Bertza: galiarren “marmita”

Guztiok gogoratuko duzue Asterix galiarraren komikietan Panoramix druida jakintsuak edabe magikoa “marmita” handi batean prestatzen zuela. Eta badakizue txikitan Obelix haren barrura erori zela, ezta?
Ba jakingo ez duzuena da galiarrek eurek erabiltzen zuten “marmita”-ri deitzeko hitza guk geuk euskaraz ere badaukagula!

Dagoeneko aurreko artikulu batean egin nuen bezala, honetan ere EHHA ekimenak eratutako mapa batez baliatuko naiz euskaraz kontzeptu hori izendatzeko erabiltzen ditugun hitz guztiak iruzkintzeko. Hona hemen mapa:

Lehenengo begirada batean argiro ikusten da sukaldeko ontzi hori izendatzeko bi hitz direla nagusi Euskal Herrian zehar: galdara eta bertz.

Hasi baino lehen aipatu beharko litzateke tresna honek gero eta erabilera urriagoa daukala, lapikoa/eltzea baino (askoz) handiagoa delako. Seguruenez garai zaharragoetan galdara/bertz handietan prestatuko ziren janari batzuk, baina gaur egun lapikoa/eltzea da ohikoena. Hortaz, beste item horrekin lehian egongo da. Mapari begira, badirudi bere esanahia espezializatu dela hainbat lekutan (batez ere esnea egosteko erabiltzen den hori izendatzeko). Dena dela, item honek hizkuntzaren egoera zaharrago batetik datorren hitz bat gorde du leku gehienetan, toki askotan ez baita jada egunero-egunero erabiltzen den zerbait.

Bi hitz nagusiei helduta, euren hedapenak euskalkien arteko banaketa zahar bat iradokitzen du (pazi(ñ) albo batera utzita, geroago iruzkinduko duguna).

1) Galdara / Kaldara
Ikus dezakegunez, mendebalde oso zabal bat hartzen du hitz honek; ez soilik Bizkai osoa, baizik eta Debabarrena, Debagoiena (Aramaio barne) eta Gipuzkoako hego-mendebaldeko zati bat ere. Horrelako hedadura izanda, ziurtasunez soilik Arabatik zabaldu zitekeen hitz hau.

Hain zuzen ere, Abaituaren (2017) arabera bere hedapen patroia Mendebaldeko Euskara Zaharraren zabalkundeari dagokio, zeinaren erdigunea Arabako Lautadan zegoen.
Oso aspaldi zabaldu zelako froga bila (bere eremuaz gain), formari erreparatu behar diogu. Latin-erromantzezko hitz batetik datorrela argi badago ere, ez dirudi latinetik zuzenean mailegatua izan denik, bere jatorrizko aldaera caldaria zen eta. Horrek gaztelaniazko caldera sortu du, eta baita portugesezko caldeira ere (-aria bukaerarekin erregularki gertatzen den legez, hala nola, lat. carraria > gazt. carrera). Italieraz caldara badugu; hala ere, *galdera > *galdara euskara barruko bilakaera izan zitekeen. Dena dela, erromantze goiztiar bati hartuko zion euskara zaharrak. Izan ere, hasierako ahostuntze horrek (k- > g-) bere aspaldiko mailegaketa salatzen du, aitzin-euskararen herskarien berrantolaketa (fortis/lenis > ahoskabe/ahostun) bukatu baino lehenagokoa.

Gipuzkoako hegoaldean, berriz, bilakaera moderno batengatik hasierako herskaria berriro ahoskabetu da g- > k-, beste bi hitzetan lekukotu dugun bezala (b- > p-, bertz > pertz eta bazin > pazin).

2) Bertz(a) / Pertz(a)
Hitz honen hedadura ikusita, Ipar Euskal Herri osoa hartzeaz gain Debaraino heltzen dela, esan dezakegu Euskara Batu Zaharraren garaietara garamatzala, galdara lehiakidea mendebaldeko berrikuntza izanik (oso berrikuntza zaharra, alegia).

Baliteke Pirinioez bestaldeko kulturekiko lotura zaharraren erakusgarri izatea. Akitaniarrak galiarrekin ukipen egoera saihestezinean bizi ziren, eta espero izatekoa da haiengandik zenbait item lexiko mailegatzea. Hala ere, oso gutxi iritsi zaizkigu ezagutzen dugun euskal lexikoian. Hau izan daiteke bakan horietako bat.

Egia da ez dugula hizkuntza mailegatzailearen hitzaren forma zehatza, baina euskal hitza ikusita *per(V)s (Ak. BELEX > beltz bezala) berreraiki dezakegu. Seguruenez bukaerako –(V)s silaba hori nominatiboko hondarkia izango zen, hitz bukaerako txistukariak afrikatu gisa egokitu baitira euskaraz (esaterako, lat. fortis > bortitz, edo lat. corpus > gorputz). Galiera zaharrerako *parios eta *pairos aldaerak berreraiki dira, alde batetik aitzin-zeltieraren *kwarios (galesera pair, kornikoera per ‘galdara’, eta irlandera coire id.) daukagula, eta bestetik galieraren ordainak izango ziren hainbat galiar-erromantzeko hitz, latineko –ulus txikigarria gehituta: okzitanieraz pairòl/peiròl, gaskoieraz peiròu/peiròla eta katalanez perol (eta hortik gaztelaniara). Beraz, euskararen hitzaren jatorri bila, lekukotu gabeko galiera berantiarreko *pairos edo hortik eratorri zitekeen *pers baten atzetik ibiliko ginateke.

