Bigarren eta hirugarren graduko arazleak

Hizkuntza batzuetan hain da emankorra arazlea, non atzizkia behin eta berriro erantsi daitekeen, betiere argumentu berri bat gehitzen.

Turkiera da hizkuntza horietako bat.

Aditz iragangaitz bati lehenengo atzizki arazle bat erantsita iragankor egiten da, osagai arazlea agertuz. Bigarren aldiz eransten bazaio, ditrantsitiboa lortzen da, eta osagai arazleaz eta gaiaz aparte egile edo bitarteko bat sartzen da perpausean. Hirugarren aldia zilegi da turkieraz, nahiz eta oso ohikoa ez den; agertzen den laugarren osagai hori adjunktu gisa aurkezten da, vasıta (bitartez) postposizioaren bidez, eta bitartekoa adierazi nahi du. Laugarren arazlea erabat teorikoa da turkieraz, ez baita erabiltzen.

öl- (hil) > öl-dür- (erail) > öl-dür-t- (hilarazi) > öl-dür-t-tür- (erailarazi) > öl-dür-t-tür-t- (erailaraztea eskatu/agindu).

Pausoz pauso atzizki arazle berberak erabiltzen dira, ikustekoa denez: -dür- eta -t-. Beraz, ez dago bigarren edo hirugarren graduko atzizki berezirik.

Yukaghireraz, aldiz, lehenago erakutsi dugunez, lehen eta bigarren graduko atzizki arazle emankor desberdin daude. Bata –š-, eta bestea –čil’e-.

ewre (ibili) > ewre-š- (ibilarazi; gidatu; eraman) > ewre-š-čil’e (eramanarazi; ibiltzen utzi)

juø (ikusi) > juø-š- (erakutsi) > juø-š-čil’e (ikustarazi; ikusten utzi)

Ainueraz ere, bi arazle atxiki dakizkioke aditzari (16a) adibidean ikusi dugunez, baina oso arraroak omen dira halakoak.

Euskaraz arazle emankor bakarra dugu, eta gainera ezin da behin baino gehiagotan erantsi. Hortaz, agramatikala dira hauek:

*joanarazarazi

*ikustarazarazi

*adierazarazi

Ihartutako –ra– arazlea ere ez zen inoiz birritan erantsi (ez da *erarabili edo *erarakarri moduko aditzik).

Hala eta guztiz ere, arazle lexikoez baliatuta bigarren graduko arazle modukoak sortu ditzakegu:

ikusi > erakutsi > erakustarazi

ikasi > irakatsi > irakastarazi

ekarri > erakarri > erakarrarazi

hil > erail > erailarazi

Baina horietan benetan sinkronikoki emakorra den prozesua bigarren pausoa da.

Japonieraz ere antzera gertatzen da, bigarren graduko arazlerik ez baitago.

Arazle lexikoak, berez atzizki irregularrak eta ez-emankorrak dituzten aditz iragankorrak direnak, kontuan hartzen baditugu:

止まる[tomaru] (geldituirgg) > 止める[tomeru] (geldituirgk) > 止まらせる[tomaraseru] (geldiarazi)

見る[miru] (ikusi) > 見せる[miseru] (erakutsi) > 見させる[misaseru] (ikustarazi)