Hitz eslabiar batzuk errumanieran

Hitz eslabiar batzuk errumanieran

Errumania herri eslabiarrek inguratuta dago. Bulgariarrak, serbiarrak, eslovakiarrak, poloniarrak, ukrainarrak eta errusiarrak hurbil daude guztiak. Herri errumaniarraren hizkuntza uharte erromantze bat da mundu eslabiarrean. Gainera, eslabiera zaharra luzaroan izan zen hizkuntza liturgikoa elizkizun errumaniarretan.

Beraz, ez da harritzekoa errumanierak hitz batzuk eslabiarrengandik hartu zituela.

Hementxe horietako gutxi batzuk aurkeztuko ditugu. Hiru ardatzetan sailkatuko ditugu:

Maitasuna
Errumaniarrek ez dute beste hiztun erromantzeek bezala amare aditza erabiltzen maite izan adierazteko. Euren ahotsetan, aldiz, goxo-goxo entzungo genuke eslabiar jatorriko iubi aditza. 1. pertsona singularrean jokatuta, iubesc forma hartzen du; hori horrela te iubesc esaldiak “maite zaitut” esan nahi du.
Aditz hau erro indoeuropar zahar batetik dator; errusieraz любить [ljubit’] (1. perts. sg. люблю [ljublju]), alemanez lieben, ingelesez love, edota gaztelaniaz líbido hitzak sortu dituena.

Kontzeptu abstraktua izendatzekoa, berriz, beste erro baten oinordea erabiltzen dute: dragoste.
Hitz hau erabat eslabiarra da, bere jatorrian eta bere eraketan. Eslabiera zaharreko dorgъ [dorgŭ] > dragъ [dragŭ] dugu oinarrian; adjektibo honek ‘garestia’ edo ‘maitea’ esan nahi du, latineko cārus-ek bezala. Errusieraz дорогой [daragoj] daukagu, eta hainbat hizkuntzatan badauka bere isla (eslabiar guztietan, hungarieran ere bai). Errumanieraz drag (maitea) adjektiboa ere bada.
Izena eratzeko, halaber, atzizki eslabiar bat erabili da: –stь [stj], gaurko hizkuntza eslabiarretan gure -tasun atzizkiaren baliokidea izan daitekeena. Ez da, hala ere, emakorra errumanieraz.

 

Denbora
Denbora adierazteko ordain latindarra badute ere (lat. tempus > errum. timp), mailegu eslabiar bat ere badarabilte: vreme. Oso antzeko hitzak aurkitzen ditugu errusieraz время [vremja] eta bulgarieraz време [vreme].
Kontua da timp eta vreme hitz biek ‘eguraldia’ nahiz ‘denbora’ esan nahi dutela errumanieraz, baina elkarrengandik urrunduz esanahiaren aldetik bereizi dira eta gaurko erabileran timp ‘denbora’ da eta vreme ‘eguraldia’.

Bikoiztasuna beste hitz batean ere errepikatzen da. Hau da ‘ordua’ esateko izena: ceas [chas].
Hau ere errusieraz час [chas] da, baina pluralean, часы [chisi], erlojua da. Berez, beste hitz latindar bi badira errumanieraz: oră (ordua) eta oară (aldia, unea), biak ala biak latineko hōra-tik. Hala ere, erlojua esateko bereziki erabiltzen da ceas errumanieraz.

 

Salerosketa
Bukatze aldera, hitz ibiltari baten inguruan aritu beharko dugu: târg (merkatua).
Ekialdeko Europa osoan zehar hedatuta dagoen erro zahar batetik eratorrita, hitz hau eslabiarra edo balkanikoa izan daiteke. Argi dago hizkuntza eslabiarretan tŭrgŭ hitza eta enparauak dauzkagula (errusieraz torg, serbo-kroazieraz trg ‘plaza’), baina horretaz gain hizkuntza nordikoetara ere zabaldu zen: suedieraz torg, suomieraz turku (hitz zaharra eta hiri baten izena) eta tori (berriagoa).
Bere sustrai balkanikoen harira, ordea, albanieraz treg dugu eta Trieste hiri italiarraren izen zaharra: Tergeste. Hain zuzen ere, hizkuntza ilirikoan aurkitu omen daiteke hitz honen jatorria. Toponimo horren formari begira, berdin-berdina da Errumaniako Târgoviște eta Bulgariako Targovishte hirien izenekin.