“Vrrietaco lehenengo ylenean…”
Imajina ezazue XIII. mendean gaudela. Koka ezazue zeuen burua Arabako sartaldean. Uda gogor baten ondoren, udazkeneko egunak latz eta lehor datoz. Lautadako solo hustuak atzean utzita, Baia ibaiaren ibilguari jarraiki arroila estu bat aurkitzen dugu. Nekatuta gaude, baina ezin dugu atzera egin: gure mendekua aseko dugu, bizitzarekin ordainduta ere.
Testuinguru horretan idatzi dut XIII. mendeko Araba sartaldeko euskara deskribatzeko erabili ditudan hurrengo lerro hauek:
Vrrietaco lehenengo ylenean
Qvartango lurra ecusiric
zaldun nobleac armaacaz apaynduric
zaldiaren ganera ysçegoz
hasç osteeco landarretaric carran egian
haren asçinean Gibigio harratean
fatu balça esçadon evan
heben edugi çeçan eta
erioç segurua.Bataylea yrapaztea dau asmua
asabaen azcoea escoyean ebeniric
baia anagea ylic esçia
oherean jaigi eçina
asçen laztana emayten deussa
vici tristeoc.Orayndo gava yregi bageric
yretargia urten aurrerean
arrastegi beluan
eguna horrean joahela
axegari vati nola
ehiçor hanquerrac
bortiç ausigi çeçayoen
galçairuzco hagin çorrozacaz
horrelan torca ilhun baten
acabuco mingaza topadu.
Hemengo txio honetan (bigarrenean) entzun dezakezue:
— Asier 💢 (@AsierEurasiatik) August 3, 2020
Baina zertan oinarritu naiz balizko berreraiketa hori aurkezteko? Bada, Orozkoko euskara aztertuz Bizkaiko sartaldeko eta Arabako ipar-mendebaldeko ezaugarriak ezagutu ahal izan ditut, eta han topatutako ezaugarri bakoitza nondik hedatu zen zehaztu nahian, Bizkaiko eta Arabako sartalde osoan komunak izan ziren ezaugarriak lortu ditut. Eremu zabal horretan mendeetan zehar hizkuntz berrikuntzak hedatzen zituzten foku desberdinak egon zirenez, baztertu behar izan ditut Bizkaitik eta Aiaraldetik zabaldu ziren ezaugarriak, eta Lautadatik berandu irten zirenak ere bai.
Oro har, esan genezake XIII. mendeko sartaldeko euskara bakarra (hizkera berbera Bizkaian zein Araban, Bilboaldetik Kuartangoraino edo) arkaismoz jositako hizkuntza zela, baina Arabako berrikuntza goiztiar batzuk ere izango zituela.
Kuartango hautatu dut zeren eta toponimia zaharrari begira bere hegoaldean Gasteizekin ondo lotutako eremu bat zegoen (“Murielles” izenekoa), eta hortik hegoalderago erdal toponimoak dagoeneko XI. mendean nagusi ziren (“Ossingani” eta “Fornello” eskualdeetan). Kuartango Lautada ez bezalako eremu menditsua da, mendilerroen artean ezkutatuta. Gainera, Nerbioi ibaia, sartalde osoko ardatz garrantzitsua izan dena, non eta Kuartangon sortzen da, Aiaraldea igarota Bilboaldean itsasora isurtzeko.
Egia da testuan baliatu ditudan ezaugarri guztiak ez direla erabat garaikideak edo osorik koherenteak, baina saiotxo bat baino ez da izan. Hauexek testua osatzean aintzat hartu ditudan kontu batzuk:
- Urrieta (‘irail’): arkaismo lexiko bat da, gaur Orozko-Baranbion eta EHko ekialdean gordea.
- Lehenengo: jatorrizko forma, nahiz eta gaurko mendebaldean bigarren n-a disimilatu den: lelengo. Zaloako Erreguetan (Orozko, 1739) leelengo agertzen zen, bokal bikoitzarekin.
