Haritza eta Iñhazia (I. atala)
Hizkuntzak: [EUS] | [ENG]
Atalak: Haritza… (I) | …eta Iñhazia (II)
Akitaniako jainkoak eta euskal mitologia
Aurreko artikulu batean Akitaniako euskaldunen sinesmenen zantzuen atzetik ibili ginela, ondorioztatu ahal izan genuen euren panteoian natur indarrek eta bereziki zuhaitzek leku garrantzitsua zeukatela.
Aipatu genituen izenen artean oraingo honetan bi nabarmenduko nituzke; batetik, latinez idatzitako aldare batean (Pouzac herrixkan) agertutako Fulguri Deo, eta bestetik Areixo Deo, aldareetan birritan ageria (Pouzac-etik 60 kilometrora). Jainko biek Akitaniako ekialdean eduki zuten gurtza, duela 2000 urte, baina haien arteko erlaziorik ez da sumatu.
Fulguri Deo-ri dagokionez, jakina inskripzioa forma latindar deklinatuan dagoela, Fulgur Deus datiboan (Nori? forman, eskaintza da eta), hau da, Tximistaren Jainkoa. Gaur oraindik ere frantsesez hitza bera darabilte, pluraleko formatik (lat. fulgura) eratorritako foudre (tximista).
Era berean, nabarmendu dugun bestea, Areixo Deo, Marti Arixoni gisa ere badugu lekukotuta. Biak ala biak datibodun forma batean daude, eta beraz nolabait desitxuratuta. Lehenengoa Areixus Deus izango litzateke nominatiboan, eta bigarrena Mars Arixo(n). Inskripzio bien formak baliatuz, berreraiki dezakegun jatorrizko izena *Areix da, ziurtasun handiz –us eta –o(n) nominatibo latindarra eratzeko atzizki gehigarriak ziren eta. Hori bai, grafia akitaniarra kontuan hartuta, hizkiak hots txistukari afrikatua adierazten zuen, kasu honetan. Hortaz, (h)areitz hitza dugu oinarrian, hau da, haritza-ren aldaera zaharra. Hala ere, honetaz eta euskal kulturan haritzak izan duen garrantziaz beste artikuluan jardun genuen.
Marterekiko, gudaren jainkoarekiko, identifikazioak argiro hitz egiten digu bere nortasun belikoari buruz (mitologia germaniarraren Odin edo Tyr bezalatsukoa), aldi berean Marte Erromako jainko nagusienetako bat izanik (nagusiena Jupiterren atzetik). Gudari ez ezik, nekazaritzari ere atxiki zioten erromatarrek, oro har izaera oneko jainkotzat hartuta. Hain leku nabarmena zeukan, ezen Martin pertsona izena sortu eta Europa osora zabaldu zuen.
Dakigunez, Euskal Herrian ere arrakastatsua suertatu zen izena, euskal mitologian ere bere isla edukitzeraino: Martin Txiki, nekazaritzaren eta burdingintzaren agerpenari lotutako pertsonaia mitikoa, Gipuzkoa eta Nafarroako ipuinetan. Martin Txiki bezalako “kultur heroiak” munduko mitologia guztietan agertzen dira eta gizadiari laguntzen diote jainkoei teknologia lapurtuz. Kasu honetan Basajaunari ebatsi zizkion ondo gordetako teknika berriak, euskaldunon onerako.
Erakutsi genuen bezala, Akitanian bazegoen Silvanus (basoetako) jainkoaren gurtza, Basajaunaren aitzinekoa izan zitekeena.
Aipagarria da (mitoaren antzinatasunaren froga gisa) Aragoiko haranetan ere bi pertsonaiak elkarrekin azaltzen direla bertako kondairetan, Basajarau eta Martiniko.
Esanak esan, egia da ezer gutxi dakigula jainko bi hauen mitoen inguruan, Tximista eta Haritza, aldareetan aurkitutako hainbat jainko akitaniarren artean bi izen baino ez dira eta. Hala eta guztiz ere, hariari tiraka, gustatuko litzaidake haritzen eta tximisten arteko loturan sakontzea, eta horretarako urrunago joan beharko dugu.
Euskal Herritik Errusiako estepetara, eta buelta Mendebaldera
Ez gara, ordea, Europatik irtengo, hizkuntza eta mito indoeuroparretan murgilduko baikara lotura honen bila.
