Partitiboaren zenbait erabilera suomieraz
Jakin badakigu euskarak partitiboa delako atzizki edo kasu marka bat daukala. Atzizkia -(r)ik dugu (-r- kontsonante epentetikoa izanez).
Euskaraz, partitiboa testuinguru gutxi batzuetan erabiltzen dugu; gehienbat, ezezko esaldietan eta galderetan, osagarri zuzenei atxikita.
Edonola ere, -(r)ik atzizkia bestelako hitzekin ere agertzen zaigu. Adibidez, aditzondoetan eta partizipioetan: pozik, bizirik, hilik, isilik, lehenik, bigarrenik, azkenik, hutsik, biluzik… Hauetan atzizkia ez da partitiboa, hala ere.
Are gehiago, euskara zaharrean -(r)ik atzizkiak “nondik” adierazten zuen. Erabilera hori agerian dago esapide batzuetan oraindik ere (etxe-rik etxe), zubererazko izen propioen ablatiboan (Maule-rik) eta bizidunen ablatiboan (nigan-ik).
Bestetik, partitiboaren erabilera arrunt bat izan da “zerbaiten parte” ideia adieraztea, beste era batera esanda, osotasun baten edo multzo definitu baten elementu bakan bat erakustea. Egungo euskeraz ez da jadanik oso ohikoa, baina zantzuak egon badaude, adibidez, superlatiboetan (ikaslerik onena) edo (ihartutako) esapideetan zenbatzaile zehaztugabeekin batera (eskerrik asko).
Goiko kasuei begiratuta, esan genezake, nolabait, hurbileko hizkuntza erromantzeetan de preposizioak (izan) dituen erabilerak bere gain hartzen dituela gure -(r)ik atzizkiak (-z “instrumentala” deritzonaren lehian).
Gauzak horrela, argi dago forma eta funtzioa banandu behar ditugula. Partitiboko atzizkia -(r)ik da, baina -(r)ik ez da beti partitiboa. Noski, -(r)ik horiek guztiek jatorri berbera dute, etimologikoki esan nahi badugu, baina partitiboaren erabilera nahiko mugatuta dago.
Suomieraz antzeko kontu bat gertatzen da; partitiboa deitzen dioten atzizki bat dute, baina atzizki honen erabilera ez dagokio beti partitiboaren erabilera “klasikoari”.
Errepara diezaiogun formari lehenago.
Hitza bokalez amaitzen bada, -a/ä dugu atzizkia.
Bokal harmoniaren arabera -a edo -ä aukeratzen da:
a) a, o, u, e, i bokalak baldin baditu -a
b) ä, ö, y, e, i bokalak baldin baditu -ä
c) e, i bokalak bakarrik baditu -ä
Adibideak:
talo (etxea) > taloa
bussi (autobusa) > bussia
kylmä (hotza) > kylmää
pimeä (iluna) > pimeää
teksti (testua) > tekstiä
Bi bokalez edo kontsonantez amaitze bada, -ta/-tä (bokal harmoniari jarraituz).
Adibideak:
maa (lurra) > maata
museo (museoa) > museota
yö (gaua) > yötä
avain (giltza) > avainta
kysymys (galdera) > kysymystä
mies (gizona) > miestä
-e bokalean amaitzen bada, -tta/-ttä dira atzizkiak. Jatorriz, hitz amaieran galdu den kontsonante bat zegoen, eta -ta/-tä atzizkiarekin asimilatu da.
Adibideak,
huone (gela) > huonetta (<*huoneC-ta)
kirje (gutuna) > kirjettä (<*kirjeC-tä)
Arrasto guztien arabera, itxuraz, jatorrizko atzizkia *-ta zen, ablatibo marka proto-uralikoan, hain zuzen ere.
Suomieraren ablatibo bietan (elatiboa eta ablatiboa, hurrenez hurren, deituta), -sta/stä eta -lta/ltä, ageri den morfema berbera, inesiboen gainean eraikita: -ssa/ssä + *-ta, -lla/llä + *-ta.
Beraz, euskal partitiboak eta suomierarenak garapen berbera izan dute, ablatibo markatik abiatuta.
Suomieraz ez dago artikulurik.
Beharbada, se (sg.) / ne (pl.) erakuslea artikulu definitua izango balitz bezala erabiltzen da, baina indefiniturik ez dago.
Edonola ere, suomieraz partitiboak frantses artikulu partitiboak bezala jokatzen du (de, du, des), izen zenbakaitz baten zehaztugabeko kantitate bat adieraziz, edo izen zenbakarrien multzo baten zehaztugabeko kopuru bat.
Euskal partitiboa ere artikulutzat hartu zuten iraganeko gramatikari askok, frantses gisan.
Baina aurkeztu ditzagun partitiboaren erabilerak suomieraz.
1) “Masa” baten edukia erakusteko
kuppi kahvia
(a) cup of coffee
kikara (bat) kafe
pullo viiniä
(a) bottle of wine
ardo botila (bat)
Euskaraz mugagabea erabiltzen dugu kasu horietan, bi izenak aposizioan jarriz.