- Ilen (‘astelehen’): ez dakigu zehazki arkaismo ala berrikuntza den, baina Bizkaiko sartaldetik kanpo ez da beste inon aurkitu. Erdal lunes hitzaren etimologiari lotuta dago, alegia, ilargiari.
- Ekusi: ikusi aditzaren forma zaharra, eCVCi tankerako beste hainbeste bezalakoa. Laudioko XIX. mendeko testuetan lekukotuta. Gaurko Orozkon eta hegoaldeko Nerbioi Ibarrean ekusi > ekosi aldaera sortu da.
- –rik (ekusirik, apaindurik, hilik, ebenirik) partizipioak Euskal Herri osokoak izan ziren, nahiz eta gaur gehienbat Zuberoan erabili (gainontzeko hizkeretan –ta edo –a dago eta). XIX. mendeko mendebaldeko testuetan oso ohikoak ziren, eta gaur egun sartaldean horietako batzuek irauten dute. Orozkon bertan bizitasun handia daukate.
- Armaakaz: “izenaren amaiera + artikulua” batuketatik sortzen diren bokal bikoitzak gordetzea mendebaldeko arkaismo bat izan zen; –kaz soziatibo plurala hemendik dator: –ak artikulu plurala + –gaz soziatibo mendebaldarra (Gasteiztik hedatuta). Sartaldeko azpieuskalkiaren ezaugarria, gaur egun Arabako Legutioraino ere heltzen dena.
- Apaindu, bataila: euskara zaharrean erdaratik hartutako hots sabaikariak (apañado, batalla) desabaikaritzeko joera zegoen. Nafar erromantzean ere hots horietarako horrelako grafiak hobetsi ziren: in, il(l). Orozkoko euskarak gaur ere ez dauka bustidura automatikorik, beraz, arkaismo bat izan daiteke.
- Zaldiaren: geroagoko hizkeretan ez bezala, sartaldeko euskara zahar honetan GEN sg bere horretan mantenduko zen (-aren), bokal arteko –r– gordea. Bizkaiko euskara zaharrean –aen > –een > –en bilakaera egon zen, eta Arabako euskaran –an izan zen emaitzarik ohikoena.
- Gan- (‘gain’): Bizkaiko sartaldean ez ezik (Goikogane, Ganekogorta, Ibaigane…), Koldo Zuazoren ikerketaren arabera Araba sartaldeko aldaera ere izan zen (Zabalgana, Ganalto, Pagogan…).
- Itzego: Landucciren 1562. urteko Gasteizko hiztegian agertzen zen “cabalgar” adierarekin. Gaur egun Nafarroako Sakanan itzo formapean igo esan nahi du.
- Hatx: XI. mendeko Rejan oraindik Haizcoeta bezalako formak agertu baziren ere, nago XIII. mendean dagoeneko i(t)z > (i)(t)x (haitz > hatx) aldaketa mendebaldarra gauzatua zegoela.
- Ostee-: latineko post(e)-tik datorren izen-postposizio mendebaldar honek badirudi testu zaharretan bokal bikoitza zeukala. Gaurko Orozkon ostee– > ostei– eman du.
- Landarretarik: Orozkon dagoen landar hitza (‘erein gabeko zelaia’), seguruenez sartalde osoan zehar hedatuta egongo zen (Gasteiztik hurbil dagoen Landarraga mendia). –etarik ablatibo plurala garai batean Euskal Herri osoan erabili zen (egun ekialdean), Orozkon oraindik bere arrastoak gelditzen dira gaurko hizkeran.
- Karran egian (‘korrika egin zuen’): Bizkaiko sartaldean erabiltzen den lokuzio hau beharbada alboko hizkuntza erromantzetik mailegatua izan zen, kontuan izanda karra jatorri zeltikoko hitza dela. Hemen agertzen den egitura aoristo trinkoa da, ‘egian’ egin-en lehenaldiko forma perfektua baita (=egin zuen), euskara zaharrean ohikoa izan zen legez.