Honaino helduta, zehaztu beharko genuke ez dakigula zehazki zein unetan gertatu zen mailegaketa, nahiz eta argi dagoen Galiako hego-mendebaldean izan zela. Bilakabide fonetikoari erreparatuz, garbi ikusten da *pairos > *pers horretan silaba-aldiko hizkuntza baten sistematik azentu-aldiko beste batera bidean zegoela, azentugabeko bigarren bokala galdu eta lehenengo diptongoa soiltzen baita. Tankera horretako aldaketak latinetik galiar-erromantzera gertatu ziren; gainera, mailegu zeltikoak arruntak izan dira frantsesean eta okzitaniera zaharrean (ok. bana, kat. banya ‘adarra’, ok. drut ‘maitalea’, ok. saisa, kat. xeixa ‘garia’, ok. vèrna ‘haltza’…).
Hortaz, baliteke hitz galiarra latin berantiarrak mailegatzea eta euskara(batu zaharra?)-k horrela eraldatutako galiar-erromantze (oso) goiztiarretik hartzea. Izan ere, okzitanieraz eta gaskoieraz diptongoaren tratamendua desberdina izan da lekukotu ditugun pairòl/peiròl hitzetan, ziurtasunez horietan silaba irekian egoteagatik (eta *pers-en, ordea, silaba itxian).

Latineko murus > murs bilakatu zen frantses zaharrean. Hizkuntza honetan ere gars (nom.)/garçon (obl.) txandakatzea dugu, zeinetik eus. *gartz(e) > gaste/gazte sortu ahal izan zen. “An introduction to Old French (MLA 2004)”

“An introduction to Old Occitan (MLA 2001)”

Hori horrela, azaldu behar da nominatiboko hondarkiaren iraupena:
Galiar-erromantze goiztiarrean (frantses zaharrean zein okzitaniera zaharrean hala lekukotu denez) latineko kasu sistema bitan soildu zen: nominatiboa eta oblikuoa. Hain zuzen ere, gaurdaino iraun dute nominatibo latindarretik datozen formek, hala nola, tempus > temps; penintsulako hizkuntzetan, aldiz, latineko akusatibotik eratorri ziren izen gehien-gehienak, eta beraz –s-ren arrastorik ez. Gauzak horrela, baieztatu dezakegu *pers forma existitu zela, pèr lekukotuta omen baitago.

Froga zehatzik gabe eta azalpen oso korapilatsua izanda ere, egiantzekoa ere bada, forma eta esanahi hurbilak kontuan hartuz.

Beharbada item honetan euskal lexikoian garai ilunetan gertatu zen ordezkapen orokor baten berri izan ahal dugu, alegia, mailegu zeltiko zahar bat latindar berriago batek baztertu duela, kasu honetan Euskal Herriko hego-mendebaldetik hasita. Nire ustez, beste batzuk ere iritsi zaizkigu.

Ekialdeko leku batzuetan ageri diren berz(h)andi eta bezko > *berz + –ko (txikigarria) aldaerak xehetasun semantikoen ondorioa baino ez dira.

3) Pazi(ñ)
Harrigarria bada ere, Gipuzkoa ekialdean hitz hau jaso dugu gure mapan. Goian iradoki bezala, bazin izango genuen bere jatorrizko forma, inguruko erromantze guzti-guztietan existitzen den hitza (oso antzeko esanahiekin). Mapan agertzen diren erdialdeko beste hitzetan bezala (Gipuzkoa gehienean eta Nafarroa Garaiko ipar-mendebaldean), kaldara eta pertz(a), honek ere hasierako ahoskabetzea jasan du.

Gaztelaniaz bacín eta bacina ditugu, aragoieraz bazina eta bazía, frantsesez bassin eta bassine. Guztiak latin berantiarreko *baccinum-etik (“katilu zabala”) eratortzen dira, antza denez, mailegu zeltikoa izan zena.

Hala eta guztiz ere, gaskoiera dugu iturburua izateko hautagairik ziurrena. Hizkuntza horretan bacin (eta baci(n)a) dugun arren, seguruenez [basĩ] ahoskatuko zen, eta hortik dator daukagun pazi/paziñ txandakatzea.

Galdara Goi Erdi Aroko (V.-X. m.) berrikuntza bat izan bazen, pazi(ñ), aldiz, Behe Erdi Aroko gaskoien migrazioei leporatu beharko diegu. Donostia-Pasaiatik (non gaskoiak bizi izan ziren) hedatu omen zen barrualderantz, Bidasoa inguruko eskualdeetara, horiek betidanik izan baitute kostaldearekiko hartu-emana.

4) Bestelakoak
Deigarria da Lapurdiko kostaldean (eta baita Saran eta Zugarramurdin ere) panderu hitza agertu izana, erromantzeko hitzak ez baitauka inongo adiera hurbilik. Nolanahi ere den, aldaera honek Sara eta lapurtera kostatarraren arteko harreman sare sendoa erakusten du.

Hondarribiako kaldeiñ (< gazt. calderín?) mailegu moderno bat izango litzateke, Nafarroa Garaiko herri batzuetako kaldera bezala.

Orozkon balde hitza jaso izana itemaren ezohikotasunari (eta zehaztasun semantikoaren faltari?) egotzi diezaiokegu, galdara han ere ezaguna omen baita. Sartalde muturrean hala jazo da beste leku batzuetan.