Arazleak japonieraz

Arazleak japonieraz

Shibatani1-ren arabera bi arazle mota daude japonieraz: arazle sintaktikoak eta arazle lexikoak.

Lehengo multzoan -(sa)se– laguntzailea delakoaz (aditzari atxikita) baliatzen da. Aditz-erroa bokalez amaitzen bada, orduan -sase- eransten zaio arazlea egiteko; bestela, aditz-erroa kontsonantez amaitzen bada, -se- dugu atzizki arazlea, aditzoinari atxikita. Askoren ustez, saseru (eragin; -arazi) aditzetik eratorritako forma laguntzaileak dira atzizkiaren aldaera alomorfiko biak.

Bigarrenean, aditz iragankor soilak sartuko lirateke, baina euren kide iragangaitza dutenak eta, hurbiletik aztertuta, ia ihartutako atzizki arazle edo iragankortzailea erakusten dutenak. Multzo honetako aditzak lexikalizatuta daude, euskaraz –ra– artizkiak sortuak edo arazle isilaren bidez aurkezten zaizkigunak bezala (sartuirgg2 vs sartuirgk3; hilirgg vs hilirgk; etab.), aurrerago azalduko dugunez.

Dena dela, Shibatanik aitortzen du, zantzu guztiak ikusita, atzizki arazle eta iragankortzaile guztiak jatorri berberekoak direla japonieraz:

*-sase-:

Arazle sintaktikoak: -sase-4, -se-5.

Arazle lexikoak (iragankortzaileak): -as-6, -e-7, irregularrak8.

Hala ere, aurrerago aztertuko dugunez, sinkronikoki (sintaxian agerikoa denez) desberdinak dira sintaktikoak eta lexikoak.

Aditz-katean atzizki arazleak aditzoinaren9 alboan kokatzen dira:

ika-se-rare-Ø-taku-na-i

aruka-se-Ø-tsuzuke-ta-Ø-i

Aditzoina- Arazlea – Pasiboa – Aspektua – Nahia – Ezezkoa – Denbora

Espero izatekoa zenez, atzizki arazlea daraman aditz iragangaitz batek egile bat onartzen du.

(4a) otoko ga ik-u

gizon NOM joan-ORA

‘gizona doa’

(4b) onna ga otoko wo ika-se-ta

emakume NOM gizon AK joan-ARAZ-LEH

Jatorrizko perpaus iragangaitzean, (4a)-n, gaia subjektua zen, eta beraz nominatibo marka zeraman. Aditz arazlearen perpausean, (4b)-n, egilea (argumentu berria; arazlea) nominatiboan dago (subjektu iragankorra baita), eta gaiak (arazia), ostera, akusatiboko partikula darama.

Ez da, hala ere, aukera bakarra japonieraz, beste hizkuntzetan ez bezala.

Osagai araziak beste partikula ere eraman dezake: [ni]

(4c) onna ga otoko ni ika-se-ta

emakume NOM gizon DAT/AGT10 joan-ARAZ-LEH

(4b) eta (4c)-ren arteko aldea esanahian islatzen da.

(4c)-ren kasuan araziaren borondatea aintzat hartzen da, eta ez du ekintza behartuta burutzen; (4b)-n, ordea, araziak nahitaez egin behar du ekintza:

(4b) ’emakumeak gizona joatera behartu zuen’

(4c) ’emakumeak gizona joanarazi zuen’

Partikula hori ([ni]), nahiz eta fonetikoki datiboko partikularen berdina izan, Shibatanik perpaus pasiboetako agente partikularekin lotzen du (eta hortaz, nolabaiteko egiletasuna dauka osagaiak, ekintza borondatez egiten duela).

Aditz iragankorrei erreparatzen badiegu, ordea, atzizki arazleak sortutako aditz ditrantsitiboko perpausetan aukera bakarra dugu.

(5a) otoko ga hon wo yom-u

gizon NOM liburu AK irakurri-ORA

‘gizonak liburua irakurtzen du’

(5a)-n gizonak burutzen du ekintza, eta, subjektu iragankorra izanik, nominatiboko partikula11 darama japonieraz. Liburua, gaia dena, akusatiboko partikulaz markatuta dago.