- Atxinean: nahiz eta gaur Ipar Euskal Herrian aitzin ‘aurre’ esateko baliokidea den, mendebaldean ere atxina (Orozkon bertan lekukotua) eta antxina existitzen dira, denbora balioarekin bada ere. Garai batean leku posizioari ere erreferentzia egingo zioten.
- Gibigio harrate: toponimoa (1257). Gaur egun Gillarte Kuartangon.
- Fatu: latinetik fatu(m) (eus. bat. patu, gazt. hado). F sartu dut Arabako euskaran oso arrunta izan zelako alboko erromantzeen eraginagatik edo.
- Balza: mendebaldean bezala belz > balz. Gainera, kontsonante ozenaren (l) osteko txistukari frikaria (z) mantendu dut, ez afrikatua (tz).
- Etxadon: itxaron aditzaren forma zaharra, antza denez. Errodrigo Zarateko baladan etxozu forma jokatua agertzen da. Orozkon etxon (< etxa(d)on) esaten da gaur.
- Euan: *edun aditzaren forma jokatua lehenaldian, hasierako z- gabe, mendebaldean bezala. Hemen erro bokalikoa gorde dut, jatorriz *eduan tankerako forma batetik datorrelako. Geroago eban kontsonanteduna izan da nahiko ohikoa testuetan (eta gaurko hizkeretan). Orozkon oraindik euan.
- Heben (‘hemen’): Landucciren hiztegian zein Lazarragaren eskuizkribuan agertzen den aldaera bakarra eben da (biak lekukotasun arabar zaharrak, XVI. mendekoak). Gaur Zuberoan erabiltzen da, baina forma zaharra da Euskal Herri osoan. Nik hasperena gehitu diot; horri buruz ikus beherago.
- Edugi, jaigi, iregi, ausigi: sartaldeko euskaran gaur arte gorde dira –gi partizipio zaharrak, nahiz eta Euskal Herrian beste edonon –ki berriagoa nagusitu den. Gaur euki da forma bakarra mendebaldean, Landucciren hiztegian dagoeneko lekukotuta. Mikoleta bilbotarraren eskuliburuan (1653) oraindik eugi dago.
- Edugi zezan (‘eduki zuen’): egitura hau aoristo perifrastikoa da, alegia, aditzoina + *ezan aditz jokatua. Euskara zaharrean erabat arrunta, leku guztietako testigantzetan. Leizarragaren Testamentu Berrian etengabekoak dira adibideak, baina Arrasateko Erreketa sartaldeko baladan ere ‘ez zenzan enpara’ moduko lekukotasunak daude.
- Seguru, asmu, akabu: guztiak mailegu erromantzeak izanik, asturleoneseraren –u amaiera hobetsi dut, Arabako euskararekin ukipen-egoeran egon baitzen.
- Batailea: mendebaldeko –a + –a > –ea disimilazio morfofonologikoa.
- Irapazi: sartaldean lekukotutako aldaera, Bilbon (RS, Mikoleta) eta Orozkon.
- Dau: *edun aditzaren forma jokatua, eus. bat. ‘du’. Pluralean daude ‘dute’ egon behar zuen Arabako sartaldean ere. Hemen aditz trinko moduan dago, aspalditik mendebaldean ohikoa ez den erabilera (eduki aditzaren formak baliatzen dira).
- Asabaen: Urduñako berba zerrendan (XVII. mende amaieran) agertutako hitza. Gainera, GEN pl –en hitzaren amaiera asimilatu gabe dago: –aen, ez geroagoko –en.
- Azkoea: gaztelaniaz azcona, ezpata txiki mota bat. Euskal ondareko hitza, hemen *azkona > *azkoa -> *azkoa + –a > azkoea formapean. Beharbada bokal sudurkariak izango zituen (azkõẽ).
