Kutsu semantiko bereziko arazleak

Honaino prozesu arazleez jardun dugu, baina ez dugu ongi azaldu aditz arazleek ez dutela beti balio semantiko berbera. Izan ere, balentzia handitzeko eragiketa hauek askotan kutsu semantiko desberdinak dakartzate; hizkuntza berberean prozesu arazle edo iragankortzaile batek esanahi jakin bat izan dezake, eta beste batek (argumentu egitura era berberean aldatuta ere) oso bestelako esanahia.

Zenbait kontrajartze proposatu izan dira balio semantiko horiek azaltzeko: direct vs. indirect, manipulative vs. directive, contact vs. distant, immediate vs. mediate, causer-controled vs. causee-controled, permissive (let) vs. coersive (make)

Arakatu ditzagun bereizketa semantiko horietako batzuk.

Direct/indirect causation1

Osagai arazle batek beste bat behartu dezake, baina “beharrizan” horretan maila desberdinak daude: maila fisikotik abiatuta bitartekari baten bidez egiteraino.

Ekintza beste osagai baten gainean fisikoki burutzen/behartzen denean, osagai arazlea egilea da, eta mota horretako aditz arazleetan gaia bizigabea izan ohi da. Normalean, aditz iragankor soilak dira. Horri arazle zuzena deritzo.

Bestela, arazleak ekintza ez badu egiten, baizik eta agindu, eskaera edo akats (nahigabe) baten bidez, orduan zeharkako arazlea da.

Japonieraz, esaterako, atzizki iragankortzaileak dituzten aditzak (arazle lexikoak) arazle zuzentzat hartu dira (ekintza fisikoki burutzen da). Atzizki edo laguntzaile arazle emankorra erabiliz gero, zeharkako arazlea adierazten da.

止める[tomeru] (gelditu) – 止まらせる[tomaraseru] (geldiarazi)

Horretaz gain, bada beste atzizki arazle emankor bat, zeinak beste arazle maila bat ordezkatzen duen, zuzenagoa, alegia.

話させる[hanasaseru] (hitz eragin) – 話さす[hanasasu] (hitz egitera behartu)

食べさせる[tabesaseru] (janarazi) – 食べさす[tabesasu] (jatera eman)

Ainu hizkuntzarako ere holako bereizketa bat proposatu da.

ray-ke (norbaitek norbait hil) – ray-re (norbaitek norbait norbaiti hilarazi)

hosipi-ka (norbaitek zerbait itzuli) – hosipi-re (norbaitek zerbait norbaiti itzularazi)

Turkieraz oso antzera, prozesu arazle emankor bakarra aplikatuta gauzatze fisikoa izango litzateke; bigarren aldiz atxikita, ordea, zeharkako arazlea.

piş– (janaria egiten da) > pişir– (norbaitek janaria prestatu) > pişirt– (norbaitek norbaiti janaria prestatzea eskatu edo prestarazi)

Yukaghierak murriztuago dauka arazle baten edo bestearen erabilera maila honi dagokionez. Lehen graduko arazlea (-š-) fisikoki gauzatua izan daiteke, bigarren gradukoa (-čil’e-) inoiz ez.

ewre- (ibili) > ewre-š- (zuzena: eraman; zeharkakoa: ibilarazi) > ewre-š-čil’e- (eramanarazi, ibiltzen utzi)

Horretaz gain, -te atzizkia arazle ihartua dauka. Horrek beti arazle fisikoa (edo zuzena) adierazten du. Arazle lexikoa den heinean, aditz iragankor tipikoa da: norbaitek (bizidun) zerbait (bizigabe) edo norbaiten gainean (bizidun) egiten du ekintza.

egie- (altxatuirgg) > eg-te- (zuzena: norbaitek zerbait altxatu, fisikoki; ezin da “norbait altxararazi”)

legi- (jan) > legi-te- (jatera eman)

tami- (jantzi) > tami-te- (norbait fisikoki jantzi, ez jantziarazi)

Koreeraz arazle zuzena (fisikoa) atzizkien bidez adierazten da, eta zeharkakoak perifrasiak erabiltzen ditu.

(1a) ku say ka cwuk-ess-ta

DET txori NOM hil-LEH-ESA2

‘txoria hil zen’

(1b) yongho ka ku say lul cwuk-y-ess-ta

yongho NOM DET txori AK hil-ARAZ-LEH-ESA

‘Yonghok txoria hil zuen’

(1c) yongho ka ku say lul cwuk-key hay-ss-ta

yongho NOM DET txori AK hil-ADV3 egin-LEH-ESA

‘Yonghok txoria hilarazi zuen’

Hungarieraz, aditz iragangaitzetatik eratorritako aditz iragankor arazleetan objektua (arazia) akusatiboan markatzen bada, arazlea zuzena da, eta, berriz, instrumentalean bada, zeharkakoa.