2) Zenbaitzaleekin batera (dela zenbakia, dela zenbatzaile zehaztua edo zehaztugabea)
kuusi jäätelöä
sei izozki
kymmenen autoa
hamar auto
Salbuespena: yksi (bat) + nominatiboa
yksi olut
garagardo bat
Zenbatzaileekin, hala nola, monta (asko), vähän (gutxi), paljon (pilo bat), pari (pare bat), puoli (erdia).
vähän maitoa
esne gutxi
puoli kiloa
kilo erdi
Paljon zenbatzailearekin partitiboa PLURALEAN ere erabili daiteke, izena zenbakarria bada:
paljon kakkuja
opil pilo bat
3) Osagarri zuzena zenbait aditzekin
PUHUA (hitz egin)
puhun baskia
euskaraz hitz egiten dut
RAKASTAA (maite izan)
rakastan sinua
maite zaitut
ETSIÄ (bilatu)
etsin avainta
giltza bilatzen dut
SOITTAA (jo)
soitan kitaraa
kitarra jotzen dut
KATSOA (begiratu)
katson televisiota
telebista ikusten dut
YMMÄRTÄÄ (ulertu)
ymmärrän englantia
ingelesa ulertzen dut
AUTTAA (lagundu)
autat minua
laguntzen didazu
Aditz hauetan guztietan partitiboak akusatiboa ordezkatzen du, eta hortaz PLURALEAN ere erabili daiteke.
Aditz horien partitiboaren erabileraren azpian dagoen esanahia nolabait lotuta dago “bere osotasunean edo bukaeraraino ekintza egin ezin delako” ideiari.
Genitibo marka (-(i)n) akusatibo gisa eskatzen duten aditzek ezezko perpausetan partitiboa ere behar dute.
Adibideak,
avata + Gen. > ei avaa + Part.
avaan ovin > en avaa ovia
atea irekitzen dut > ez dut atea/aterik irekitzen
ostaa + Gen. > ei osta + Part.
ostan omenan > en osta omenaa
sagarra erosten dut > ez dut sagarra/sagarrik erosten
haluta + Gen. > ei halua + Part.
haluan auton > en halua autoa
autoa nahi dut > ez dut autoa/autorik nahi
tuntea + Gen. > ei tunne + Part.
tunnen miehen > en tunne miestä
gizona ezagutzen dut > ez dut gizona/gizonik ezagutzen
Aditz hauekin kontrastea ere adierazi daiteke, genitiboa erabiliz osotasuna/burututasuna (objektu osoa edo ekintza erabat burutua) eta partitiboa erabiliz kontrakoa (ekintza ez da bukatu, objektuaren zati baten gainean bakarrik burutu delako).
4) Izen zenbakaitzak edo “masa izenak” (suomieraz ainesanat), osagarri zuzenak edo atributuak direnean.
Suomieraz, “masa izenak” horrela definitzen dira:
a) janaria eta edaria (ogia, esnea…)
b) materialak (urrea, artilea, egurra…)
c) izen abstraktuak (maitasuna, edertasuna…)
minä syön leipää
je mange du pain
I eat (some) bread
ogia jaten dut
se on muovia
it is plastic
plastikoa / plastikozkoa da
se on maitoa
it is milk
esnea da
Harrigarriro, izen horiei erreferentzia egiten dieten atributuetan (izenondoetan) partitiboa ere behar da.
Adibideak,
kahvi on kuumaa
kafea bero dago
rakkaus on kaunista
maitasuna ederra da
BAINA:
kirja on hyvä
liburua ona da
(liburua zenbakarria delako)
4) Perpaus existentzialetan
Tällä on (ingelesez There is) + nominatiboa
tällä on auto (lit. hemen da autoa)
there is a car
auto bat dago
Tällä ei ole (in. There isn’t) + partitiboa
tällä ei ole autoa (lit. hemen ez da autorik)
there isn’t a/any car
ez dago autorik
Esan beharra dago suomieraz, errusieraz edo irlanderaz bezala, ez dagoela “eduki” aditzik; jabetza “izan” (suo. olla) aditzarekin adierazten da, eta jabea zehazten da leku kasu baten bidez (suomieraz -lla/-llä).
Hortaz, jabego-perpausak perpaus existentzialen azpi-mota bat dira suomieraz:
tällä on auto (lit. hemen da auto bat)
minulla on auto (lit. nigan da auto bat)
minulla ei ole autoa (lit. nigan ez da autorik)
Hala ere, izen zenbakaitzek partitiboa erabiltzen dute holako baiezko perpausetan ere:
minulla on rahaa (lit. nigan da dirurik)
dirua daukat/dut
Izen zenbakarriak direnean, kopuru indefinitua bada, PLURALEAN erabili dezakegu (frantsesez bezala).
tällä on omenia
il y a des pommes
zenbait sagar daude / sagarrak daude
Aldiz, esapide finko batzuetan ez da partitiboa inoiz erabiltzen, ezta ezezkoetan ere:
minulla on nälkä/jano/kuuma/kylmä
gose/egarri/bero/hotz naiz
minulla ei ole nälkä/jano/kuuma/kylmä
ez naiz gose/egarri/bero/hotz
Galderetan ez da beti partitiboa erabiltzen, ez behintzat euskarak egiten duen beste:
onko sinullla auto?
baduzu autorik?
onko teillä kokoa M?
M neurria baduzue?
onko sinulla lapsia?
est-ce que tu as des enfants?
semerik baduzu?
tarvitsetko apua?
laguntzarik behar duzu?
5) Azkenik, preposizioek ere beti eskatzen dute partitiboa suomieraz
ILMAN sokeria (azukrerik gabe)
ENNEN kokousta (bilera baino lehenago)
KESKELLÄ kaupunkia (hiriaren erdian)
Recent Comments