- Esko(y)ea (‘eskuina’): seguruenez esku-on-etik eratorri behar dugu hitza, horrela edo: *eskuon(a) > *eskuoa > eskoa (Mikoleta) -> eskoa + -a > eskoea > eskoi(e) (Orozko). Beharbada bokal sudurkariak izango zituen (eskõã).
- Ebeni: ipini aditzaren forma zaharra. Sartaldeko testu zaharretan emini forma agertu bada ere (Zaloako Erreguetan), ibeni eta ebeni Ipar Euskal Herrian erabili dira. Hemen adberbioaren bilakaera ikusita, zilegi da testu honetan ipintzea.
- Baia (‘baina’): juntagailuaren sartaldeko aldaera. Beharbada bokal sudurkariak izango zituen (bãĩã).
- Anaje: sartaldeko aldaera lehenengo testuetatik. Errodrigo Zarateko baladan ere agertzen da. XIII. mendean oraindik ez zuen jota belarearen hotsa izango, beraz afrikatu ahostun (dx) ahoskatu dut, hots horren aurrekaria gaztelaniaz.
- Etxi: utzi aditzaren mendebaldeko forma zaharra, horrela aldatuta: *eutzi > *eitzi > etxi.
- Oherean, aurrerean, horrean: Mendebaldeko ablatibo zaharra –(r)ean.
- Atzen (‘azken’): sartaldeko forma, baina beharbada berrikuntza analogikoa da, jatorriz *hatz + –hen izan behar zuelako.
- Laztana: Urduñako berba zerrendan (XVII. mende amaieran) agertutako hitza.
- Emaiten: eman aditz-izenaren forma zaharra, Euskal Herri osokoa. Zaloako Erreguetan (Orozko, 1739) ere bazegoen.
- Deutsa (‘dio’): mendebaldeko berrikuntza dugu *edutsi aditz laguntzailea erabiltzea Nor-Nori-Nork sailean. Hemen proposatu dut dagoeneko XIII. mendean indarrean zegoela. Lehenengo testuetatik, ordea, deutso da lekukotu dugun forma ohikoena –a > –o aldaketa gauzatua.
- Tristeok: hemen berez existitzen ez den artikulu hurbil singular bat (-o + ERG –k) sartu dut.
- Oraindo (‘oraindik’): adberbio hau Orozkon ez ezik, Zigoitian, Legution, Lazarragaren eskuizkribuan eta Burundan dago lekukotuta, Araba sartaldean egon zela berretsiz.
- Bagerik: gabe-ren forma zaharra, metatesi gabekoa: *bade-ge (‘bat gabe’) > bage. Geroago mendebaldean -e > -a aldaketa jasan zuen: baga (Orozko).
- Iretargia (‘ilargia’): sartaldeko aldaera, baina baliteke oso zaharra ez izatea. Izan ere, Landucci-n zein Mikoleta-n irargia dago.
- Urten: mendebaldeko forma *egorten batetik. XIII. mendean nonbait oraindik *eurten izan zitekeen. Ez dut era iragankorrean jokatu, mendebaldean ohikoa izan den legez, berrikuntza bat delakoan.
- Arrastegi (‘iluntze’): arkaismoa. Ipar Euskal Herrian arrastiri erabiltzen da: arrats + hiri (‘hurbil’). Orozkon arrastei jaso dut.
- Belu (‘berandu’): mendebaldean nahiko orokorra, Refranes y Sentencias-etik (1596).
- Joahela (‘zihoala’): joan aditzaren forma jokatua lehenaldian, z-rik gabe, mendebaldean bezala, eta hasperena tartean jatorrizko aditza *johan edo izan baitzen.
- Axegari (‘azeri’): gaurko Orozkon axagari bada ere, Landucciren hiztegian axari zen eta Mikoleta bilbotarraren hiztegian azebari.
- Axegari bati nola: egitura hau Mikoletaren eskuliburutik kopiatu dut, ‘bezala’ erabili beharrean. Baliteke oso zaharra ez izatea, baina kontuan hartu behar da mendebaldean nola galdetzailearen ordez zelan hedatu zela, eta alde horretatik arkaismoa dugu mendebaldean.
