Japonia eta inguruko herrialdeak

Japoniera: garapen diakronikoa eta bere inguruko hizkuntzak [I] | [II] | [III]

Japan-izenak

Japonia Asiako ekialde muturrean kokatutako irla multzoa da. Artxipelagoa honako irla hauek osatzen dute: Honshû (handiena, erdialdean), Hokkaidô (iparraldean), Kyûshû (hegoaldean) eta Shikoku (Honshû-ren hego-ekialdean). Horietaz gain, bi artxipelago txikiagoak daude: iparraldean, zirkulu artikotik gertu, Kuril irlak (gaur Errusiaren menpe) eta hegoaldean Ryûkyû irlak (ezagunena Okinawa), eremu tropikalean eta Taiwanen alboan.
Beren kokapen geografikoa dela eta, iparraldeko (Mongoliako eta Siberiako) zein Asia hegoaldeko eraginak jaso dituzte irlek, honelako bidegurutze kultural batean egonda.

Japonian hizkuntza nagusia, zalantza izpirik gabe, japoniera da, dialekto handi batzuetan banatuta. 100 milioi baino gehiago hiztun dauzka japonierak, eta gaur egun arte ere hizkuntza isolatutzat jotzen da, ahaide hurbilik aurkitu ezinean. Hala eta guztiz ere, hizkuntzalari askoren ustez japoniera Asiako hainbat hizkuntzatan erlazionatuta egon daiteke. Auziari heldu aurretik, aztertu dezagun inguruan dauden hizkuntzak.
Japonian beste bi hizkuntza edo dialekto multzo aurkitzen ditugu; ez da kasualitatea Japoniako mutur bietan topatzen ditugula.
Bata, ainuera, Hokkaidô iparraldeko irlan, egun egoera oso larrian dago, hizkuntza gutxitua den heinean. Etnia desberdineko hizkuntza da ainuera, eta baztertuta egoteagatik bere hiztun kopuruaren jaitsiera gogorra etorri zitzaion. Ehunka zenbatu daitezke gaur. Ez dago zuzenean japonierarekin harremanatuta eta bere jatorria ezezaguna da.
Bestea Ryûkyû irletako hizkuntzak dira, Japoniako hegoaldean Taiwaneko bidean nolabaiteko katea osatzen duten irla apurretan hitz egiten diren sakabanatutako dialekto gutxituak. Onartuta dago japonierarekin harreman zuzena dutela hizkuntza hauek, eta harekin batera “hizkuntza japonikoak” labelpean izendatu dira. Nolanahi ere, hauek ez dira batere ulergarriak japonieratik, eta hizkuntza familia barruan ezaugarri “arkaikoak” eta berritzaileak dituzte.

Kontinenteari begiratzen badiogu, itsasoaren beste aldean, mendebaldera, koreerarekin topatzen gara. Hau nahiko homogeneoki hedatuta dago korear penintsulan (zatiketa politikoa gorabehera), Jeju irlako dialektoa salbuespen gisa hartuta.

Koreatik haratago txinera daukagu, mandarin aldaeran Txinako iparraldean. Ibai Horiaren inguruetan historiaurrean sortua eta handik Ekialdeko Asia osoan barreiatuta, kultura eta hizkuntza txinatarrek eragin handia izan dute betidanik auzoko herri eta hizkuntzetan, bereziki Korean eta Japonian, zeinetan mailegu txinatar ugari, mota askotarikoak, dauden.

Lurralde berberean, Koreatik iparraldera, antzinako Mantxuria dugu, non mantxuera hitz egiten zen. Tribu mantxuriarrak Txina osoa bere gain hartu zuen, baina hizkuntza albo batera utzita poliki asimilatuz joan ziren, eta orain oso hiztun gutxi dauzka. Mantxuera hizkuntza tungusikoen parte da, Siberian eta Mongolian mintzatzen diren beste hizkuntza gutxitu batzuekin batera (haien artean, evenki edo tungus, Errusiako Baikal lakuaren inguruan).

Hokkaidô irlatik iparralderago Sakhalin irla (Errusia) eta Kuril irlak dauzkagu. Leku bietan ainuak bizi izan dira, baina 20. mendean gehienak Japoniara bidali zituzten. Sakhalin irlan beste hizkuntzak hitz egin dira, nivkh bezala. Kuril irletatik haratago Kamtxatka penintsula dago eta han ere bestelako hizkuntzak hitz egiten dira, txuktxiera, inuitera eta abar, paleosiberiarrak guztiak (baina ez familia berekoak).

Azkenik, Ryûkyû irlak baino hegoalderago Taiwan dugu, eta hango jatorrizko hizkuntzak austronesikoak dira (nahiz eta txinera erabat nagusitu den). Oso hizkuntza familia handia eta zabala dugu austronesikoa, Taiwan-en sorterria (Urheimat) izanik. Asiako hegoaldeko ia irla guztietan bere oinordeak hitz egiten dira: Filipinetan, Malasian, Indonesian, Tahitin, Zelanda Berrian, Hawaiin…