Arazleak euskaraz

Arazleak euskaraz

Euskarak bi arazle mota ditu.

Bata, aspaldian ihartu zena, –ra– tartizki ezaguna dugu. Ez da inondik inora emakorra, eta horregatik ezin dugu benetako prozesu arazletzat hartu. Hala ere, zenbait arazle lexiko horrela sortu dira euskaraz: erakutsi, irakatsi, erakarri, erail, eradan, eradoski1

Aitortzekoa da, halaber, tankera horretako aditz gehienak zeharo lexikalizatuta daudenez, aldaketa semantiko bitxiak pairatu dituztela. Horrela, aditz pare batzuen arteko erlazio kausatiboa antzeman daitekeen arren, nahiko urrundu dira bien esanahiak2; are gehiago, kasu batzuetan ez dirudi erlazioa batere kausatiboa denik3.

Beste euskal arazleak, erabat emankorra denak, aldaera batzuk dauzka: –arazi, –erazi, –erazo.

Guztiek era berberean funtzionatzen dute; aditzoinari erantsita aspektu marka bereganatzen du aditz berri bat osatuz. Horrela sortutako aditz arazleek sintaktikoki perpaus konplexu bat sortzen dute (sakoneko egituran).

Bestetik, egin aditzarekin konposatuak diren aditzetan (barre egin, negar egin, etab.) oro har eragin forma erabiltzen da aditz arazlea osatu orduko (barre eragin, negar eragin, etab.).4

Aditz-katean kokapen desberdinak hartzen dituzte euskal arazleek (aditz jokatugabeetan):

i-ra-ka(t)s-Ø-i

e-ra-kus-Ø-ten

i-Ø-kas(t)-araz-i

e-Ø-tor(r)-araz-ten

e-ra-kus(t)-araz-ten

[“E-/I-“- Arazlea1 – Aditzerroa]aditzoina – Arazlea2 – Aspektua

Prozesu arazleari dagokionez, -arazi atzizki edo laguntzaile atxikiak aditzaren balentzia (argumentu egitura) handitzen du, argumentu berri bat ekarriz.

Aditz iragangaitzak iragankor bihurtzen ditu eta euren argumentu zaharrak bere markapen morfologiko berbera gordetzen du. Alegia, aditz iragangaitz baten subjektuak gaia dauka rol tematiko gisa, eta euskarak absolutiboan markatzen du. Era berean, aditz iragankor baten objektu zuzena absolutiboan doa euskaraz. Arazleak eragindako aditz iragangaitzaren subjektua objektu bihurtzen da, absolutiboko marka gordeta.

(1a) gizon-a etor(r)-i da

gizon-ABS5sg6 etorri-BUR7 ORA83sg9

(1b) mutil-ak gizon-a etor(r)-araz-i du

mutil-ERG10sg gizon-ABSsg etorri-ARAZ11-BUR ORA3sg3sg

Euskaraz, hizkuntza ergatibo-absolutiboa izanik, aditz iragankorreko subjektuak ergatibo marka darama, eta beraz, subjektu iragangaitzetik morfologikoki bereizten da (2a)n ikusten dugunez.

(2a) gizon-ak txori-a ikus-i du

gizon-ERGsg txori-ABSsg ikusi-BUR ORA3sg3sg

Atzizki arazlea aditz iragankorrari atxikita, argumentu berri bat gehitzen zaio bere argumentu-egiturari. Horri osagai arazlea deritzo, eta euskaraz ergatiboan markatzen da, subjektu iragankorra baita. Aditz iragankorra ditrantsitibo bihurtuta, bere jatorrizko subjektua beheratzen da, eta zehar objektuaren rola esleitzen zaio, euskaraz datiboan markatuta.

(2b) mutil-ak gizon-ari txori-a ikus(t)-araz-i dio

mutil-ERGsg gizon-DAT12sg txori-ABSsg ikusi-ARAZ-BUR ORA3sg3sg3sg

Aditz arazle ditrantsitiboaren hiru argumentuak komunztaduran islatzen dira, (2b) ikusten dugun bezala.

Arazle lexikoek oso antzera jokatzen dute euskaraz13, gutxienez sintaktikoki oso jokabide antzekoa erakusten dute, semantikoki kutsu desberdinak ematen dituzten arren.

(2c) mutil-ak gizon-ari txori-a e-ra-ku(t)s-i dio

mutil-ERGsg gizon-DATsg txori-ABSsg e-ARAZ-ikusi-BUR ORA3sg3sg3sg

(2c) eta (2b) ia perpaus baliokideak dira, baina (2c)-n araziaren borondatea makurtu gabe gauzatzen da ekintza. (2b)-n, aldiz, araziak (gizonak) oharkabe edo behartuta ikusi du txoria.

Azkenik, euskarak badu egitura arazle perifrastiko bat: –tzera behartu.

Arazle morfologikoarekin alderatuta, egitura honek adierazten duen ekintza beti araziaren borondatearen/gogoz kontra egiten da. Horrenbestez, semantikoki ez dira guztiz baliokideak.

Bestalde, egitura honek perpaus konplexuko itxura mantentzen du azaleko egituran ere, eta ez die argumenturik gehitzen aditz iragankorrei.

(2d) mutil-ak gizon-a txori-a ikus-te-ra behar-tu du

mutil-ERGsg gizon-ABSsg txori-ABSsg ikusi-IZG14-ALA15 behartu-BUR ORA3sg3sg

(2d) adibidean hiru izen sintagma ikusten ditugu. Lehenengo biak aditz nagusiko subjektua eta objektua dira, hurrenez hurren (mutilak eta gizona); hirugarren izen sintagma menpeko aditzari dagokion objektua da (txoria), eta ez da aditz nagusiko komunztaduran islatzen, nominalizatutako aditzaren predikatuan dagoelako.

Oharrak

1edoski (xurgatu) > eradoski (bularra eman). Hungarieraz arazlearen bidez ere szopik (xurgatu) > szoptat (bularra eman).

2jaiki > eraiki; jaitsi > eraitsi; jaso > eraso; jauzi > erauzi; igan > iragan; etorri > eratorri; entzun > erantzun; ebaki > erabaki; joan > eroan, ibili > erabili.

3jantzi > erantzi; eman > eraman; egotzi > eragotzi; egin > eragin; jalgi > eralgi.

4Horrek gaztelaniazko hacer aditz arazlea, ingelesezko make edo japonierazko saseru (suru ‘egin’ aditzaren arazlea) aditz laguntzaile arazlea gogorarazten dizkigu.

5ABS: absolutiboa

6sg: singularra

7BUR: buturua

8ORA: orainaldia

93sg: hirugarren pertsona singularra

10ERG: ergatiboa

11ARAZ: arazlea

12DAT: datiboa

13Ez da horrela japonieraz, aurrerago aztertuko dugunez.

14IZG: Aditz-izenaren atzizkia

15ALA: alatiboa