- Ehizor: Euskal Herri osoan hor izan zen ‘txakurra’ esateko hitz orokorra (gaur oraindik Zuberoan dago). Refranes y Sentencias-en (Bilbo 1596) oraindik erabat arrunta zen. Hitz elkartuetan agertu ohi da, eta hemen nik ehiz-arekin lotu dut, susmoa baitaukat zakur aldaera hortik datorrela (*ehiza-hor > *za-hor > *zakor). Ehiza-or, ihiztor eta ihizor aldaerak lekukotuta daude. Erro berbera gaztelaniaren perro hitzean egon daiteke (eper-hor > perro(r)).
- Hankerrak: Refranes y Sentencias bilduman agertu zen adjektiboa (Bilbo, 1596), hanquer idatzita. Seguru aski *han (handi?) eta *ger (oker?) erroetatik dator. ERG pl –ak, Bizkaia, Gipuzkoa eta Araban bezala.
- Ausigi zezaioen (‘hozka egin zioten’): uzigi esanahi honekin Mikoletaren hiztegian agertzen da, baina Ipar Euskal Herrian ausiki da forma arruntena. Hemen berriro aoristo perifrastikoa daukagu, *ezan ditrantsitiboa baliatuz. Ez diot datibo ikur pleonastikoa (-i-) ipini (eus. bat. ziezaioten).
- Galzairu: Urduñako berba zerrendan (XVII. mende amaieran) kalzaiduba dago, Orozkon galtzaidu eta Otxandion galtzairu jaso da (OEH).
- Hagin: mendebaldean hortz esanahi orokorra dauka, dagoeneko Landucciren hiztegian.
- Horrelan: mendebaldean –la amaiera adberbialari –n atzizkia gehitu zitzaion oso goiztik. Hala ere, seguruenez XIII. mendea baino beranduago gertatu zen.
- Torka (‘zulo’, ‘sakan’): etimologia nabarreko erdal hitza (beharbada zeltikoa), sartaldeko euskaran troka formapean lekukotuta (Orozkon). Araba ondoko Valpuestako kartularioan (XI-XII. m.) dagoeneko agertu zen.
- Baten: mendebaldeko arkaismoa da –(e)n inesiboa erabiltzea bat hitzarekin, eta ez –ean mugatu singularra.
- Mingaza: Urduñako berba zerrendan (XVII. mende amaieran) agertutako hitza. Adjektiboa izanda ere, testuan izen moduan edo dago erabilita, euskara zaharraren joeran bezala.
- Topadu: garai batetik aurrera Arabako euskaran –adu/-idu amaiera zuten maileguak hasi ziren sartzen alboko erromantzeetatik, gainontzeko euskaran ohikoak diren latineko –atu/-itu ez bezalakoak.
- Lehenengo, hatx, haren, harrate, heben, ohe, hor, joahela, ehizor, hagin, horrelan, ilhun: Araba osoan hasperena egongo zen garai horretan oraindik, hitz hasieran, bokal artean eta kontsonante ozenen ostean. Baliteke hasperen sudurkaritua izatea, kontuan izanda gaurko hasperena ekialdean horrelakoa dela, eta mendebaldekoa desagertutakoan hitz batzuetan n kontsonantea berrezarri zela. Zalantza eduki dut ilen, eriotz, il hitzetan eta ez diet hasperenik jarri, gertakizuna galbidean egon zitekeelako. Dena dela, hauxe esan zuen Mitxelenak:
“Se diría, en resumen, que /h/, un día común a todas las variedades de la lengua, se ha conservado hasta bastante tarde en la parte occidental del país (Alava, Rioja, Vizcaya);”
Koldo Mitxelena, FHV 205. pic.twitter.com/vQ6nnr3sV4
— Asier 💢 (@AsierEurasiatik) August 4, 2020
Recent Comments