean nahastu zirela kultural eta etnikoki. Horren froga aurkitzen saiatuko gara.
Recent Comments