Bietako hipotesi baten arabera, indoeuroparren sorterria Europa ekialdeko estepetan egon zen, Errusia eta Ukrainaren arteko mugaldean.
Handik lau haizetara hedatuko ziren, ekialdera (iraniarrak eta tokariarrak), hego-ekialdera (iraniarrak eta indiarrak), hego-mendebaldera (helenikoak, iliriarrak, daziarrak, traziarrak…), ipar-mendebaldera (eslabiarrak eta baltikoak), mendebaldera (germaniarrak, zeltak, italikoak…), guztiek enbor bereko hizkuntza ahaideak eramaten.
Hizkuntzalaritza historikoari esker hizkuntza hauen arteko erlazioen berri eduki ahal izan dugu, eta zehaztasun handiarekin balizko erro eta hitz zaharrak berreraiki dira.
Horietako bat *perk(w)– erroa dugu.
Latineko ordaina, *perkw-os > quercus, beharbada ezagunago dugu, haritzaren izen zientifikoan erabiltzen baita.
Antzera, beste zuhaitz mota bat izendatzeko *perk(w)-os > *ferhuz proto-germaniarrak nordiko zaharreko fjörr (pinua; zuhaitz mota bat) eta ingelesezko fir (izeia) hitzei bidea eman zien.
Hurbileko eratorri batek forest (basoa) hitza ere sortu zuen.
Baina proto-indoeuroperak bazeuzkan izen bereziak sortzeko beste atzizki batzuk, hala nola, *-no- erlaziozkoa (“zerbaiti datxekiona”). Hortik daukagu berreraikitako *Perk(w)u-no-s.
Hain zuzen ere, izen honetan datza artikuluaren mamia, hizkuntza baltiko guztietan izen honen ordainak baliatuz izendatu baitzuten euren jainko nagusia:
Perkûnas (lituanieraz), Pêrkons (letonieraz), Perkûns (prusieraz): Tximistaren Jainkoa.
Hizkuntza baltikoek (batez ere lituanierak) indoeuropera zaharraren ezaugarri ugari gorde dituzte, bestek baino gehiago, nonbait. Jainko honen gurtza ere antzinako garai zaharretatik mantendu bide zuten, indoeuropar talde gehienetan era batera edo bestera agertzen baita.
Lituaniar eta letoniar kontakizunetan Perkûnas tximista eta trumoien jauna ez ezik, ekaitzarena, mendiena, haritzarena eta zeruarena ere bazen.
19. mendean bildutako ipuin gehienen arabera, Ama Lurrarekin (Zhemyna, erkatu errusieraz земля [zemlya], “lurra”) dago ezkonduta, mendi altuen gailurretan bizi da eta ekaitzetan harriak jaurtitzen ditu zerutik. Zenbaitetan, bi ahuntz dituen gurdi baten gainean ibiltzen da zeruetatik.
Perkûnas izena edukitzeaz gain, Lituanian bestelako goitizen asko izan ditu, gehienak nolabait onomatopeikoak, trumoiak dakarren hotsa dela eta, besteak beste, Dundulis, Dindutis, Dudu senis, Tarškulis, Tarškutis, Blizgulis, eta abar.
Beraz, hor dugu lotura sendoa, etimologikoa eta mitologikoa, tximista eta haritzaren artean, indoeuropar zaharren sinesmenetan.
Gaurko lituanieraz ere perkûnas eta perkûnsargis dira trumoia eta tximista, hurrenez hurren, adierazteko izen arruntak.
Mito hauek ez dira, ostera, Baltikoko herrietara mugatzen. Herri uralikoak hainbat talde indoeuroparrekin luzaro egon ziren harremanetan; lehenengoz iraniarrekin, eta geroago baltikoekin. Finikoak herri germaniarrekin parez pare bizi izan dira aspalditik, eta bestalde herri eslabiarren eragina, berriena izan bada ere, luze eta sakon izan da hainbatetan.
Harreman hauen guztien ondorioz, mailegu multzo nabaria egokitu dute euren hizkuntzetara.