(5b) onna ga otoko ni hon wo yoma-se-ta

emakume NOM gizon DAT liburu AK irakurri-ARAZ-LEH

’emakumeak gizonari liburua irakurrarazi zion’

(5a)-ko aditz iragankorra (読む[yomu]) aditz arazle bihurtzen badugu (読ませる[yomaseru]), orduan beste argumentu bat onartuko luke, aditz ditrantsitibo eginda: subjektu iragankorra, zehar objektua eta objektu/osagarri zuzena.

(5b)-n gizonak liburua irakurri zuen, baina emakumearen agindu, iradokizun edo gomendio batengatik. Osagai araziaren markapen morfologikoa zehatza da hau bezalako perpaus ditrantsitiboetan: beti datiboko partikula eraman behar du. (5c) adibideko perpausa ez-gramatikala izango litzateke, akusatiboko partikula erabilita.

(5c) *onna ga otoko wo hon wo yoma-se-ta

emakume NOM gizon AK liburu AK irakurri-ARAZ-LEH

Beraz, aditz arazle ditrantsitiboetan ezin da agerian adierazi araziak bere borondatearen aurka egin zuenentz ekintza, (4b) eta (4c) adibideetan ikusi dugun bezala.

Badirudi atzizki arazleek sortutako aditz iragankorreko perpausak konplexuak direla sakoneko egituran, eta, aldiz, berez iragankorrak (arazle lexikoak edo atzizki iragankoratzaileak dituztenak) direneko perpausak bakunak direla.

Horren islapena 自分 [jibun]12 izenordain bihurkariaren erabileran aurkitzen dugu. Izenordain hau perpaus baten subjektuarekin erreferentziakidea izan daiteke, ez bestelako osagaiekin.

(6a) otokoi wa onnaj ni jibuni/*j no shashin wo mi-se-ta

gizon TOP13 emakume DAT bere-buru GEN14 argazki AK ikusi-IRGK-LEH

‘gizonak emakumerari bere argazkia erakutsi zion’

(6b) otokoi wa onnaj ni jibuni/j no shashin wo mi-sase-ta

gizon TOP emakume DAT bere-buru GEN argazki AK ikusi-ARAZ-LEH

‘gizonak emakumeari bere argazkia ikustarazi zion’

(6a) adibidean 見せる [miseru] (erakutsi) aditz iragankorrak ez du perpaus konplexurik sortzen, eta horrenbestez, 自分 [jibun] izenordainak perpaus bakunaren subjektuari (gizona) egiten dio erreferentzia soilik, eta ezin da zehar objektuarekin (emakumea) erreferentziakidea izan.

(6b)-n, ordea, 見させる [misaseru] aditz arazle ditrantsitiboak sakoneko egituran perpaus konplexu bat gorde du, bi subjektu daudela: perpaus nagusikoa (gizona) eta menpeko perpausekoa (emakumea). Biak ala biak izan daitezke erreferentziakideak izenordain bihurkariarekin.

Ondorioz, japonieraren arazle sintaktikoak arazle perifrastiko bat izango balitz bezala jokatzen du (ingelesez aurkitzen ditugun have, make, etab. bezala).

Oharrak

1Shibatani (1990)

2IRGG: iragangaitza

3IRGK: iragankorra

4Adibidez, tabe-ru (jan) > tabe-Øsase-ru (janarazi).

5Adibidez, hanas-u (hitz egin) > hanas-a-se-ru (hitz eragin).

6Adibidez, nak-u (negar egin) > nak-as-u (negar eragin).

7Adibidez, ak-u (ireki) > ak-e-ru (ireki; irekiarazi); ir-u (sartu) > ir-e-ru (sartu; sartuarazi).

8Adibidez, och-i-ru (erori, jausi) > ot-os-u (bota, jaurti); su-ru (egin) > sa-se-ru (eragin), mi-ru (ikusi) > mi-se-ru (erakutsi).

9Shibatanik argudiatzen du atzizki hauek ez zaizkiola inoiz aditz-erroari zuzen eransten, aditzoin bati baizik. Adibideetan, *ik– eta *aruk- izango lirateke aditzerroak, ika- eta aruka- euren aditzoin ‘irrealisak’ izanik. Arazle lexikoak, ordea, aditz-erroari eransten zaizkio.

10AGT: agentea

11Topikoko partikula ere eraman lezake.

12neure/heure/bere/zeure burua

13TOP: topikoa

14GEN: genitiboa