Borondatez ala behartuta: araziaren borondatea

Japonieraren atalean bereizketa honetaz aritu gara dagoeneko.

Aditz iragangaitzetatik sortutako aditz iragankor arazleetan aukera zegoen arazia [wo] edo [ni]-ren bidez markatzeko. Lehena araziaren gogoz kontra egiten da, eta bigarrena araziak berak onartzen duen eskaera baten bidez izan daiteke.

Aditz ditrantsitibo arazleetan ez dago aukera hori, arazia beti [ni]-ren bidez markatzen da.

Ingelesez esanahi bertsuko egitura perifrastikoak dauzkagu:

have someone do something (norbait zerbait eginarazi)

make someone do something (norbait zerbait egitera behartu)

Euskaraz ere bereizketa hori perifrasi batek ahalbidetzen du, hau da, -t(z)era behartu erabiliz4.

Arazle morfologikoa erabiliz gero (-arazi), araziak ez du zertan behartuta egin, engainatuta edo komentzituta ere egin dezake.

Hizkuntza batzuetan bereizketa hau ez da inola ere agerian egiten: arazia behartuta ala ez egon daiteke (turkieraz, adibidez).

Nahita ala nahigabe: arazlearen borondatea

Aurreko bereizketan araziaren borondatea jokoan bazegoen, honetan arazlearenaren arabera banatzen dira arazleak.

Yukaghireraren adibide bat dugu eskura. Lehen graduko arazleak nahita egin nahi zuena adierazten du, eta bigarren gradukoak (kasu bakan batzuetan) nahigabe.

juø-š- (erakutsi nahita) > juø-š-čil’e– (ikusten utzi, nahigabe)

Turkieraz ere, perpaus batzuetan holako kutsu semantiko bat islatzen da, testuinguru edo aditzaren arabera.

(24) para-m-ı çal-dır-mıšım

diru-nire-AK lapurtu-ARAZ-INF5LEH1sg

‘nire dirua lapurtu zidaten’ = “nire dirua lapurtzen utzi zidaten (nahigabe)”

(25) tren-i kaç-ır-dık

tren-AK ihesegin-ARAZ-LEH1pl

‘trena galdu genuen’ = ‘trena ihes egin zitzaigun’ = ‘trena (nahigabe) ihes egiten utzi genuen’

Egiteko agindu ala egiten utzi: araziari aukera/baimena eman

Harrigarria badirudi ere, hizkuntza askotan arazleek araziari hautua ematen diote, ekintza burutu ala ez. Beraz, ez dago inongo eginbeharrik, eta araziaren esku uzten da aukera, arazleak ez du ekintza behartzen. Ingelesez let aditzarekin osatutako perifrasia dugu baliokidea, eta euskaraz “norbaiti zerbait egiten utzi” izango litzateke.

Turkieraz, betiere testuinguruaren menpe, arazleak aldi berean make (behartu, eginarazi) edo let (eta aurrekoan ikusi dugun bezala nahita ala nahigabe) ordezkatu ditzake, morfologikoki bereizi gabe.

Hala ere, japonierak egitura perifrastiko hierarkikoak (あげる[ageru], くれる[kureru], もらう[morau]) erabiltzen ditu norbaiti zerbait egiteko baimena edo aukera emateko. Egitura hauetan menpeko aditzak badarama atzizkia arazlea.

(26) watashi wa anata ni uta wo kika-se-te age-ru

ni TOP zu DAT abesti AK entzun-ARAZ-IZG igo-ORA

‘Nik zuri abestia entzuten uzten dizut’

(27) chichi wa watashi ni sake wo noma-se-te kure-ta

aita TOP ni DAT sake AK edan-ARAZ-IZG eman-LEH

‘Aitak niri sakea edaten utzi zidan’

Halaber, hungarieraz ere egitura arazle perifrastikoek balio semantiko hori dute.

(28) enged-t-em a gyerekek-et énekel-ni.

utzi-LEH-1sg DET haur-AK abestu- INFI

‘Haurrei abesten utzi nien’

(29) Nem énekel-tet-tem a gyerekek-et.

abestu-ARAZ-LEH.1sg DET haur-AK

‘Haurrak kantarazi nituen’

Oharrak

1Arazle zuzena eta zeharkako arazlea

2ESA: esaldi mailako partikula deklaratiboa

3ADV: atzizki adberbiogilea

4Zubiri & Zubiri (2000)

5INF: inferentzia egiteko laguntzailea: omen, ei.