Postposizio askeen zerrenda suomieraz

Postposizio askeen zerrenda suomieraz

Gaia nolabait jorratuta egon arren (ikus postposizioei buruzko hausnarketa hemen), suomieraren gramatikan barru-barruan dauden postposizioak betiere interesgarriak dira.

Euskaraz ez bezala, postposizio askeek onartzen duten osagarriak beti GENITIBO kasuan egon behar du (euskaraz, aldiz, noren, nondik edo zertaz onartzen dituzte).
Adibidez:
ikkunaN edessä = leiho(aren) aurrean
oveN takana = ate(aren) atzean
taloN kaukana = etxetik urrun

 

Postposizio askeak ez dira benetako izenak, ezta adjektiboak ere, baina izenkien ezaugarri gehienak partekatzen dituzte suomieraz eta euskaraz, atzizki berberekin deklinatzen baitira.

Hurrengo laburpen taula honetan euskara eta suomieraren arteko paralelismoa agerian dago.

Missä? (non) Mihin? (nora) Mistä? (nondik)
edessä (aurrean) eteen (aurrera) edestä (aurretik)
takana (atzean)  taakse (atzera)  takaa (atzetik)
vieressä (alboan)  viereen (albora)  vierestä (albotik)
oikealla puolella (eskuinaldean) oikealle puolelle (eskuinaldera) oikealta puolelta (eskuinaldetik)
vasemmalla puolella (ezkerraldean) vasemmalle puolelle (ezkerraldera) vasemmalta puolelta (ezkerraldetik)
välissä (artean) väliin (artera) välistä (artetik)
keskellä (erdian)  keskelle (erdira) keskeltä (erditik)
ympärillä (inguruan)  ympärille (ingurura) ympäriltä (ingurutik)
ääressä (ondoan) ääreen (ondora) äärestä (ondotik)
päällä (gainean)*  päälle (gainera) päältä (gainetik)
alla (azpian) alle (azpira) alta (azpitik)
luona (-gan, baitan) luokse (-gana, baitara) luota (-gandik, baitatik)
lähellä (hurbil, gertu) lähelle (hurbilera, gertura)  läheltä (hurbildik, gertutik)
kaukana (urrun, urruti) kauas (urrunera, urrutira)  kaukaa (urrundik, urrutitik)

*pää: burua

Hortxe suomierak dauzkan postposizio aske batzuen zerrenda. Ez dira guztiak, baina; eta postposizio aske guztiak ez dira kasu guztietan deklinatzen.

Esaterako,

jälkeen (ondoren, ostean)*

ruoaN jälkeen: bazkaldu ostean

palaveriN jälkeen: topaketaren ondoren

*jälki: aztarna, lorratza, arrastoa, zantzua

 

kuluttua (buruan, barru)

viikoN kuluttua: aste baten buruan, astebete barru

 

Gauzak horrela, badira bi eratara funtzionatzen dutenak, postposizio edo preposizio gisa. Preposizioak beti partitiboarekin suomieraz (partitiboari buruz hemen).

keskellä (erdian)

kaupungiN keskellä: hiriaren erdian

keskellä kaupunkiA: hiriaren erdian

 

lähellä (hurbil)

pöydäN lähellä: mahaitik hurbil

lähellä poytäÄ: mahaitik hurbil