Galestarrak gara behelaino artean?
Original post: Galeses, valones y valacos [FilóbLogos] (03/03/2008)
Hizkuntzak: [CAS] | [EUS] | [ENG]
[…] and the Longobards, who long ago beyond Mircwudu a mighty realm and wealth won them in the Welsh countries, where Ælfwine, Eadwine’s son in Italy was king. All that has passed!
Gauza jakina da ingelesek galestarrei Welsh deitu dietela, haiekin lehen harreman ez oso adiskidetsuak izan zituztenetik. Euskarak hitz hori mailegatu zuen herrialdea izendatzeko (Wales), gaztelaniaren bitartez, w- > g- bilakaera erromantzeak erakusten duenez (werra > gerra).
Ez zen, baina, Britanniako biztanle gogaikarrientzat beren beregi sortutako hitz berria.
Erakusgarri gisa, artikuluaren hasieran gehitu dudan pasarte poetikoa, Tolkienen lan goiztiar batetik aterea.
Galestar gutxi egongo ziren “Oihan Ilunetik haratago, erresuma ahaldun batean, Italian“.
Skalda-k (koblakari nordikoak) erreferentzia egiten zion herri erroman(i)zatuen multzoari, 6. mendeko Italian bizi zirela longobardo germanofonoek garai batez menderatu zituztenak.
Beraz, berriro ikusten dugu nola inbasore germaniar batek herrialde erromanizatu bat konkistatzen duen eta, biztanleei “galestarrak” deitzen dien arren, nola izen horrek ez daukan zerikusirik mendekoen hizkuntzarekin, ezta herrialdearekin, ezta euren buruari ematen dioten izenarekin ere… ala bai?
Bada… zer dute komunean herri haiek? Beno, hasteko, haien inbasoreen hizkuntza germaniarra da… baina, eta haien hizkuntzak? Galestarrak zeltak dira, eta italikoak… ba hori, latindarrak.
Ez dirudi germaniarrei gehiegi arduratu zitzaienik menderatuen aniztasun linguistikoa, hitz berbera erabili baitzuten Mendebaldeko Inperioan hiritartasun erromatarra zeukaten herri guztientzat.
Iruditu behar da mundu biak banatzen zituen desberdintasun kultural eta zibilizatzaile erraldoia, Oihan Herzinikoaren alde bata eta bestea (Inperioaren iparraldeko muga, erromatarrek horrela deituta, Oihan Ilun-tzat ere ezaguna, Mirkwood ingelesez, edo Schwarzwald, gaurko Alemania hegoaldeko Oihan Beltza), eta inbasore basati hauen begietan zelta galo-britaniarrak eta erromatar italikoak kasik gauza bat eta berbera zirela.
Izan ere, hitzak berak badirudi jatorriz konfederazio zelta zahar bat izendatzen zuela, zeina Volcae izenpean aro helenikoan goian aipatutako basartean zehar ibili zen, Galiako hegoaldetik Greziaraino, zenbait herri germaniar barreiaturen amesgaiztoa izanik, garai hartan gudarako ez baitzeuden hain prest.
Dena dela, izen hau han-hemenka agertzen diren hainbat herri zeltari dagokie, Hispanian, Galian, Moravian eta Anatolian.
Izen hau germaniarrek eurek bereganatuko zuten eta Lehen Aldaketa Kontsonantikoaren eraginez (Grimm legea), baita bokal aldaketa germaniko batekin ere, *walh- bilakatu zen.
Harrigarriro, horrek erakutsiko luke aldaketa kontsonantikoa emankorra zela oraindik zelta horien erasoen garaian ere (K.a.-ko lehen milurtean datatu da, baina orobat K.a.-ko 3. edo 2. mendeetan ere gerta zitekeen).
Endonimo keltiar berak bestelako esanahiak izan zitzakeen jatorrian, horien artean galeserazko gwalch (belatza) eta galierazko volcos (otsoa) hitzei lotutakoak. Azken honek ahaide indoeuropar ugari dauzka; proto-indoeuroperazko erroa *wlHkw- berreraiki da, eta hortik *wlukw- > lycos grezieraz, *wlukw- > *wlup- > lupus latinez, eta *wlukw-> *wlup- > *wulp- > wolf ingelesez.
Eta seguru aski bilakaera fonetikoren bat urratuko luke, salbuespenak badira ere, baina iruditzen zait alemanierazko Volk hitzaren antza daukala, ingelesez folk “herria”, zeina fulca-tik (“horda”) eratortzen den.
Hori horrela, denboraren poderioz muga erromatar-germaniar ankerrean ohiko exonimo bihurtu zen izen hau. Muga horren ertzak lausotuz joan ziren banaketa politiko beharrean linguistiko bihurtu arte.