Perkele, baltikoengandik mailegatu zuten teonimoa (Perkûnas-en hitz ahaidea), gaur egun deabruaren ohiko deitura da suomieraz, eta finlandiarrek interjekzio moduan ere darabilte, gure demontre! bezala. Seguruenez, kristautasunaren helduerarekin batera jainkoaren izaera demonizatu zen eta, batzuen arabera, Ukko zeruaren jainko ohiaren beste izen bat izan zen, beherago iruzkinduko duguna.
Mendebalderago joanez, germaniarrek ere bazeukaten *Perk(w)unos-en oinorde etimologikoa; hori ikusten dugu Fjörgynn (< *ferguns) Odin jainkoaren izen zahar batean, Fjörgyn bere emaztea zela. Azken hau Ama Lurraren zentzuan ere, edo “lurra” izen arruntaren ordez ere poesia nordikoan erabiltzen zen.
Erlazio etimologikoa dugu zuhaitza eta mundua (“lurra”) lotzeko, *ferhuz proto-germaniarretik ateratako fairhus gotikoak mundua esan nahi baitzuen; agian *per– (inguru, zehar) erro indoeuroparra nahastu zen bere semantikan (hortik daukagu periferia, adibidez), eta mundua inguratzen zuen zuhaitza iradoki zien. Munduko Zuhaitzaren mitoa (Yggdrasil nordiko zaharreraz) oinarrizkoenetariko bat da mitologia germanikoan, bata (zuhaitza) bestearekin (mundua) identifikatuz.
Gauzak horrela, panteoi germaniar zaharrean ere aurkitzen dugu mitologia baltikoan zegoen bikote hori: Zeruaren/Ekaitzen jainkoa (jatorriz haritzarena) eta Ama Lurra jainkosa.
Puntu honetan, izen hauen harira, zehaztu nahi nuke mitoak nahasten direla, eta pertsonaia bakarra izan zena bi bihurtu daiteke erraz, aita eta semea sarritan, batzuetan mitoaren ezaugarriak bitan banatuz, bestetan bi mito batean lotuz. Horretaz gustatuko litzaidake aritzea beste artikulu batean Sigurd-en mitoari buruz, kondairak nola garatzen diren eta nola eraldatzen diren.
Belaunaldiz belaunaldi, ahozko tradizioari eutsita, kontakizuna aldatuz zihoan, gizartea aldatzen zen heinean, mitoa berregituratzen zuten, leku eta garaiaren hobespenen arabera. Jainko hauek deitura asko zituztenez, euren askotariko izaera zela eta, izen hauen azpian batzuek eta besteek jainko desberdinak edo jainko berbera ikusi nahi izan zuten.
Mitologia greziarra eta germaniarra adibidetzat hartuta, ematen du jainkoen inguruko ezaugarriak behin eta berriro errepikatzen direla, azkenean garai klasikoetan idazleren batek corpus nahiko koherente batean bilduta. Mitologia bietan Ouranos/Zeus/Apollo zein Tyr/Odin/Thor jainkoak lehian egon dira; lehenengoak geruza zaharreneko jainko indoeuroparrak behinola izan ziren.
Ouranos greziera zaharreraz “zerua” esan nahi zuen besterik gabe, izen arrunt gisa nahiz jainkoaren izena. Guganaino iritsi den corpus mitologikoaren arabera, Zeus-en aitita zen eta Gaia (“Ama Lurra” berriro) zuen emazte. Jakina, garai klasikoetan Zeus zuten jainko nagusi greziarrek, tximistaren jainkoa, baina Apollon-ren ospea, argiaren jainko moduan, goraka zebilen. Ez zen, hala ere, aurrekoa ordezkatzera heldu.
Germaniarren Týr / Tîwaz jainkoa, etimologikoki latinezko Deus-i lotua, esanahiari begira zeruaren edo egunaren jainkoa aurreko garai batean izan zen arren, bikingoen aroan gudaren jainkoa zen, erromatarren Marte bezala. Horregatik daukagu Tuesday (Tiw‘s Day) / Martes (Martis Dies). Erro honen inguruan gehiago zehaztuko dugu beherago. Dena dela, bere kokagunea jainko nagusien artean Odin, Thor eta Frigg-en atzetik baztertuta gelditu zen.