Herri batek (normalean, mugaz bestaldeko) beste bati emandako izenekin usu gertatzen den bezala (Gutarrak – Besteak hautatu behar psikologikoa), exonimoaren erabilera aldatuz joan da erabat formalizatu arte, eta, are gehiago, izendapen hori egokitu zaion herriak beretzat onartzeraino (kontua nahiko tristea da nonbait, baina zenbaitetan gertatua).
Laburbilduz, lehen-lehenik herri zelta jakin baten endonimoa izan zen izena, germaniarrek zerabilten herri zelten deitura generikoa izatera pasatuz, jarraian populazio erromatar osoa izendatzeko, eta azkenik kontinentean hiztun erromantzeetara mugatua (ez zen hala Ingalaterran, non erromantzatuak ala ez, britoi guztiak galestartzat jo zituzten).
Egin dezagun birpasoa marra ikusezin horretan zehar, mundu erromatar zibilizatu ohiaren eta iparralde germaniar barbaroaren arteko muga kulturalean zehar:
Britannian anglosaxoiek zelta britoiei Welsh deitu zieten; ez hala zelta gaelikoei, erromanizatu ez zirenei. Horretan, jakina, hegoaldeko galestarrak sartzen dira, hau da, Cornwall-ekoak (Kornualles), zeinaren –wall atzizkiak “harresia”-rekin zerikusirik ez duen, eta bai Wales-ekin, Bretainiara ere eraman zuten toponimoa (“Cornouaille“).
Kornikoek, izan ere, euren lurrari atzerriko osagairik gabe deitzen diote, eta Kernow diote (cornovii tribu zaharretik).
Galian frankoek, nahiz eta euren hegoaldeko partean laster erromanizatu eta latinizatu ziren,
izena eman zioten Valonia-ri (Waals holandeseraz, frankoniera baxutik eratortzen den hizkuntza; Belgikako Flaams, Flandes, germanikoaren aurrean), oïl hizkuntzako lurraldea Belgikan.
Wallace abizen britaniarra ere frankoniera zaharreko waleis (atzerritarra) hitzetik dator, iturri etimologiko ofizialei kasu eginez gero, frantsesez gaulois (“galiarra”) adjektiboa jatorri berberekoa dela.
Eta Galiatik iritsi eta Europa osora zabalduko zen produktu baten izena ere ildo horretatik doa, latinez “nux gallica” izanik, ingelesez eta alemanieraz walnut eta Walnuss, hurrenez hurren, itzulita.
Kasualitatea da euskaraz Wales-en ordez Gales diogula, galiar, galaiko, galata eta gaeliko hitzen g- berberarekin (horiek guztiak endonimoak dira), izen horiekin inongo loturarik ez baitauka, “galestar” herri zelta batentzat erabilitako jentilizioa bada ere.
Dirudienez, antzeko kontu bat ingelesez eta frantsesez ere gertatzen da: Gaul da “Galia” esateko hitza hizkuntza bietan, eta hainbaten ustetan ez litzateke izango Gallia izen latindarraren garapen naturala (“ondarezko frantsesez” **Jaille eman beharko luke), baizik eta frankonierazko Walh > Gall > Gaul.
Marrari jarraiki, Suitzara eta Austriara heltzen gara:
Tradizionalki, germanofonoek Welsch erabili zuten suitzar frankofonoentzat, Suitza sortaldeko eremu batean erretoerromantzeei (erromantxeak eta friuldarrak) deitzeko Wälsche erabiltzen zen bitartean (Grisonian eta Italiako Südtirolean), eta Welsch italiarrei esaten zietela austriarrek. Verona-ren izen zahar bat Welschbern (“Galestarren Berna”) izan zen.
Erromantxerari berari Chur-Wälsch (“Chur-eko galesera”, Grisonia kantonamenduko hiri nagusia) deitu zitzaion garai batez, harik eta sute batek Chur-eko alde zaharra suntsitu eta artisau eta eraikitzaile “horda” germanofono bat hara bizitzera joan zen arte. Etorkinen bat-bateko helduera honek jatorrizko populazio erromantxea Welschdörfli (hitzez hitz “herrixka galestarra”, Umlaut + -li txikigarri alamanikoarekin) izeneko auzora baztertu, ibaiaz bestaldera, eta azkenean hizkuntza hiriburutik desagerrarazi zuen.
Hitzak –isk atzizki adjektibogilea dauka Welsh ingelesezko aldaeran (welhisc zaharra, wealh izenetik) eta halaber alemanierazko Welsch eta Wälsch hitzetan (hiru kasuetan hasierako -a- bokalaren metafonia ikusten da, atzizkiko -i- bokal desagertuak eraginda).
Adjektiboa baino lehenago, izenetik eratorritako toponimoak badira, *walh > walch / wal– formetatik, hala nola, Walchgau eta Walchensee Bavarian, edo Strasswalchen (“atzerritarren galtzada”) Austrian, erromatarren kokaleku bat egon zela adieraziz.
Suitzako Walensee (“atzerritarren lakua”) leku izenak erromantxeak hurbil daudela erakusten du eta Valais (Wallis alemanieraz) kantonamendu elebidunean, ostera, frantsesaren agerpena iradokitzen zaigu.
Adi orain, hemen kontuz ibili behar delako. Walser esaten zaie Valais-eko germanofonoei, beste lurraldeetara mugitu diren arren (Valsertal haranera, Grisonian). Walserrek berariazko kultura bitxia daukate, beste suitzar alamanikoen aldean nabarmen desberdina dena, adibidez belztutako egurrezko etxebizitza tradizionalak.
Hirugarren osagai bat historian sartzen denean, eratorriak ugaritzen dira.
Gure ibilbideari jarraiki, Ekialdeko Europara iritsiko ginateke, non hizkuntza eslabiarrek, hungarierak, albanierak eta grezierak hitza godoen hizkuntzatik, antza, mailegatu zuten, walha formapean.
Hasiera batean, valakiar (wallach) hitzak errumaniarrak soilik izendatu zituen (bada, Valakia eta Transilvania bi lurralde ondo bereiziak ziren, bigarrenean hizkuntza nagusia hungariera zela, oraindik ere milioi eta erdi inguru hiztun daude)
Hala ere, denbora aurrera joan ahala, ohikoago bihurtu zen vlach izena, Errumaniatik kanpoko Balkanetako hiztun latindarrak zehazteko.
Vlach-ak oro har erromanizatutako daziarrengan, traziarrengan eta iliriarrengan dute etorkia, linguistikoki arumaniarrak, istro-errumaniarrak, dalmaziarrak…
Bizantzioko grezieraz dagoeneko Βλάχοι [vlachoi] esaten zitzaien Balkanetako latindar guztiei, “artzaina”-ren bigarren mailako esanahia garatuz joan zen bitartean.
Ez da, hala ere, hizkuntza bakarra bestelako esanahiak garatzean; vlach eta bere eratorriek arlotea, gizon alferra, nekazaria edo artzaina hitzen zentzu berriak hartu dituzte hizkuntza eslabiarretan, edo izen iraingarri gisa friuliarrentzat, italiarrentzat edo serbiarrentzat, herrialdearen arabera.
Sortaldeko forma hauen guztien jatorria Antzinako Eliza-Eslabierazko волохъ [valach] hitzean datza, zeinetik, esaterako, polonierazko wołoch (“errumaniarra”) eratortzen den, eta halaber, hizkuntza berean, włoch (“italiarra”).
Paralelotasun honek bere isla dauka hungarieraz ere: Han oláh jentilizio errumaniarra da, olasz italiarra, eta bere mailegu berriena, vlachok (pluralean), vlach-ei berez egozten zaie.
Latinezko mauro (beltza) aurrizkiarekin, maurovlachi dugu, Kroazia eta Bosniaren arteko kostaldeko biztanleak.
Beltza adjektiboaren arrazoia tradizio turkiar batetik datorkie; puntu kardinal bakoitzari kolore bat dagokiola, iparraldeari beltza.
Gaztelaniaz bada “morlaco” izena, italieraz “gizon baldarra” esan nahi duena.
Exonimo desberdinek jarraitutako zidorrek artikulu batzuei bidea eman liezaiekete (espainola ere bada okzitanierazko exonimo bat, eta baskoia ere izan liteke exonimo indoeuropar bat “gailurretakoak” esanahiarekin, *bhars errotik, barskunes gisa lekukotuta), baina hemen aipatu nezake gabatxo hitzaren kasua, zeina abiapuntuaren arabera erabiltzen den (walsch–welsch bikotearekin bezala):
Gabatxo deitzen diete espainiarrek frantsesei, eta gaskoiek oïl hizkuntzako xarentarrei ("Grande Gavacherie"), eta halaber rossellotarrek langedoziarrei, eta langedoziarrek auverniarrei (okzitaniarrak ere direnei).
Izan ere, exonimoei buruzko beste artikuluak ere izan genituen FilobLogos-en (gaztelaniaz), “De Hablantes y Mudos” [Hiztunez eta Mutuez] izeneko hau bezala.
Kontuak kontu, herri batek ez du bere exonimoa aukeratzen, eta zeresan gutxi dauka horretan. Euskaldunok ez dugu “baskoak” aukeratu, ezta suomitarrek “finlandiarrak”, hainbat eta hainbat adibideren artean.
Beharbada, garai batean, guri ere inbasore germaniarrek “galestarrak” deitu ziguten.
Recent Comments