Adituek dioskute Thor eta Odin jainkoen gurtzak ere lehian egon zirela, garairik garai eta lekurik leku bata bestea baino gurtuagoa izanik. Ez dakigu zaharrena zein den, baina Thor-en atributuak beste jainko zerutiar indoeuroparrekin bat datoz. Erromatarrek Jupiterrekin identifikatu zuten, eta hortik datorkigu Thursday (Thunor‘s Day) / Jueves (Jovis Dies) eguna; halaber, Zeus, Jupiter eta Thor jainkoen sinboloak trumoia, tximista eta haritza izan ziren. Alemanian izan zuen haritz sakratu bat Donar jainkoak (Thor-en izen alemaniarra).
Paralelotasun nabariak topatzen ditugu berriro ezkontideei erreparatzen badiegu:
Alde batetik, Odin eta Jörd (Ama Lurra, ingelesezko ‘earth’-en hitz ahaide zuzena, Fjörgyn izena ere badauka), eta bestetik, Thor eta Síf (lurraren jainkosa, nekazaritzari lotuta gariaren bitartez). Thor bere emaztearen bidez emankortasunaren jainkoa ere bazen.
Horrenbestez, gurtza indoeuropar hau bere jatorrizko forman, oinarrizkoenean nonbait, Aita Zerua (haritza/trumoia/tximistaren jainkoa) zeukan bere erdigunean, betiere Ama Lurrarekin ezkonduta, bien artean nekazaritza ahalbidetzen baitzuten, eguraldi eta soloaren arteko erlazioa azpimarratzen zuen metafora nahiko argi batean.
Parentesi hau itxita, gure *perk(w)– (haritza) errora itzuliz jarraitu dezakegu aurrera. Leku izena adierazteko beste atzizki eratorle bat erantsiz gero, *perk(w)u-nia > *fergunja (basamendia) dugu proto-germanieran, Antzinateko Oihan Beltzaren alderdi batzuk izendatzeko erabilia ere, Fergunna: Bohemiako Oihana, bestela Miriquidi (Mirkwood “Oihan Iluna”) izenpean ere ezaguna.
Keltiarrek berdin egin zuten Galia-Germaniako basarte hori *Perk(w)u-nia > (H)Ercunia (eta handik latinezko Hercynia, beste artikulu honetan aipatu genuen) izendatu zutenean. Bestalde, *perk(w)– > *erc– (haritza) morfema toponimia eta antroponimia galiarrean emankorra izan zen.
Dirudienez, ekialdeko hizkuntzetan, eta batez ere eslabiarretan, beste erro batzuen esanahiarekin nahastuz bere ordainak desberdinak dira, tarteko -k- galduta (Traziako Perkôn jainkoa salbuespen).
Hipotesi baten arabera, *peru– (harria) hitzetik hurbil dago Perun jainko izen eslabiarra, nahiz eta Perkûnas baltikoaren baliokidea izan. Halaber, *per– (jo, zapaldu) erroak eragin ziezaiokeen, tximistaren boterea kontuan hartuz gero. Izan ere, esanahi berbera duen beste erro batetik eratorritakoek garbiro erakusten dute erlazioa: Mjöllnir, Thor-en mailua, tximistaren alegoria, errusieraz молния [molniya] diote tximistari, biek ala biek latinean molere (bihia birrindu) aditza eman zuen erroa partekatzen dute, hau da, “suntsitzailea”.
Belare gabeko aldaera hau beste hainbat hizkuntzatan eta mitologiatan islatzen da: Albaniako Perëndi, Anatoliako Pirwa eta Indiako Parjanya, besteak beste.
Orain arte basoak, mendiak, haritzak, tximistak eta trumoiak erro berberean bildu baditugu (*perk(w)-), mitoari harriak eta haitzak gehitu behar dizkiogu orain *peru- erroa dela eta.
Jarraitu II. atala irakurtzen –>
Erreferentziak
Mitologia indoeuroparra:
Perkûnas (wikipedia)
Perkwunos (wikipedia)
Fjörgynn (wikipedia)
Ouranus (wikipedia)
Týr (wikipedia)
Hitzak eta erroak:
quercus (wiktionary)
fir (wiktionary)
*ferhuz (wiktionary)
fairhus (wiktionary)
Bohemian Forest
Mirkwood / Miriquidi
Hercynian Forest
Recent Comments